Eusko Jaurlaritzak ia 1,7 miloi euro jarriko ditu arte eszenikoen ekoizpenak laguntzeko

Antzerki, dantza eta zirku ekoizpenetarako diru laguntzak izango dira, zenbait lerrotan banatuta. Gainera, ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko proiektuak ere lagunduko ditu, 2,5 milioi eurorekin.

Ibawa kolektiboko kideak, 'Gaua' ikuskizunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibawa kolektiboko kideak, 'Gaua' ikuskizunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko maiatzaren 19a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egin dute Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluko bilera, eta hainbat diru sail onartu dituzte. Horietako bat arte eszenikoetarako izango da. Hain zuzen, ekoizpenak laguntzeko helburua izango du; 1.694.000 euroko saila, orotara. Hiru arlotako ekoizpenak lagunduko dituzte: antzerkikoak —972.000 eurorekin—, dantzakoak —548.000 eurorekin—, eta zirkukoak —174.000 eurorekin—.

Halaber, ekoizpenak lau lerrotan banatu dituzte. Lehenik, aurrez zirkuitua hitzartua izango duten produkzioak daude. Horietarako 300.000 euro jarriko dituzte zehazki. Arlo horretako baldintzak betetzen dituzten lanek SAREAko kide diren antzokiekin hitzartutako bira bat prestatuko dute; bertako antzoki batean estreinatuko dute lana, eta hurrengo lau hilabeteetan egingo dute bira. Aretoetako lanei dagokienez, 2026ko uztailaren 1etik 2027ko urriaren 31ra bitartean estreinatu beharko dira. Salbuespena egingo dute kaleko ikuskizunekin, 2026ko maiatzaren 15etik aurrera estreinatutakoak kontuan hartuko dira eta.

Produkzioak egiteko laguntzen kasuan, zenbait proiekturi emango diete laguntza. Guztira 694.000 euro izango dira horretarako. Besteak beste, lehen proiektuak lagunduko dituzte —lehen proiektutzat hartuko dira zuzendaritza artistikoan, sorkuntza koreografikoan eta ekoizpenean hiru lan edo gutxiago dituztenen proiektuak—. Bestalde, «izaera berritzaile esanguratsua» duten proiektuek ere jasoko dute laguntza; Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren arabera, hizkuntza estetiko edota tekniko berritzaileak dituzten lanek edo ezaugarri horien garapena «zalantzarik gabe» azaltzen dutenek jasoko dute laguntza hori. Arte eszenikoen kasuan, aurretiazko ikerketak aplikatzen dituen obrak ere hartuko dira kontuan. 

Berariaz ikerketara eta esperimentaziora bideratutako proiektuek ere eskatu ahal izango dute diru laguntza. Hala ere, dantzaren arloan ez da baldintza hori aplikatuko.

Beste proiektu batzuk ere babestuko dituzte, aipatutako ezaugarriak bete ez arren. Den-denak 2026ko martxoaren 30etik 2027ko ekainaren 30era bitarte estreinatu beharko dira.

Azkenik, Jaurlaritzak 700.000 euro jarriko ditu bi urterako jarduera eszenikoetarako. 2026 eta 2027 urteetan garatuko diren proiektu eszenikoak laguntzeko helburua izango dute. Bi baldintza bete beharko dituzte lanek: batetik, aipatutako epean estreinatzea, eta bestetik, bira plan bat izatea —Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako merkatuan zein kanpoko merkatuan—.

Laguntza ondareari

Bestalde, euskal kultura ondareari garrantzia emateko eta hura hedatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro jarriko ditu 2026-2028 urteetarako. Zenbait jarduera lagunduko dituzte horretarako; tartean, kultura ondasunak ezagutarazteko, balioesteko eta aitortzeko asmoa dutenak, bai eta ondarea hedatzeko proiektuak ere. Gainera, ondare arkeologikoa eta ondare eraikia desjabetzeko finantzaketa ere eskatu ahal izango da. Azken jarduera euskal kultura ondarearen EAEko erregistroan sartuta dauden ondasunak babestea, zaintzea edo aberastea xede duten proiektuei dagokie.

Jarduerak 2026ko urtarrilaren 1etik 2028ko azaroaren 28ra burutu beharko dira, eta eskaerak hilabeteko tartean aurkeztu beharko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Iaz 33 proiektuk jaso zuten laguntza; adibidez: Astulezko gaztelua sendotzeko lanek (Añana, Araba), Arriola jauregia eraberritzeko proiektuak (Elorrio, Bizkaia), eta Aizpeako meatze barrutiaren balioa nabarmentzeko lanek (Zerain, Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA