Kaleko arteak

26. Umore Azokak kaleko artez blaituko du Leioa, gaurtik igandera

Lau egunez, ehun ikuskizun baino gehiago izango dira. 45 konpainiak hartuko dute parte denera, eta hemeretzi izango dira Euskal Herrikoak. Dantzaren, zirkuaren eta antzerkiaren bitartez, jolasa, umorea eta gogoeta hedatuko dituzte.

Beatriz Larrañagaren 'Hausturak' pieza. LEIOAKO UMORE AZOKA
Beatriz Larrañagaren 'Hausturak' pieza. LEIOAKO UMORE AZOKA
itziar ugarte irizar
2026ko maiatzaren 14a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eremu publikoa da kale arteen agertokia. Bulebarra, plaza, parkinga. Aktoreek, dantzariek, malabaristek han zabaltzen dituzte oihalak, ideiak, koloreak. Euskal Herrian unibertso artistiko horri plazarik zabalena eskaintzen dion jaialdia da Leioako Umore Azoka, eta gaur ekingo dio 26. edizioari: lau egunez, ehun ikuskizunetik gora erakutsiko ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko puntako konpainiak bilduko ditu. Antolatzaileen esanetan, sorkuntza garaikidearen aldeko apustua egin dute aurten bereziki, eta, hala, 25 ikuskizun lehen aldiz erakutsiko dituzte Leioan (Bizkaia). Eremu publikoa globo ekaitzekin, industriako emakume langileen oroimenezko koreografiekin, eta hegan egiteko gogoarekin betetzeko ordua izango da.

Jaialdian parte hartuko duten 45 konpainietatik hemeretzi izango dira Euskal Herrikoak aurten, ia erdiak, eta sektore oparo eta bizi baten berri emateko moduko lanak erakutsiko dituzte. Piszifaktoria Ideien Laborategiak, esaterako, Hegan egiteko gogoa da ikuskizuna aurkeztuko du, Mikel Ayllonek zuzendua eta ikusleak zentzumenen bidez ernarazi nahi lituzkeena. Sustrai Teatroak, berriz, umorean oinarritutako Euli jasa pieza erakutsiko du; Bitsa Konpainiak, lehen aldiez eta egunkarietan agertu ohi ez den jendeaz diharduen Haritik tiraka antzezlana; Beatriz Larrañagak, clown tradizionala gaurkotzen duen Hausturak pieza; La Trapecionistak, zuhaitzen ahalaz ohartarazten duen Zuhaumu akrobazia pieza; La Glo zirkudantza konpainiak, azken 20 urteetako une sinbolikoen «birnahasketa bizia»; Ixo Teatroak, hegazkin istripu bat izan duten bi gazteren istorioaz diharduen Harea antzezlan mutua; Asvin & Pia-k globo ekaitz formako ikuskizun jolasti bezain poetikoa; eta Deabru Beltzak taldeak, laugarren pareta hautsi eta ikuslea prozesuaren parte bihurtu nahi duen Su talka lana.

Haatik dantza konpainiaren 'Ioi' piezako irudia. LEIOAKO UMORE AZOKA
Haatik dantza konpainiaren Ioi piezako irudia. LEIOAKO UMORE AZOKA

Dantza esparrukoak izango dira beste hainbat proposamen, formaz eta edukiz ugariak horiek ere. Ertza konpainiak, esaterako, Mozambikeren eta Euskal Herriaren arteko elkarrizketa baten tankeran, desberdintasun sozialetan sakontzen doan testuinguru globalaz hausnartzeko bide bat irekiko du Un' We emanaldiarekin. Haatik dantza konpainiak, oso bestela, kalera ateratzearen ekintza aldarrikatuko du soinuetan oinarritutako Ioi piezarekin; gizarte gero eta estuago batek sortzen duen kolapso arriskuaz ohartaraziko du Lasalak Burnt obran; Donostiako Tabakalerako emakume langileei eta, oro har, industrian aritu diren andreei gorazarre egingo die Dab konpainiak Kea emanaldian; eta gorputzaren eta memoria kolektiboaren ospakizun gisa aurkeztuko du Aukeran taldeak ADK3.7 Dualtasuna obra.  

Nazioartean saretuta

Euskal konpainiez harago, deigarria da beste urte batez Herrialde Katalanetatik heldutako konpainiek Umore Azokan izango duten pisua  —hamarretik gora izango dira—. Horien artean, lengoaia absurdoaren tresnak erabiliz, hutsune emozionalak eta espektatiba sozialak landuko ditu Barlouk konpainiak (Does); pailazo baten begiradatik, leialtasunaren ideiarekin jolastuko du Pere Hosta konpainiak (Woof); menderakuntzaren eta lankidetzaren arteko tenka plazaratuko du Nacho Flores bi laguneko zirku garaikideak (Domte); eta Mur Kolektiboak aniztasuna indar kolektibo modura begiratzeko deia egingo dio ikusleari, mugimenduaren izaera poetikoa, txotxongiloak eta zuzeneko musika baliatuta (Unics).

Argentinatik, Lituaniatik, Italiatik, Frantziatik eta Espainiatik heldutako obrek osatuko dute programa —denera, 600 proposamen inguru jaso dituzte aurten—, eta, jendaurreko emanaldietan ez ezik, topaketa profesionaletan ere hartuko dute parte sortzaileek. Gaurtik larunbatera egingo dituzte, Kultur Leioako erakusketa aretoan. Euskaraz sortzen duten konpainien topaketa bat egingo dute gaur arratsaldean, esaterako, euskaraz sortzearen hautuak ekartzen dizkien «pozez eta penez» aritzeko; bihar, Etxepare Institutuaren eskutik, beste herrialde batzuetako kale arteen jaialdietako arduradunen arteko elkarrizketa bat izango da; eta programatzaileekin «topaketa azkarrak» edukitzeko aukera ere izango dute profesionalek, hiru egunetan.

Teknikariek greba eguna dute deituta hilaren 15erako, ostirala, eta baliteke horrek programazioan eragitea. Bestalde, irisgarritasuna hobetzeko egindako apustua azpimarratu dute antolatzaileek, eta 27 agertokiak lotuko dituen bi ibilbide prestatu dituztela jakinarazi. Jaialdiaren web orrian topa daitezke xehetasunak, baita aurtengo programazio osoa ere: umoreazoka.org.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA