Musika

Euskal musika guztia bilduko duen plataforma bat garatu du BERRIAk: 'Musika Berria'

Musikariekin batera kudeatuko da, eta euskal musika entzuteko eta babesteko erreferentziazko gune digitala bilakatzea izango du helburu. Abenduaren 5etik aurrera egongo da erabilgarri, Durangoko Azokan aurkeztu ostean.

Gorka Erostarbe, Eneritz Dueso eta Pello Urzelai, BERRIAren Andoaingo erredakzioan. JON URBE / FOKU
Gorka Erostarbe, Eneritz Dueso eta Pello Urzelai, BERRIAren Andoaingo erredakzioan. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Andoain
2026ko azaroaren 16a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailetik badabil kanpaina bat sareetan. Zerbait berria iragartzen duen murmurra da, eta musikariak ditu aurpegi eta bozgorailu. «Musikaren aldeko mugimendu berri bat» aipatu zuten Ithaka taldeko kideek; «musikariok eta musikazaleok elkartuko gaituen zerbait», Olatz Salvadorrek; «gauza berri bat dator» eta «gure hizkuntzak musikan ere badu bere lekua», esan zuen Pisook; eta honela Lide Hernandok: «Abenduaren 5ean egitasmo berri bat aurkeztuko dugu Durangon». Bada, argitu da zer den zerbait hori: abenduaren 5ean BERRIAk plataforma bat jarriko du martxan; euskal musika guztia bilduko duen plataforma bat: Musika Berria. Jauzi horren bitartez, BERRIAk baliabide berri bat jarriko du euskal gizartearen eskura, eta, hala, «euskal kulturarekin duen konpromisoa berretsi eta sakondu».

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Musika Berria (@musikaberria)

«Badok izango du oinarri, baina proiektu berri bat izango da». BERRIAk 2009an jarri zuen martxan Badok.eus ataria, euskal musika guztia bildu eta ezagutarazteko asmoarekin. Ordutik hona, aurrerapausoak egin ditu proiektuak, eta orain arteko jauzirik handiena emango du aste batzuk barru: Musika Berria-k hartuko dio lekukoa, eta, teknologia aurreratuaren bidez, euskal musika guztia entzuteko, deskubritzeko eta babesteko aukera ere emango dio erabiltzaileari. «Euskal musika inoizko garairik oparoenean da, baina eskasago gabiltza hura ikusgai eta entzungai jartzeko orduan. Egoera horri egokituko zaion proiektu bat izango da Musika Berria», aurreratu du Gorka Erostarbe BERRIAko kazetariak.

Euskal musika guztia bilduko duen plataforma bat garatu du Berriak: Musika Berria

1.814 talde, 5.601 disko, 42.686 abesti eta 3.345 bideotik gora. Badok-ek, martxan hasi eta lehen urteetan, euskal musikari buruzko nolabaiteko «entziklopedia» lana bete zuen, taldeen eta bakarlarien informazio mordo bat bilduta. Bost urte egin zituen horrela, harik eta 2014tik aurrera kantuak entzuteko aukera ere eskaintzen hasi zen arte. Bideoak, kantu zerrendak eta bestelako edukiak gehitu dira gerora, eta, urterik urtera, «informazioa eta karga» handituz joan dira, Erostarberen esanetan. «Esan dezagun tripak nahasi samarrak dituela jada. Berritzeko beharra zuen, eta Musika Berria horri erantzun eraginkor bat emateko sortu da».

«Euskal musika inoizko garairik oparoenean da, baina eskasago gabiltza hura ikusgai eta entzungai jartzeko orduan. Egoera horri egokituko zaion proiektu bat izango da»

GORKA EROSTARBEKazetaria

Horretarako, baina, ez dute besterik gabe Badok berritu: hasieratik, proiektu berri bat sortzea izan da helburu, eta horren erakusgarri da musikariek eta musika taldeek modu autonomoan kudeatu ahal izango dutela euren edukia, hala nola kantuak, argazkiak, bideoak, kontzertuei lotutako informazioa, eta beste. Pello Urzelai BERRIAko IKT arduradunaren esanetan, «gero eta musikari independente gehiago dago», eta haientzako tresna bat ere izango da plataforma berria. Hala ere, kargatutako edukien gaineko edizio lana egingo du ondoren BERRIAk, eta, Erostarbek aipatu duenez, musikariek eskertu egin dute kudeaketa «hibrido» hori: «Horrek erraztasuna ekarriko du, gertuagoko harremanak izan daitezen bai gurekin eta bai entzulearekin, eta harreman horiek susta daitezen».

Eneritz Dueso aritu da proiektu berriaren koordinazio lanetan —musikaria ere bada, Eneritz Furyak du izen artistikoa—, eta nabarmendu du euskal musikaren irudi oso bat aurkeztuko duela Musika Berria-k: «Oihartzun pixka bat lortzeko moduak asko dibertsifikatu dira, eta entzuleengana ez da iristen, inondik inora ere, euskal musikaren irudi osatu bat. Areago, euskal musika genero gisa agertzen da plataforma askotan». Sakabanatuta dagoen argazki hori josita aurkeztea eta, bereziki, argazki horren ertz askotarikoak deskubritzeko aukera ematea izango da plataforma berriaren helburua. «Gero bakoitzak erabakiko du zer gustatzen zaion, zer entzun nahi duen, eta abar. Baina ahots horiek ez dira orain bezain barreiatuta egongo, eta mugimendua barnetik elikatuko du plataformak. Gustuko musikari batek beste bat deskubritzeko bidea eman diezazuke. Agian ez era kontzientean, baina elkarri laguntzeko modu bat ere izango da».

Aplikazioa bakarrik ez

Proiektua mamitzen aritu diren kideek Durangoko Azokako egitarauaren barruan aurkeztuko dute Musika Berria ofizialki —abenduaren 5ean, ostiralarekin—, eta ordutik aurrera egongo da edonorentzat eskuragarri. Xehetasunen berri orduan emango badute ere, aurreratu dute web bertsioa eta iOS eta Androiderako app-ak izango dituela euskarritzat. «Entzuleentzat, gehienbat, aplikazio bat izango da, baina zerbait gehiago ere bai. Streaming zerbitzu propioa izango du, eta hori da jauzi teknologikoaren parterik inportanteenetako bat», azaldu du Urzelaik. Halaber, azaldu du tresnak zerbitzari azpiegitura propioa izango duela, Euskal Herrian kokatuta egongo dena, «eta ez multinazional baten hodeian». Plataforma doakoa eta irekia izango da, baina funtzio aurreratuak erabili ahal izateko —gogoko edukiak gorde eta zerrendak osatu, esaterako— beharrezkoa izango da erregistratzea.

«Oihartzun pixka bat lortzeko moduak asko dibertsifikatu dira, eta entzuleengana ez da iristen, inondik inora ere, euskal musikaren irudi osatu bat»

ENERITZ DUESO'Musika Berria'-ren koordinatzailea

Mugitzen gaituzten doinuak edukiko du lelotzat plataformak, eta zaleen, musikarien eta BERRIAko komunitatearen arteko «hirukiari» erreferentzia egiten diola aipatu du Duesok. «Badok-ena Euskal musikaren ataria zen, eta hau gertukoago ideia bat da, eguneroko bizitzan egon nahi duen plataforma bat izango da eta».

Hari horri heldu dio Erostarbek ere, eta funtsezkotzat jo ditu «komunitate» eta «ekosistema» kontzeptuak. «Lehen ere saiatzen ginen eta orain ere saiatuko gara aparteko hierarkiarik gabe aurkezten musika guztia, musikarien eta entzuleen arteko komunitate hori indartzeko. Hala ere, eta agian paradoxa polit bat da hau, bilgune hori izateko bokazioa dagoen bezala, kazetaritza ere egongo da, eta horrek, nolabait, galbahe lan bat ere egingo du». Musika entzuteko bideak ez ezik, musikaz irakurtzeko edukiak ere egongo baitira plataforman. «Badok-en beti azaldu dira kronikak, kritikak, elkarrizketak... baina orain indartu egin nahi dugu aldizkari izaera hori. Entzuleari pista batzuk emango dizkiogu ikus dezan zer ari den mugitzen, nola, zergatik, zer korronte dauden eta zer debate azaltzen diren musikaren munduan».

Norabide askotako elkarlana

Asmoa lehenagotik bazetorren ere, azken urteetan eman ahal izan diote forma eta bultzada plataforma berriari. «Gauzak ondo egiteko, inbertsio handia behar da, eta inbertsio hori egiteko aukera ikusi denean abiatu da proiektua», azaldu du Urzelaik. Beste lau hedabiderekin —Euskalerria Irratia, Euskal Irratiak, Kanaldude eta Hamaika telebista— eta Elhuyarrekin batera, Sarebide proiektuaren parte da BERRIA —euskal hedabideen saretzea eta berritze teknologikoa ditu ardatz—, eta elkarrekin Poctefa diru laguntza eskuratu ostean lortu dute Musika Berria diseinatzeko eta teknologikoki garatzeko finantzaketa.

«Musikariak hasiak dira edukiak igotzen. Bide progresibo bat izango da; gero eta jende gehiagorengana iritsiko da, eta etorkizuna ere hori izango da: amaituko ez den prozesu kolaboratibo bat»

PELLO URZELAIBERRIAko IKT arduraduna

Behin proiektuaren hezurdura osatuta, prozesuaren parte inportantea izan da BERRIAren komunitatearekin eta, bereziki, musika munduko eragileekin egindako kontraste lana. Diskoetxeen, musikarien, managerren, adituen eta zaleen iritziak jaso dituzte, eta uztailean aurreproiektuaren aurkezpen bat ere egin zuten Martin Ugalde kultur parkean, musikari talde handi baten aurrean. «Xerpa talde bat ere antolatu dugu, kontraste talde moduan, prototipoa, baldintzak eta beste ikus zitzaten», aipatu du Duesok.

Orain, zenbait musikari hasiak dira kontuak sortzen, edukiak plataforman jarri eta kudeatzeko. «Musikariak hasiak dira edukiak igotzen. Bide progresibo bat izango da; gero eta jende gehiagorengana iritsiko da, eta etorkizuna ere hori izango da: amaituko ez den prozesu kolaboratibo bat», esan du Urizarrek. Profila sortu nahi duten musikari eta taldeek ondorengo estekaren bitartez egin dezakete: https://www.musikaberria.eus/musikarientzat

Badok-en aldean, beste aldaketa bat ere egongo da Musika Berria-n. Euskara hutsean ez diren diskoetako erdarazko kantuak agertu, agertuko dira, baina ezingo dira entzun. BERRIArekiko integrazio handiagoa lortzea ere bada asmoa, izenetik hasita. «Bien arteko lotura bistaratu nahi dugu, ze Badok-ekin, zenbaiti kostatu izan zaio ikustea. Guk bagenekien barrutik sortutako proiektu bat zela, baina gero ia modu autonomoan jokatu du urte askoan», adierazi du Erostarbek.

Plataformaren aurkezpen xehearekin batera, egun osoko egitaraua ere izango da abenduaren 5ean, Durangoko Azokan. Kontzertuak, diskoen azalen gaineko tailer bat, mahai inguru bat eta beste egingo dituzte, eta hilaren 7an, astelehenean, Musika Berria kontzertua ere izango da Plateruenan; Verde Pratok, Silitiak eta Malakiasek parte hartuko dute.

abenduaren 5

11:30. Aurkezpen ofiziala azokan.

12:40. Nize talderen kontzertua.

13:10. Diskoen azalera tailerra, Xerra estudioarekin.

14:10. DJ Ines.

16:10. Pisoo taldearen kontzertua.

16:40. Periferia gure musiketan mahai ingurua. Gidaria: Gorka Erostarbe.

17:30. Ithaka taldearen kontzertua.

18:00. Entzule kluba: Eñaut Elorrieta, Ibil Bedi, Dupla eta Zea Mays. Erika Olaizolak eta Miren Gaztañaga aurkeztuta.

19:00. Kantu Bitan: Asgarth, Izaki Gardenak, La Basu eta Janus Lester. Erika Olaizolak eta Miren Gaztañaga aurkeztuta.

20:00. Kaleko emanaldia: Broken Brothers Brass Band.

Abenduaren 7a. Musika Berria kontzertua: Verde Prato, Silitia eta Malakias.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA