Euskaraz sortzeko deia egin du Artekale elkarteak

'Euskara, jalgi hadi plazara!' manifestua irakurri dute Euskal Herriko kale arteen elkarteko kideek, Leioako 26. Umore Azokaren lehen egunean. Euskararentzat plaza gehiago eskatzeaz gain, euskarazko lanak kontsumitzeko deia ere egin diote publikoari.

Artekale elkarteko kideak, gaur, Leioako Umore Azokan. ARTEKALE
Artekale elkarteko kideak, gaur, Leioako Umore Azokan. ARTEKALE
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko maiatzaren 14a
18:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandera bitarte, antzerkiz, zirkuz eta dantzaz beteko dira Leioako kaleak (Bizkaia), beste urte batez, 26. Umore Azokan. Guztira 45 konpainiak hartuko dute parte aurten, eta horietako hemeretzi izango dira Euskal Herrikoak. Hain zuzen, festibalaren irekiera aprobetxatu du Artekalek, Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteak, Euskara, jalgi hadi plazara! manifestua irakurtzeko. 

Agerraldian Euskal Herriko zenbait konpainia elkartu dira, eta guztiek dute gauza bat komunean: euskaraz sortzen dute. «Zorionez, geroz eta konpainia gehiago gara euskaraz sortu eta euskara gure kaleetara eramaten ari garenak. Baina are gehiago izan nahi dugu, eta, horretarako, Euskal Herriko konpainia berri, zahar, txiki eta handiei euskaraz sortzeko deia egiten diegu», azaldu dute. Halaber, euren lanei esker, euskarak kaleak «naturaltasunez, biziminez eta itxaropenez betetzen» dituela gaineratu dute.

Hala ere, uste dute plaza gehiago behar dituztela, euskarazko kale artearen indarra sustatzeko: «Euskaraz sortzen dugun konpainien aldeko apustua biderkatzeko garaia da, kultura bizi baten alde». Eta, plazak bakarrik ez, publikoa ere behar dute euskarazko sorkuntzek; berdin du nolakoa den: «Euskaldun zahar, berri, txiki, handi, erdi, oso aktibo, pasibo, alai». Argi dute Artekaleko kideek: «Elkarren beharra dugu. Eta euskarak gu denon begi, belarri, mingain eta bihotzen beharra du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA