Musikariak

Juantxo Zeberio eta Maddi Oihenart: «Euskal kantuaren arnasak batzen gaitu»

‘Lur’ diskoa plazaratu zuten iazko urte hondarrean Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok. Udaberrian hasi zuten kontzertuen bira, baina «kostatzen» ari zaiela diote. Tolosako Topic zentroan ariko dira bihar.

Juantxo Zeberio eta Maddi Oihenart, Angelun. PATXI BELTZAIZ
Juantxo Zeberio eta Maddi Oihenart, Angelun. PATXI BELTZAIZ
gorka erostarbe leunda
2026ko urriaren 8a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Angeluko (Lapurdi) adiskide baten etxe zaharrean ari dira kontzerturako azken entseguak taxutzen Maddi Oihenart (Barkoxe, Zuberoa, 1956) eta Juantxo Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1968). «Hementxe grabatu genituen kantuen oinarri gehienak, Maddiren ahotsa eta pianoa». Patuaren kontuak: etxeak Etxetxipia du izena, eta Zeberiok halaxe du bigarren abizena. «Bi abizenekin sinatzen ditut nire lanak, gainera». Eta etxearen atzeko sailari Lur deitzen omen diote ingurukoek, diskoaren izen berez, alegia. Aspalditxotik ezagutzen dute elkar. Ilhargi-min (2003) eta Baldi (2010) ziren orain artean elkarrekin osaturiko lanak. Tolosako Topic-en (Gipuzkoa) ariko dira bihar Lur (2025) aurkezten, 20:00etan. Oholtzan Angel Unzu gitarra jotzailea eta Miren Zeberio biolin jotzailea izango dituzte bidelagun.

Hilabete batzuk igaro dira diskoa atera zenetik. Zer bide egin du? Zer iritzi jaso duzue?

MADDI OIHENART: Nik ez dakit esaten, nahiko urrun gelditzen naiz, ze kontzertu edo emanaldien ondotik giro ona sentitzen da, jendea pozik. Baina gero ni berriz itzultzen naiz txoko honetara, eta, egia esan, ez dut aipatzen entzuten.

JUANTXO ZEBERIO: Bizi gara ez ikuskizunaren garaian, baizik eta espektakuluaren garaian. Eta niri ere gustatzen zait espektakulua, sukaldaritza ona bezala, eta ondo jatea bezala, baina... bakoitzak baloratuko du gure proposamena ona den, txarra den, egin dugun lanak merezi duen edo ez, baina konturatzen zara oso oihartzun txikia izaten dutela halakoek, kultur munduan ere bai. Ez du kritika bakar bat ere izan, ez on, ez txarrik. Maddik esan duen bezala, zuzenekoetan bai jaso dugu feedback-a, eta ikusten duzu kontzertu batek noiz funtzionatzen duen eta noiz ez, kantu batzuk noiz funtzionatzen duten edo noiz ez. Eta ikusten da baietz, funtzionatzen duela. Lehen kontzertua martxoan egin genuen; berez berri samarra da proiektua, baina asko kostatzen ari da kontzertuak ateratzea. Asko kostatzen ari da mugitzea, eta oihartzuna oso txikia da. Gustura esango nizuke kontrakoa, baina...

Espektakuluaren eta ekitaldien joera horrek kalte egiten dio Lur bezalako musika proposamen landu bati?

ZEBERIO: Hor gaude, hor bizi gara. Hau ez da kritika bat edo antzekorik Mitoaroa bati, adibidez. Nik asko estimatzen dut Pello Reparaz, eta uste dut norbaitek egin behar zuela hark egiten duena, eta bera da hori egiteko gai diren gutxienetako bat. Baina bai, egia da hori errealitate bat dela. Nik badauzkat inguruan artista batzuk —ez ditut izenak esango—, asko maite ditudanak euskal munduan, eta sentsazio bera dute. Orduan, gai konplikatua da. Gure kontzertuetara joan da jendea. Gure helburua ez da 10.000 pertsona joatea. Jendeak erantzun du egin ditugun bost kontzertu horietan. Baina gure inguruko euskal hedabideetan ez da kritika bat ere izan. Horrek harritzen nau pixka bat. Ez gara berriak, ezagutzen dugu mundu hau, eta ez gara horregatik izutuko. Baina bai, uste dut garai konplikatua dela, ez bakarrik guretzat.

«Globalizazioa eta mugak desagertzeak hurbilketa erraztuko zuela uste genuen, baina mundua beste norabide batean doa: gu geroz eta espainolagoak gara, eta haiek geroz eta frantsesagoak»

JUANTXO ZEBERIO Musikaria
Ipar Euskal Herriaren eta Hegoaldearen arteko ahaidetasuna nabarmentzen da sarri, baita kultur munduan ere, baina zinez ezagutzen al dugu elkar? Ba al dago elkar ezagutzeko interesik?

OIHENART: Ni berandu hasi nintzen kantuan, eta hasieran ezusteko handia izan zen Hegoaldeko jendea ezagutzea; gauza zenbaitetan oso antzekoak ginela jabetu nintzen. Hala ere, gure musika motak eta bizitzeko moduak oso desberdinak dira: gu kanpo salbaian bizi gara, eta haiek gehiago hirian.

ZEBERIO: Gai horrek ertz asko ditu. Gure kasuan, askoz gehiago jo dugu Hegoaldean Iparraldean baino; Iparraldean apenas aritu garen. Egia da Hegoaldean badela joera Iparraldeko kulturari halako exotismo bat emateko —pastoralak, maskaradak edo Maddi Oihenart bera ikustera joatea—, eta hori ez da ez ona ez txarra. Baina errealitatea da probintzianismo ikaragarri batean sartuta gaudela, baita Gipuzkoa eta Bizkaia artean ere. Globalizazioak eta mugak desagertzeak hurbilketa erraztuko zuela uste genuen, baina mundua beste norabide batean doa: gu geroz eta espainolagoak gara, eta haiek geroz eta frantsesagoak. Mikel Laboak zioen bezala, «txerokiak» gara, eta hori da errealitatea. Ez dut esango kontrakoa gertatzen ari denik, baina irudipena ez da gehiago hurbiltzen ari garela.

«Nirea intuiziozko kantagintza da, ez baitut musika ikasketarik egin. Neuk ez dakit kantatzen, ahairea jaso egiten dut nonbaitetik; bitartekari soil naiz»

MADDI OIHENART Kantaria
Non egiten du bat zuen musika jarioak?

ZEBERIO: Euskal kantuaren arnasak eta gure ibilbide luzeko harremanak batzen gaituzte. Niretzat, Maddiren ahotsa entzutea eta berarekin lan egiteko modua leiho oso berezi eta iraunkor bat irekitzea izan da. Musikari gisa oso gauza ezberdinak egin ditudan arren (rocka, saltsa, elektronika, klasikoa...), proiektu honek erronka polit bat dakar: nola lagundu Maddiren kantaerari, berez hain biluzia eta aberatsa den hori musikarekin ez hondatzeko. Jolas ederra da. Badakigu non egiten dugun bat; berak erritmo eta tempo oso pertsonalak ditu, eta gure lana da horren inguruan naturalki aritzea.

OIHENART: Nirea intuiziozko kantagintza da, ez baitut musika ikasketarik egin. Neuk ez dakit kantatzen, ahairea jaso egiten dut nonbaitetik; bitartekari soil naiz. Gure elkargunea Juantxok nire barneko jario hori moldatzen eta jasotzen jakitean datza. Hark dakarren piano edo taldeko babesak nire espazio naturaletik ateratzen nau pixka bat, deserosotasun puntu bat sortuz, baina era oso natural eta aberasgarrian egiten dugu.

a ala b

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA