Badago zentsua. Gaur egun gutxienez 303 poeta ditu euskarak bizirik. Horiek dira, behintzat, euren izenean liburu bat daukaten euskal idazleak gaur egun, iraileko lehen asteetan egindako kontaketaren arabera. Literaturaren Zubitegian bildutako datuez gainera, autoeditatutako beste liburu batzuk ere kontuan hartuta lortu du datua BERRIAk. Lan guztiak zenbatuta, 740 tituluren bueltan kaleratuta dauzkate idazle horiek. Horrek esan nahi luke euskal poeta bakoitzak batez beste 2,4 poesia liburu argitaratzen dituela, baina kontuan hartzekoa da beste datu bat ere; izan ere, aipatutako 303 idazle horien artean, erdiak baino gehiago dira orain arteko ibilbidean poema liburu bakarra dutenak: 158, zehazki. Nagusiki liburu bakarreko poeta da euskal poeta garaikidea, beraz. Horrez gainera, nagusiki gipuzkoarra ere bada —gipuzkoarrak dira poeta horien %47— eta gizonezkoa —zerrendako hamar poetatik zazpi baitira gizonak—, nahiz eta balitekeen belaunaldi berrietan joera hori aldatzen hasi izana ere. Baina ez dira gutxi datu gordinez harago jo eta azken urteetako poesiaren nolakotasunari ere erreparatu dioten ikerketak.
Eta, beraz, hori da galdera: oraingoz nolakoa izan da euskal poesia XXI. mendean?
Azken urteotan, hainbat saiakera izan dira galdera horri erantzuteko. Juanjo Olasagarre idazleak, esaterako, Bideko hitza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019) osatu zuen Alai argitaletxearentzat, eta, XXI. mendeko lehen bi hamarkadetaraino luzatu zuen atzamarraren punta, 2019. urteko argitalpenak ere kontuan hartuz. Izaskun Gracia Quintana ere antzera heldu zen azken hamarkadotaraino Balea Zuria argitaletxearentzat ondutako Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko antologiarekin. Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez-Miñambres ikerlariek ere azken urteetako joera poetikoei buruzko hitzaurre analitikoa osatu zuten Bidea eta zauria. Sei poeta (2000-2019) antologiarako (Balea Zuria). Eta, liburu modura argitaratutako lan horietaz gainera, esanguratsua da Iratxe Retolazak Euskaltzaindiaren Irailekoak jaialdirako prestatutako ikerketa ere. 2000tik aurrerako poesiaren ekarpena izan zuen hartan ikergai, eta 2022ko argitalpenak ere kontuan hartzeko moldatu zuen azterketa. Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak izendatu zuen artikulua.
Eta lan horietan guztietan badira behin baino gehiago agertzen diren hainbat ideia. Poesia argitalpenek kuantitatiboki gora egin duen arren, poesiaren balioaren gainbehera sozialaz mintzo dira egileetako batzuk, esaterako.
Hiru belaunaldi
Kuantitatiboki argia baitirudi goranzko joerak. 2020an, esaterako, bizirik ziren 247 poeta zenbatu zituen BERRIA egunkarirako Mikel P. Ansa kazetariak. Literaturaren Zubitegia webguneko datuak kontuan hartu zituen horretarako, eta haiek egindako argitalpen ekarpenari ere erreparatu zion: orduan, 611 liburu zenbatu zituen guztira, eta hamarkadaz hamarkadako goranzko joera batekin lotzen zuen datua artikuluan. Izan ere, haren arabera, 1970ean berrogei bat idazlek kaleratu zuten poesia libururen bat. 1980ko hamarkadan, 83 izan ziren. 1990ekoan, 80. 2000koan 122. Eta 2010ekoan, azkenik, 128. Eta, belaunaldi baten definizioa ezin irristakorragoa izan daitekeela onartuta ere, kazetariak ondorioztatu zuen euskaraz poesia argitaratzen ari ziren hiru euskal poeta belaunaldi bazirela.
Datuez gain, ordea, 2020ko BERRIAko artikulu hark Jose Luis Otamendi, Castillo Suarez eta Tere Irastorza poeten gogoetak ere biltzen zituen. Eta, hain zuzen ere, generoaren zentraltasun galeraz aritu zen Irastorza. «1936 ingurutik aurrera gertatu zen aldaketa, eta, Franco hil ondoren, literatura modernotzat nobela hartu zen; hori, eta giro urbanoa. Horiek izan ziren bi ardatz oso inportante eta beharrezkoak, euskara identifikatzen zelako baserri eta itsaso inguruko herriekin. Baina olerkiaren esparrua galdu zen: gure garaian ematen zuen hizkuntzaren aldeko borroka narratzaileena zela. Herri garatu gabeen literatur generotzat hartzen zen poesia».
Bazterrekotasun hori askatzailea ere izan zitekeela defendatu zuen Retolazak, ordea, 2022an Irailekoak jaialdirako prestatutako ikerketan. «Genero prestigiotsuena eta kanonikoena ez izateak onurak ere ekarri dizkio poesiaren eremuari milurteko berrian. Hau da, begirada kritiko-arauemaile batek bizkarra emateak bazterreko begiradak, ikuspegiak eta galderak sortzeko genero literario emankor egin du». Eta, hurrengo urtean bertan, Harkaitz Cano idazleak poema bilakatu zuen ideia hori bera, Ulu egiteko bolondres bila olerki liburuko kontrazalerako (Susa). «eskerrak/ inork/ ez dien/ poetei/ kasurik/ egiten// horri esker/ aske dira/ nahi dutena/ idazteko// baita/ poesia/ ez diren/ gauzak/ egiteko/ ere».
Poeta aitzindariak
XX. mendeko euskal poesiagintzari eskainitako berrogei aleko bilduma osatu zuen Koldo Izagirre idazleak. XX. mendeko poesia kaierak deitu zuen proiektua, eta Susa argitaletxeak eman zuen argitara. 64 orriko liburuxkak dira guztiak, eta bildumarako hautatutako poeta bakoitzaren poema sorta bat ez ezik, egile bakoitzaren poetikari buruzko hitzaurre jantzi eta mamitsua ere biltzen du liburuki bakoitzak. 2000. urtean abiatu zuten proiektua, eta 2022an eman zuten amaitutzat. Tarte horretan, guztira berrogei poetaren 1.119 poema bildu zituzten. Nikolas Ormaetxea Orixe da haien arteko zaharrena, eta Juanjo Olasagarre, Iñigo Aranbarri eta Luis Berrizbeitia, berriz, gazteenak, hirurak ere 1963an jaiotakoak baitira.
Poesiak euskal literaturan izandako zentraltasuna eta garrantzia nabarmendu zituen Izagirrek bildumaren aurkezpenean, garai hartan Egunkaria-n argitaratutako artikuluan biltzen denez. Izagirre: «Poetak izan dira oro har, gure literaturari aitzinamendua ekarri izan diotenak», azaldu zuen. «Etxeparerengatik izan ez balitz gure literatura ez zen XVI. mendean hasiko, baizik eta XVII.ean, eta Oihenart izan ez bagenu, hutsean pasako zen mendea, Axular eta guzti, XVIII.a bezalaxe, eta XIX.ean hasiko zuen Etxahun izeneko batek. Hiru izen horietan finkatzen da gure literatura zaharra. Hona beste hiru: Lizardi, Mirande, Aresti. XX. mendeko literatura ere poesiak du markatu».
Baina adituen hitzetan, baliteke XXI. mendea bestelakoa izatea.
XXI. mendeko euskal poesia «habitat oparoa» dela aipatu zuen Retolazak bere ikerketan, eta idazleen sexuari ere erreparatu zion habitat horren nolakotasuna ulertzeko. Eta, hain zuzen ere, besteak beste, horregatik aipatzen du 2000. urtea mugarritzat. Ikerlariak zehazten duenez, urte hartan zortzi poema liburu bakarrik argitaratu baziren ere, emakumeek idatzitakoak zirelako haietako bost. Urte hartan liburua argitaratu zuten poeten %62,5 ziren andrazkoak, beraz, eta, Retolazak nabarmendutakoaren arabera, horrek «irauli» egiten zituen ohiko estatistikak, ordura arte %20ko portzentajearen bueltan ibili baitziren.
Norabide berriak
Baina, Retolazaren ustez, urte hartakoa ez zen aldaketa portzentual soil bat izan. Haren ustez, urte hartako lanek «poetika ikuspegi berritzaileak» eta «norabide berriak zedarritzeko aleak» ekarri zituzten. «Humus berri bat» ezarri zutela, alegia. Eta ikertzaileak bost liburu izendatu zituen horren frogatzat: Luigi Anselmiren Gure ametsen gerizan (Pamiela), Miren Agur Meaberen Azalaren kodea (Susa), Juanjo Olasagarreren Puskak biziz (Susa), Tere Irastortzaren Izen gabe, direnak. Haurdunaldi bateko kanthoriak (Pamiela) eta Castillo Suarezen Mugarri estaliak (Susa); bakoitza bere tonu propioarekin, baina guztiak ere zaurgarritasunarekin eta berrizendatze gosearekin uztartutakoak.
Aldaketa orokor bat ere aipatzen du Retolazak bere ikerketan. «XX. mendearen azken herenean euskal gizartea zeharkatu zuten zenbait gatazka paradigmaz aldatu dira XXI. mendearen lehen hamarkadan zehar». Besteak beste, haien artean aipatzen ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministaren biziberritzea, LGTB kolektiboen indartzea, ETAren desarmatzea, hizkuntz gatazka ikusezinago egitea, ekologia eta klima krisia, bai eta migrazio mugimenduek sortutako erronka berriak ere. Eta, ikerlariaren hitzetan, paradigma aldaketa horrek auzitan jarri ditu 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sendotutako imajinarioak, bai eta poesiaren esparruan bertan ere.
Haren hitzetan, horregatik azaldu dira halako indarrez deserrotzeari buruzko eta noraezean jarduteari buruzko irudiak azken urteetako poesiagintzan.
Gizonezkoen nagusitasuna
«Kaleidoskopioa». Izaskun Garciak hitz horrekin definitu zuen XXI. mendeko lehen hamarkadetako poesia Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko izeneko antologiaren hitzaurrean. Hartan onartu bezala, antologia oro «behatxulo bat» besterik ez da, autorearen ustez, baina, hain zuzen ere, begirada zabaltzea izan zuen helburu. Horregatik, zortzi emakumezko poeta hautatu zituen bildumarako. Liburuaren hasieran zehaztutakoaren arabera, historikoki zailagoa izan baitute emakumezkoek literaturaren apalategietara heltzea. Eta egungo datuei erreparatuta, oraindik ere hala dela dirudi. Izan ere, Literaturaren Zubitegian zenbatutako poeta bizien artean, oraindik ere nabarmen gehiago dira gizonezkoak. %70 inguru.
Esanguratsua da poetarik gazteenei erreparatzea, halere. Sara Uribe-Etxeberria da zerrendako poetarik gazteena. 2005ean jaio zen, eta iaz eman zuen argitara Kuntzak eta kerak poema liburua, Balea Zuria argitaletxearekin, DK Donostia Kultura poesia saria irabazi eta gero. Harekin batera, gaur egun, 30 urtetik beherako beste hamalau poeta ere badaude euskal poeta bizien klubean, eta, zerrendako hamabost poeta gazte horien artean, bost baino ez dira gizonezkoak.
Literatur Zubitegia atariko datuak izan zituzten kontuan Jon Kortazarrek eta Paloma Rodriguez-Miñambres ikerlariek ere Bidea eta zauria. Sei poeta (2000-2019) liburuko hitzaurrea osatzeko orduan. Baina datuei erreparatuta, goraldian irudikatu beharrean beheraldi betean deskribatu zuten generoa. «Poesia atzerabidean dagoen generoa da euskal literaturaren sisteman».
Sinbolikoa, bazterrekoa
Gutxi-asko, Irastortzak aipatuko tesia da Kortazar eta Rodriguez-Miñambresena ere. Haien hitzetan, zenbait poetak «esanahi sinboliko handia» izan baitzuten frankismoa erori artean, baina, euskarazko hezkuntza eta kultur azpiegiturak normalizatuz joan ahala, nobelagintzak hartu zuen gaina. «Gogora dezagun egoera berri hartan merkatuak, lehendabizi, eleberriak eskatzen zituela, eta, modu neurritsuagoan, ipuin liburuak. Argitaletxe nagusiek poesia liburuen kopuru txikia plazaratzen dute. Neurtua dute poesiaren agerpena eta, gehienetan, bi edo hiru liburu ateratzen dira urtero argitaletxeko. Horrela, argitaletxeen politiken arabera, poesiaren edizioa sinbolikoa izan da, eta, batzuetan, bazterrekoa».
Bada Kortazarrek eta Rodriguez-Miñambresek nabarmentzen duten beste datu bat ere: liburu bakarra kaleratu duten poeten ugaritasuna. Haien hitzetan, ordea, ez da Euskal Herriari soilik dagokion zerbait. «Ez da arraroa literatura sistema minorizatuetan ibilbiderik gabeko idazleen presentzia. Alderantziz, ugariak dira liburu bakarra (edo bi) argitaratu ondoren desagertzen diren idazleak». Euskal Herrian bezala, egileek diotenez, antzekoa da galiziar literaturaren egoera ere, eta, horregatik, «konstantea» ez ezik, «sistematikoa» ere bada liburu bakarreko egileak izatea. «Idazlea animatu egiten da eta lan bat argitaratzen du. Edo bi. Eta utzi egiten du, edo beste literatura genero batera pasatzen da. Edo euskararen esparruan hasten da lanean: bertsolari, irakasle, itzultzaile, edo beste maila bateko proiektu kulturalez arduratzen da… edo taberna bat irekitzen du».
Oraingoz, edonola ere, 2026ko irailean, 303 poeta bizirekin, 700 poesia liburu baino gehiagorekin, eta interesdun irakurle multzo batekin, euskal literaturak poesiaren atea zabal-zabalik duela jarraitzen du XXII. menderainoko bere ibilia, bazter samarretik akaso, arreta handirik bereganatu gabe, baina aurrerantz, Lizar Begoña poetak Gepardo japoniarrak liburuan (Susa) bildutako Gordetakoa olerkian deskribatu bezala: «Gorde sekretu txiki bat/ emaiozu jaten/ egiozu ohe bat/ zaindu egunero/ nagusitzen ikusiko duzu».