begona del teso
Eppur si muove

Euskal ikara librea

2026ko azaroaren 6a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteartean beldurrezko euskal film laburren gala, zeremonia, akelarrea, deabruzko bilera infernuzkoa ospatu zen Donostiako Aste Nagusi ilunean, zeina, Gau Beltzaren bezperan, Norma Vila bilbotarraren Salitre ikarazko euskal film luzeaz hasi baitzen. Era berean, pasa den larunbatean, infernuzko suak hartua zen Antzoki Zaharrean, Imanol Olaldek Oihua! saria altxatu zuen burutik batere sano ez diren zaleen uluen artean. Oihua! zera da, euskarazko fantasiazko eta beldurrezko film laburren gidoi eta proiektuak bultzatzeko lehiaketa, Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Larrotxene Bideo elkarte-asanblada txit gorenak bultzatua. Ez da sari makala eskaintzen dutena, ez: ikus-entzunezko profesional baten aholkularitza, 10.000 eurorainoko ekoizpen-laguntza eta Larrotxene Bideoren tutoretza.

Imanolek Antxumeak aurkeztu zien bai epaimahaikideei eta bai, saria jaso eta gero, Antzoki Zaharrean (oraindik ere Bilintx zaintzaile eta zaindari duen eraikin mitikoa) bildu zen jendaia parekatuzko ezinari. Antxumeak folk-horror generoko pieza da. Zer esan nahi du horrek? Egileak bertako soroetan, bertako larreetan, bertako mendi, baso eta itsasertzetan bizirik dirauten kondairak erabiltzen, egokitzen, itxuraldatzen, gaurkotzen dituela. Antxumeak-en kasuan, emakume batek oihanean galduko du semetxoa. Desesperoan dagoenean, basoko lamina agertuko zaio. Laguntzeko. Edo. Zeren… folk-horrorreko lanetan, laguntza horrek bere prezioa du. Altua. Altua oso.

Euskadi Irratiko dozena bat gonbidatuk beldurraren inguruan egin zuten berba hiru ordu gozoz Viktoria Eugenia antzokiko marmolezko eskailera baten azpian. Psikologoek ere hartu zuten parte. Ahalegindu ziren gogor eta gogoz azaldu ezina dena azaltzen. Zergatik sentitzen dugu izua? Zergatik zaigu askori horren atsegin? Sarrakioa zergatik jotzen dugu hainbatek horren kitzikagarri?

Nire ustez, terroreak ezin du esplikaziorik izan. Nire ustez, horretan egiten dute porrot, kale, huts euskal film dexentek. Saiatzen dira beren istorioetako gaiztoak motibo serioz, pisuzkoz janzten. Har dezagun kasu Salitre bera. Alaba etxetik joan ez dadin edozer egingo lukeen emakume protagonistaren portaera justifikatzeko edo, habia hutsaren sindromea, bakardadea, isolamendua, tristezia gaindiezina erabiltzen ditu autoreak. Kontu bera Daniel Garaik eta Laura Barkinek aurkeztutako Azpian laburrean. Bi ahizpa laku ospel batean bainatzen. Zaleok ederki dakigu zer gertatu ohi den okasio horietan; derrigorrezkoa den bezala, ur sakonetan zerbait dago zure zain, hartuko zaituena, hondora eramango zaituena. Betiereko. Hemen ere, azalpen psikologikoa, ahizpen artean ohikoa suertatzen den lehia minsorra. Bere ahizparekin zituen zorrak ere kitatu nahi omen zituen Txileko Daniela Herrera Olivaresek Todes vamos a morir berean. Izatez, apokalipsi osteko zonbien historia dugu, Danielari zonbiak izugarri gustatzen zaizkiolako. Baina, esandakoa, oraingoan ere, seriotasunez jantzi behar filma.

Egia esatearren, beldur santu edo endemoniatuaren aurrean zale gehienok ez dugu zientzia azalpenik behar/nahi. Ez bederen fantasiazko bilkuretan. Izua izua da eta kito. Ederki eta aspalditik dakigu, esaterako, ama toxikoak existitzen direla. Hain zuzen ere, nire irudiko, denok gara elkarrenganako bastante toxikoak.

Nire ustetan ere, pauso bat aurrerago eman behar du euskal beldurrak: hautsi kateak! Esplikaziorik ez! Gaitza existitzen da. Gaitza gurekin dabil. Fantasia esplikaezina da. Izua, maiz, dibertigarria. Euskal Ikararen galan aurkeztu ziren horietako batzuk nirekin datoz bat. Adibidez, Happy egin duen Victor Basallote cadiztarrak. Berean panpina bat dago. Ikusi bezain pronto susmo eder eta gozoa dugu; jabea den neskatoari zerbait, zerbait larria gertatuko zaio. Victorrek esanda, beste genero guztien gainetik jartzen du beldurra zuzendari bezala. Zergatik? Hain zuzen ere, libreago, maltzurrago jo dezakeelako. Ez da Victor inori ezer esplikatu beharrean sentitzen. Antzeko jokatzen du Imanol Ortizek bere Hambre animazioan: bikote horren haur jaio berria odolez elikatzen da. Anomalo samarra ote? Depende.

Bi film horiek Gasteizko Orlok ekoiztetxeak dira babestuak.

Idatzitakoa, gora euskal beldur librea! Azalpenik ez, ez, ez!

'Salitre' filmak inauguratu zuen Donostiako Fantasiazko etaBeldurrezko Zinemaren Astea.
Salitre filmak inauguratu zuen Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA