Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Xabat Illarregi garaile Gotaine-Irabarneko saioan

Zuzenean sailkatu da bigarren faserako, 676,5 puntu lortuta. Honela sailkatu ditu epaimahaiak gainerako bortz bertsolariak: Andoni Rekondo, Aitor Etxebarriazarraga, Unai Mendizabal, Onintza Enbeita eta Ekhiñe Zapiain.

Xabat Illarregi gaurko saioan. NATHALIE GUIRONNET
Xabat Illarregi gaurko saioan. NATHALIE GUIRONNET
Iratxe Muxika
Gotaine-Irabarne
2026ko urriaren 10a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain lau urteko ikusmira berbera egon da gaur Gotaine-Irabarneko Herriko gelan (Zuberoa): sei bertsolari prestu oholtzan, publiko bat bero-bero erantzuten, eta eserleku bakar bat ere ez libre. Nabaritzen zen tentsioa, nabaritzen zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aitzinera doala, eta gutxi falta dela aitzinera zer hamazazpi bertsolarik segituko duten jakiteko. Indartsu hasita eta are goitiago iristen jakinda, Xabat Illarregi nagusitu da (676,5 puntu) txapelketako azken-aitzineko saioan, eta zuzenean lortu du Lekunberrin kantatzeko txartela, urriaren 24an. Saio borobil bezain erregularra egiten asmatu dute denek, eta epaimahaiak ordena honetan sailkatu ditu irabazlea ez bertze bortzak: Andoni Rekondo (660 puntu), Aitor Etxebarriazarraga (641,5 puntu), Unai Mendizabal (631 puntu), Onintza Enbeita (624,5 puntu) eta Ekhiñe Zapiain (616 puntu). Edonola ere, zapore garratza utzi du saioak, ez direlako bat etorri puntuazioa eta entzuleen sentsazioa.

Ekhi Erremundegi Belokik gidatuta iritsi dira bertsolariak oholtzara, eta fin hasi dute saioa, erraterako, Etxeberriazarragak eta Rekondok. Laborariak izan dira, sindikatu berekoak, eta hartz populazioaren gorakadari begira aritu dira kantuan. «Ohartu zaitez, ez da lekurik/ gurean guztiontzako», bota dio Etxeberriazarragak, hartzaren kontrako neurriak hartu behar zituztela sinetsita. Eta kontra egin Rekondok; are, bilatu dio irtenbiderik auziari: «Itxitura bat egingo dugu/ urrun daitezen larretik/ beti baitago irtenbide bat/ eskopetaren aurretik». 

Ongi-ongi asmatu dute jarraian hiru bikoteek umorea egiten, eta Rekondo eta Illarregi izan dira horretan lehenak. Semea izan da Rekondo, eta Illarregi aitari adimen artifiziala zer den erakutsi dio duela ez anitz. Berriz topatu du pantailari zer egin galdezka: «Zer kozinatuko dut/ galdetuta xuabe/ ta frigorifikoan/ lau saltxitxa daude». Kolpez erantzun dio Illarregik: «Nahastu dut saltxitxa/ eta bizkotxoa/ sanoa ez da izango/ baina bai goxoa».

Puntu erantzunean inork goi bereizgarririk jo gabe, hamarreko txikira egin dute salto, eta han bai, han lortu dute entzuleen barneraino sartzea. Zapiainek eta Mendizabalek bereziki: pisukideak izan dira, eta hirugarren pisukideari erran nahi zioten harreman toxiko batean ikusten dutela. «Egin hitz eta eman/ besarkada epela/ jakin dezan gu biok/ berekin gaudela», hasi da Mendizabal. Eta borobiltzekotan, honela behar zuen: «Solastu behar gara/ hitzak hautatuta/ uler beza ez dela/ izan bere kulpa», erran du Zapiainek. 

Buruko ahotsak

«Harrapatu edo atzeman egin zenuen, baina momentuan ez zenion hainbesteko garrantzirik eman. Oraindik ere buruan itzulika darabilzu». Horixe zuten bakarka hiru bertso osatzeko gaia. Guraso baten larruan jarri da Etxebarriazarraga, eta esplikatu du zertan harrapatu duen semea lagunekin sakelakotik solasean: «Hondartzan lapurtutako/ herriko nesken toplessak/ pribatutik jasotako/ foto bidezko olesak». Habaneran josi ditu hiru bertsoak, eta semearekin izandako solasaldiak itxi du ipuina: «Buelta emateko beharraz/ ba ’barkatu’ esaiezu/ eginik ezin da aldatu/ baina aldatu zaitezke zu». 

Etxebarriazarragak nola, aita bat semeari kantuan irudikatu du Rekondok. Baina bertzelakoa izan du heldulekua: semearen urtebetetze besta. Xehetasunez kontatu du zer zebilkion buruan bueltaka: «Globo artean sumatu nuen/ sortzen ari zela xextra/ bertan semea topatzeraino/ lagun batetaz barrezka». Denbora pasatu ondotik gertakariari bueltaka, barne ahotsak hezur-haragitu ditu: «Umoreak non du muga/ ume jolastzat hartu genuen/ lehengo gertakari hura/ baina barnean ta kontzientzian/ iltzatuta geratu da».

Ongi hasi da kantuan Illarregi, baina, zalantzarik gabe, ganbaran egin du leher. Bikain aritu da nola gaiari erantzuten hala ipuina josten. Guraso rola ez, maisuarena hartu du, eta esplikatu hogei ikasletik bi sorpresaz hartu zituela behin: «Belarrira xuxurla/ egin zion kexan/ eta ederki dakit/ gustura har zezan/ entzun nahi zuen hitzik/ ez ziola esan». Jazarpenari kontra egitearen alde agertu da, sinetsita hori dela irakasle ona izatea, eta eman ziezaiokeen akaberarik borobilena eman dio bertsoaldiari: «Eskola denontzat da/ askotan diogu/ baina hitzari zentzua/ eman al diogu?/ Adeiengana noa/ nire hitz ta koru/ galde egingo diot/ ta ea zer modu/ laguntza behar duen/ berak esango du». 

Mendizabal izan da hurrena kantuan, eta txaloka jarri du Herriko gela osoa. Hiru bertso osatu ditu, eta hirurak ailegatu dira entzuleen barne-barneraino. Aita baten rolean jarri da, zeina semearengatik ari den sufritzen: «Berriro ere txuri kolorez/ zikindua du sudurra/ berriro ere ezetz esan dit/ berriro ere gezurra», kantatu du, hurbil eta goxo. Ikusitakoa burutik kendu ezinda, halaxe jarraitu du: «Egin banio, egin bagenu/ dena ahuntzaren eztula/ ohartu gara bai berak ta nik/ laguntza behar dugula». 

Arriskatu, eta ongi atera. Horixe gertatu da Enbeitarekin. Izarren hautsa doinua erabili du, doinu sorgina, eta ongi atera zaio. Etxera bueltatzean bikotekidea lotan aurkitu du Enbeitak, baina zerbaitek harritu egin du: telefonoan zeukan Tinder aplikazioak. Hari deus ez erratea izan zen momentuan hartutako erabakia, baina burua ez zebilkion isilik: «Baina ez nago barrutik lasai/ honek ez al du ezer esan nahi?/ pentsatuz hementxe nabil/ zenbatekin ote dabil?». 

Goxo kantatzerik badago, Zapiainek daki hori nola egin. 80 urteko andre baten larruan jarri da, eta kontatu azken borondateen papera orain urtebete iritsi zaiola etxera, baina zakarretara bota duela. Gaixotuta dago orain; gaixotuta eta nekatuta. «‘Nire ordua noiz ote?’/ buruak sarritan dio/ min honentzat ez baitaukat/ nahi adina erremedio/ hobe papera hartu eta/ sinatu banu dedio/ hola igual azkarrago/ iritsiko zen herio». Bulegora joatea erdietsi du azkenerako: «Eutanasia, hitz fina/ nahi dunari opa diot/ eginen dudan berdina/ guztiok merezi dugu/ heriotza bat duina». 

Bihar bertan jakinen da sailkapen orokorra nola geratu den, Agurainen (Araba) jokatuko baita fase honetako azken saioa, eta orduan argituko baita zer hamazazpi bertsolari pasatuko diren bigarren fasera. Agin Laburu Rezola, Aissa Intxausti Aburruza, Asier Azpiroz Iztueta, Gorka Pagonabarraga Agorria, Irantzu Idoate Funosas eta Nerea Elustondo Plazaola arituko dira bihar kantuan. 

Oraingoz, horrelaxe dago zerrenda: 

SAILKAPEN OROKORRA

  1. Miren Artetxe: 709 puntu.

  2. Maddi Ane Txoperena: 691 puntu.

  3. Saioa Alkaiza: 683 puntu.

  4. Julio Soto: 683 puntu. 

  5. Ane Labaka: 681 puntu.

  6. Aner Peritz: 679 puntu.

  7. Maddalen Arzallus: 677,5 puntu.

  8. Xabat Illarregi: 676,5 puntu.

  9. Aitor Bizkarra: 676 puntu.

  10. Oihana Iguaran: 672,5 puntu.

  11. Oier Etxeberria: 672,5 puntu.

  12. Xabat Galletebeitia: 672 puntu.

  13. Andoni Rekondo: 660 puntu.

  14. Eneko Araiztegi: 659,5 puntu.

  15. Maider Arregi: 659 puntu.

  16. Amaia Iturriotz: 651 puntu.

  17. Txaber Altube: 648,5 puntu.

Bi buelta izanen ditu bigarren faseak, eta 24 bertsolari arituko dira kantuan: lehen fasetik sailkatutako hamazazpiak, eta 2022ko txapelketako zazpi finalistak, irabazlea salbu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA