Galesko Eisteddfod Nazionala jaialdiak hizkuntza, sormena eta komunitatea uztartzeko helburua izan du historikoki, eta, zehazki, 850 urtez eutsi diote dema horri. Wales Arts International erakundeak antolatzen du jaialdia, eta, urteurrena ospatzeko, aurten gonbidatu berezi batzuk izango dituzte: hizkuntza gutxituetan eta hizkuntza indigenetan lan egiten duten jaialdiak, kultur eragileak, artistak eta hizkuntza transmisioan diharduten profesionalak. Eta, horren guztiaren tartean, Loraldia izango da. «Gonbidapen hau aitortza bat da Loraldiarentzat, baina batez ere aukera bat: euskaraz sortzen den kulturaren esperientzia partekatzeko, beste hizkuntza gutxitu batzuen errealitatea ezagutzeko eta etorkizuneko lankidetza posibleak lantzeko», adierazi du Amaia Ozerin Loraldiko komunikazio arduradunak. Ozerin bera izango da Loraldiaren ordezkari Galesko nazioarteko topaketan.
Loraldiaren antolatzaileek estrategikotzat jo dute iritsi zaien gonbidapena; uste baitute, batetik, euskarazko kultura nazioarteko testuinguru batean zabaltzeko aukera izango dutela, eta, bestetik, hizkuntza gutxituetako bestelako eragileekin harremanak landu ahal izango dituztela. Gainera, hori lortzeko bidean, Eisteddfod Nazionala jaialdiak badu berezitasun bat: nazioarteko ordezkari bakoitzari ffrind edo lagun bat izendatuko diote, errazagoa izan dadin bakoitzaren interesekin bat datozen artistak, erakundeak eta komunitateak ezagutzea. Loraldiaren antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, helburua ez baita «bisita instituzional hutsa egitea», baizik eta «etorkizunean jarraipena izan dezaketen harreman esanguratsuak sortzea».
Euskara Galesen
Hizkuntza gutxituen nazioarteko topaketa hori Gwrando (Arretaz entzun) programaren barruan antolatu du Wales Arts International erakundeak, eta truke programa bat da. Nazio Batuek bultzatutako Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada (2022-2033) izeneko markoan garatu dute programa hori, eta helburua da esperientziak elkarri kontatzea, nazioarteko harreman sare bat eraikitzea eta arteek hizkuntzen transmisioan duten rola aztertzea. Honelaxe azaldu du Ozerinek: «Galesek erakusten du hizkuntza baten transmisioa kulturaren, komunitatearen eta sormenaren bidez indartu daitekeela. Eta ikuspegi hori oso hurbilekoa zaigu».
Zortzi egunez ospatuko dute Eisteddfod Nazionala jaialdi ibiltaria. Europako musika eta poesia jaialdirik handiena da; zehazki, 10.000 bisitari baino gehiago hartu ohi ditu urtero. Hizkuntza gutxitu batean egiten den munduko kultur jaialdi handienetako bat ere bada.