«Osasuntsu al dago gaur egungo kultur sistema? Ba al du ikuspegi estrategikorik? Eta, batez ere, ari al da eskubideetan oinarritutako zerbitzu publiko gisa funtzionatzen?». Aldatu Gidoia taldeak galdera nagusi horiek mahai gainean jarri ditu Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean. Tramitean den EAEko Kultur Sistemaren Legeari ekarpenak egiteko agerraldia egin dute Intza Gurrutxagak eta Eñaut Zearrak legebiltzarrean, eta egun indarrean diren kultur politiken norabidea zeharo aldatzea galdegin dute, eta, besteak beste, euskal kulturarentzat kuotak legez ezartzeko.
Eusko Jaurlaritzak 2026rako jarri nahi luke indarrean Euskal Autonomia Erkidegoko Kultur Sistemaren Legea. Proiektuak hasia du tramitazioa legebiltzarrean, eta, ondo bidean, urte hondarrerako onartuko dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kulturgintzaren egiturak kontuan hartu nahi ditu arauak, eta euskara ere aintzat hartuko dela adierazi du gobernuak.
«Erabakiak, maiz, goitik behera hartzen dira, eta herritarren eta sektoreko profesionalen parte hartzea mugatua da»
EÑAUT ZEARRAAldatu Gidoia
Zearrak testuinguru politiko eta sozial zabalago batean kokatu du legearen eztabaida: «Ziurgabetasun handiko garaiak dira, eta erakundeek inoiz baino gehiago egin beharko lukete kohesioaren alde». Haatik, azpimarratu duenez, EAEko kultur arloa sakon ezagutzen duten aditu eta eragileen ustez, gaur egungo kultur politiketan «gehiegizkoa» da alderdi politikoen eragina, kultur eragileen arteko aukera berdintasuna ez da bermatzen, eta ez dago herri ikuspegirik, ezta herri mailako estrategia parekaturik ere. «Erabakiak, maiz, goitik behera hartzen dira, eta herritarren eta sektoreko profesionalen parte hartzea mugatua da».
Ikusi gehiago
Aldatu Gidoia taldeko kideak salatu duenez, azken urteetan kultura gehiegi landu da etekin ekonomikoen ikuspegitik, eta eredu horrek kulturaren oinarri demokratikoa ahuldu du: «Horregatik baztertu dira euskara eta ikuspegi kritikoa, eta prekarizatu dira sortzaileak». Haren ustez, azpiegitura handiei lehentasuna eman zaie, eta ekosistema kulturala bera «bigarren mailan» geratu da.
Euskararentzako joko zelaia
«Anbizioz jardun behar dugu», adierazi du Zearrak, Kultur Sistemaren Legeak izan beharko lituzkeen edukiez aritu denean. Taldeak hainbat proposamen eraman ditu batzordera, kultur arloko eta euskalgintzako zenbait adituren irizpideei jarraituta. Eta, haien ekarpenak aintzat hartuta, ziurtatu du kultur sistemak erronka berriei aurre egiteko tresna juridiko «sendoak» behar dituela: «Legeak behar ditugu euskararen presentzia bermatzeko, artisten egoera duintzeko, emakumeen tokia ziurtatzeko eta adimen artifizialaren etorrerari baldintza hoberenean aurre egiteko».
Aldatu Gidoia taldearen ustez, hizkuntzaren faktorea sistematikoki txertatu behar da kultur arloko azterketa eta txosten guztietan. Laburbilduz, euskarak erdigunean egon behar duela nabarmendu du Gurrutxagak: «Euskarak ongi araututako joko zelaia behar du». Gogorarazi du euskarazko eskaintza kulturala hizkuntzaren ezagutza mailaren azpitik dagoela, eta hori «onartezina» dela. Horregatik, «salbuespen kulturalaren printzipioa» legez arautzeko eskatu du, kultura «merkatuaren logikatik» atera dadin.
«Salbuespen kulturalaren printzipioa legez arautu behar da, kultura merkatuaren logikatik atera dadin»
INTZA GURRUTXAGAAldatu Gidoia
Quebeceko eredua erreferentzia gisa hartzea proposatu du, hala. Herrialde horretan, sorkuntza artistikoaz eta kultur industriaz arduratzen diren bi erakunde publikoak autonomoak dira, eta arloko profesionalek osatuta daude, eta berezko hizkuntzan egindako kultura legez babestua dago. Bide beretik jarraitu, eta euskarazko kulturarentzat kuotak legez ezartzea proposatu du: «Kuotak behar ditu euskarak».
Alderdien txandan, EH Bilduk babesa agertu dio Aldatu Gidoia taldeari; besteak beste, euskarazko sorkuntzarako kuotak sortzeko eskaerari. EAJk eta PSEk, aldiz, ez dute bat egin. Estibaliz Canto (PSE): «Euskarazko sorkuntzaren egoera ez da hain txarra».