Bakarrizketak, magia, umorea eta antzerkia uztartzen ditu Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak. Aurtengoa 35. aldia da, eta Donostia Kulturak antolatzen du hiriko kultur etxeen laguntzarekin, hain zuzen, helburu bera dutelako: kultura «auzoetara eta jendearengana» hurbiltzea. Antolatzaileek ohar bidez adierazi dutenez, oraingo honetan ere «formatu txikiko ikuskizunen askotariko programazioa» osatu dute; egitarau horretan, zortzi ikuskizun izango dira euskaraz. Hala, maiatzaren 7tik 24ra bitarte, hiria beteko dute 30 emanaldik; auzo desberdinetan egingo dituzte, eta sarrerak doakoak izango dira. Jaialdiaren amaiera festa, berriz, maiatzaren 22an izango da, Convent Gardeneko kriptan, 19:00etan. Bertan, festa girotuko dute Demode Quartet eta Los Gandules musika taldeek.
Jaialdiak badu berezitasun bat: «antzerkigintzan ohikoak ez diren» agertokietan egiten dituzte saioak. Esaterako, lokaletan, tabernetan eta zahar etxeetan jarri dituzte hitzorduak. Guztira hamazazpi konpainiak hartuko dute parte, eta denera 30 saio egongo dira ikusgai. Antolatzaileek esan dutenez, «bi hizkuntza ofizialen arteko oreka» mantendu nahi izan dute, baita «emakumeen parte hartzea» sustatu ere. Hala, hamazazpi emanaldietatik zortzi euskaraz izango dira, eta bederatzi gaztelaniaz. Bestalde, zortzi konpainia emakumeek osatuak dira; sei, gizonek osatuak, eta mistoak dira gainerako hirurak.
Antzerkia «hiriko auzo guztietara» zabaldu nahi dute: «ohiko jarraitzaileengana» heldu, baina baita «tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoarengana» ere. Hortaz, hiriko 27 gunetan egingo dituzte ikuskizunak. Lehenbizikoak maiatzaren 7an egingo dituzte, eta hiru izango dira guztira; horietatik bat, euskaraz: Tessa Andonegiren eta Ainhoa Aierberen Euskal musikarekin, kontuz! emanaldia, Añorgan, 19:00etan.
Euskarazkoa indartzeko
Iaz iragarri zuten Poltsiko Sorkuntza deialdiko proiektu irabazlea: Idoia Garzesen eta Mikel Martinezen Taxi. Deialdiaren helburua «formatu txikiko ikuskizunen esparruko euskarazko eskaintza» indartzea da, eta Donostia Kulturak antolatzen du, hiriko Euskara zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin elkarlanean. Antzezlana egun eta toki hauetan ikusi ahalko da: maiatzaren 15ean, Antigua auzoan; 17an, Erdialdean; 21ean, Grosen, eta 24an, Erdialdean.
Ikusi gehiago
Tessa Andonegiren eta Ainhoa Aierberen Euskal musikarekin, kontuz! proiektuak ere saria jaso zuen, bigarrena. Bikarrizketa bat ondu dute, eta «ikuspegi kritikoz, suminduraz eta feminismotik» aztertuko dituzte «txikitatik» entzun dituzten doinuak. Ikusleek lan horretaz gozatu ahalko dute maiatzaren 7an, Añorgan; 9an, Amaran; 21ean, Antiguan, eta 23an, Loiolan.
EGITARAUA
Osteguna, 7
- Euskal musikarekin, kontuz! (Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe). 19:00etan, Museum Cemento Rezolan (Añorga).
- Terapia de grupo (Gemma Martinez). 19:00etan, Nexten (Altza).
- Imperfecto (Manu Badenes). 19:00etan, Aveniun (Erriberak).
Ostirala, 8
- Eskailerapekoa (Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena). 19:00etan, El Nidon (Altza).
- Margolari (Manex Astigarraga). 19:00etan, Kontadoresen (Intxaurrondo).
- Alperrak, tunanteak eta maleanteak (Gilkitxaro). 19:00etan, Bidassoan (Gros).
- A muerte con Diego Peña (Diego Peña). 19:00etan, El fogon de Miramonen (Aiete).
Larunbata, 9
- Euskal musikarekin, kontuz! (Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe). 19:00etan, Mourlasen (Amara).
- A muerte con Diego Peña (Diego Peña). 19:00etan, Gibelurdinen (Loiola).
Igandea, 10
- Margolari (Manex Astigarraga). 19:00etan, Botanikan (Erdialdea).
Osteguna, 14
- Hermanas Castillejos (La Garua). 20:00etan, Eraztunen (Intxaurrondo).
- El maravilloso mundo de las otras crisis (Las Pituister). 19:00etan, Baga Bigan (Gros).
- La magia de Peio Rivas (Peio Rivas). 19:00etan, Campus Rugby Bera Beran (Aiete).
Ostirala, 15
- La magia de Peio Rivas (Peio Rivas). 19:00etan, La tabernan (Egia).
- El maravilloso mundo de las otras crisis (Las Pituister). 19:00etan, Etxarrienen (Loiola).
- Taxi (Mikel Martinez). 19:00etan, Duiten (Antigua).
Larunbata, 16
- Maga Giselle (Giselle). 18:30ean, Egiatarra jubilatuen elkartean (Egia).
Igandea, 17
- Maga Giselle (Giselle).19:00etan, Via Foran (Amara)
- Taxi (Mikel Martinez). 19:00etan, Koh Taon (Erdialdea).
- Destiny Driver (Ugaitz Alegria eta Getari Etxepare). 19:00etan, Igeldoko Herri Ikastetxean.
Osteguna, 21
- Artificial (Alazne Etxeberria). 19:00etan, Campus Amaran (Amara).
- La magia de Peio Rivas (Peio Rivas). 19:00etan, El parquen (Intxaurrondo).
- Euskal musikarekin, kontuz! (Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe). 19:00etan, Duiten (Antigua).
- Taxi (Mikel Martinez). 19:00etan, Scanneren (Gros).
- Destiny Driver (Ugaitz Alegria eta Getari Etxepare). 19:00etan, Udaberrin (Erdialdea).
- Rosi ni (Esti Curiel). 19:00etan, Udaberrin (Erdialdea).
Larunbata, 23
- Euskal musikarekin, kontuz! (Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe). 19:00etan, Etxarrienen (Loiola).
Igandea, 24
- Eskailerapekoa (Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena). 19:00etan, Aitona-amonen etxea jatetxean (Intxaurrondo).
- Taxi (Mikel Martinez). 19:00etan, Botanikan (Erdialdea).