Laurogeitik gora lagun bildu dira gaur goizean Miarritzeko Kasinoan, frankofonian euskal dantza sustatzeko xedez. Saut de basque topaketa profesionalaren karietara, Etxepare Euskal Institutuaren eta Malandain Koreografia Zentroaren arteko aliantza estrategikoa kooperazio esparru bateratu eta egonkor bihurtu dute. Elkarlanaren berri emateko, Etxepare Institutuko, Miarritzeko Herriko Etxeko, Malandain Koreografia Zentroko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak elkartu dira. Bertzalde, dantzaren arloko konpainiak, sortzaileak eta programatzaileak ere bildu dituzte sektorearen egoeraz mintzatzeko.
Nagusiki, euskal dantzaren eta euskal artisten nazioartekotzea izan dute mintzagai. Euskal dantzak frankofoniara eramateko beharrezkoak diren baliabideez eta egiturez hitz egin dute bi erakunde antolatzaileek. Horrez gain, lankidetzarako baliabideak eta tresnak kontuan harturik, dantzarien ibilbide artistikoak eta sorkuntza egonaldiak antolatzeko beharra azpimarratu dute.
Bertzalde, euskal dantzaren sektorearen egungo eta etorkizuneko erronkez mintzatzeko, Arthur Barat Bilaka kolektiboko kidea, Martin Harriaga Malandain Koreografia Zentroko zuzendari berria eta Eneko Gil koreografoa gonbidatu dituzte. Ondotik, Bilaka kolektiboko kide batzuek dantza ikusgarria eman dute.
Dantzaren Maitaldiaz baliaturik, euskal artisten sorkuntzari, koprodukzioari, lankidetzari eta zabalkundeari babesa eman diote Yves Kordian Malandain Koreografia Zentroko zuzendariordeak eta Irene Larrazak, hots, Etxepare Institutuko zuzendariak. Dantzaren Maitaldian eragina du bi erakundeen arteko lankidetzak, zortzi euskal konpainia sustatzen baitituzte. Bertzeak bertze, Kukai taldea, Bilaka kolektiboa, Dantzaz eta Cie Projet Ra.re.
Epe luzerako estrategia
Luzera begira, euskal artistei laguntza integrala eskaintzeko xedea du aurkeztu lankidetzak. Zehazki, sorkuntza, ekoizpena, zabalkundea eta profesionalizazioa sustatuko dituzte. Aliantzaren bultzatzaileen ustez, Miarritze «funtsezkoa» litzateke euskal dantzak jauzi egin dezan frankofoniaren eremura. «Malandain Balleta Ipar Euskal Herrian egoteak aukera paregabeak eskaintzen dizkie sortzaileei eta konpainiei, Frantzia osoko zabalkunde sareekin konektatzen baitu». Horrela, Miarritze sarbide «naturala» izanen da frankofonian euskal dantzaren presentzia sustatzeko.
Ça colle au basque egitasmoaren parte izan da gaurko topaketa profesionala. Ekainaren 20an Etxepare Institutuak eta Malandain Koreografia Zentroak akordio bat sinatu zuten euskal kulturaren presentzia indartzeko eta sustatzeko, eta, hala, euskal dantza konpainiei aukera «paregabea» eskaintzeko beren lanak nazioartean zabaldu ditzaten.