Euskarazko Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntza deialdiak Idoia Garzes eta Mikel Martinez saritu ditu aurten, Taxi antzezlanagatik. Taxi gidari baten egunerokoa kontatzen du antzezlanak, eta haren ofizioan gertatzen diren gorabeherak aletu, hala nola trafikoa, turismoa, bezeroekin izandako pasadizoak eta beste. Martinezek gorpuzten duen protagonistak kexu ugari du lanbideaz, baina maite du ofizioa. Maitabera da, gainera: atzerako ispiluan agertutako edozein begi parek zoratzen dute.
Tessa Andonegik eta Ainhoa Aierbek jaso dute bigarren saria, Euskal musikarekin, kontuz antzezlanari esker. Egileek euskal musikari buruzko hausnarketa bat proposatzen dute antzezlanean, bi protagonisten bakarrizketak direla medio. Horretarako, txikitandik entzun eta errepikatutako kantuak ipintzen dituzte zalantzan, batez ere automatismoak alde batera uzteko eta doinuekin batera doazen hitzak ikuspegi feminista batetik aztertzeko.
Poltsiko Antzerki Sorkuntza deialdia Donostia Kulturak antolatzen du urtero, eta euskarazko formatu txikiko antzerkia bultzatzea du helburu. Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, irabazleari 2.500 euroko diru laguntza emango diote, eta finalistari 2.000 eurokoa. Beste 3.000 eta 2.500 euro jasoko dituzte hurrenez hurren, launa emanaldi egiteko. Bi antzezlanen estreinaldia hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdian izango da.