Euskal kulturaren orainari eta geroari begiratzeko, Euskal kultura gaur eta bihar jardunaldia egingo dute Aretxabaletan (Gipuzkoa), Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen campusean. Huheziko Euskal Kulturaren Eragiletza Masterrak eta Kultur eta Sormen Industriak Graduak antolatu dute jardunaldia, eta bihar eta etzi egingo dute. Bi egunotan, askotariko hizlariak bilduko dira Ideienea aretoan, euskal kulturaren egoeraren eta erronken gainean elkarrekin gogoeta egiteko. Horixe baita jardunaldien asmo nagusia, Eneko Bidegain Huheziko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle eta ikertzaileak BERRIAri azaldu dionez: «Gure galdegai nagusia da zein diren euskal kulturgintzaren momentu honetako galdera garrantzitsuak eta etorkizun hurbilera begirako erronkak. Galdera horien erantzunen bila gabiltza gu urte osoan, eta, tarteka, halako topaketak egin nahi izaten ditugu. Batetik, egiten ari garenaren berri emateko, baita ikasleek egiten dituzten master bukaerako lanen ikerketak aurkezteko ere. Baina baita jendea gonbidatzeko ere galdera horiei beren erantzunak ematera, hipotesiak eta proposamenak egitera, eta ikuspegi edo arlo diferente horiek guztiak elkarrizketan jartzeko. Helburua hori da: elkarren artean joan gaitezen gure kezka eta galdera horiei erantzuten».Â
Bi ardatzi erreparatuko diete aurtengo jardunaldietan, egun bakoitzean bati. Hala, hezkuntzan euskal kulturaren transmisioa nola egin, horixe izango dute lehen eguneko hizpide nagusia. Zenbait mahai inguru eta hitzaldi egingo dituzte gaiaren bueltan. Baina ez da hizpide bakarra izango, arratsaldean euskal pentsamenduaren erronkei begira ere jarriko baitira beste mahai inguru batean. Bigarren egunean, berriz, kultur politikei erreparatuko diete bereziki. Musika industriaren inguruan arituko dira zenbait solasalditan, eta kultur politiken inguruan eztabaidatuko dute arratsaldean izango den mahai inguruan. Halaber, zenbait ikaslek masterreko amaierako beren ikerketa lanak aurkeztuko dituzte.Â
Aurten 50 urte bete ditu Huhezik, eta urte osoko egitaraua antolatu du urteurrena ospatzeko. Kultura izango da otsaileko gai nagusia, eta eskaintza akademikoan ere euskal kulturak leku berezia duela nabarmendu du unibertsitateak, ohar batean. «Bederatzi ikasturtez egin zen Euskal Kulturgintzaren Transmisioan aditu diploma, eta hazi hartatik sortu zen dagoneko hirugarrenez martxan den Euskal Kulturaren Eragiletza masterra». Masterreko jardunaldia laugarren urtez egingo dute asteon.
BIHAR:EGITARAUA
09:00. Ongietorria.
09:15. Etorkizuneko irakasleak euskal kulturan formatzen. Ibai Iztueta eta Idurre Alonso.
10:15. Sormena hezkuntzan, kultura biziberritzeko arnas. Arantxa Hirigoien, Izaskun Egilegor, Olaia Miranda eta Eider Perez. Moderatzailea: Onintza Etxebeste.
11:30. Atsedena. Kafea.Â
12:00. Herri-kultura Hezkuntzan: edukiak, balioak eta jarrera. Oier Araolaza, Mikel Artola, Haritz Garmendia. Moderatzailea: Jon Sarasua.
13:30. Etena.Â
15:00. Herri zapaldu baten kulturaren transmisioa Hezkuntzan; Kataluniako begirada. Julia Ojeda. Aurkezlea: Cira Crespo.
15:45. Euskal pentsamendua: aurrera begira zer?. Ana Urkiza, Markel Olano, Joseba Agirreazkuenaga, Iǹƒaki Zabaleta. Moderatzailea: Jon Mentxakatorre.
17:15. Kantaldia: June Iraola eta Olaia Castro.
ETZI:
09:00. Euskal kultura ‘salgai’?. Jon Basaguren, Amets Aznarez, Iǹƒigo Etxezarreta eta Aitor Servier. Moderatzailea: Sara Iriarte.
10:30. Elkarrizketa: Ximun Fuchs. Elkarrizketatzailea: Ane Zuazubiskar.
11:30. Atsedena. Kafea.
12:00. Mahai ingurua. Zein da Euskal Herriko musikagintzaren argazkia?. Thierry Biskari, Anne-Lise Arnaud, Ruth Manzano (Musika Bulegoa) eta Koldo Otamendi. Moderatzailea: Arkaitz Biain.
13:30. Etena.
15:00. Kultura-politikak eta herri-ekimenak. Jon Agirresarobe, Johaǹƒe Etxebeste, Karmelo Landa, Jaime Otamendi eta Agurtzane Aizpuru. Moderatzailea: Eneko Bidegain.
16:15. Programazio nazionalerako bideak. Naroa Etxeberria eta Asier Galarza.
16:45. Aiaraldea Ekintza Faktoriaren kultur eskaintza. Maider Ramirez eta Arkaitz Uranga.
17:45. Bakarrizketa: Idoia Torregarai.
Â