Sanferminak

Euskoprincess, Sedientos de Cumbia, Merina Gris eta Ojete Calor ariko dira Iruñeko sanferminetan

Uztailaren 6tik 13ra Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen diren musika emanaldien berri eman du Iruñeko Udalak. 33 kontzertu programatu dituzte osotara, eta haietako zortzitan kantatzen dute artistek euskaraz.

Euskoprincess artista, promoziorako irudi batean.
Euskoprincess artista, promoziorako irudi batean.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko maiatzaren 12a
13:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo sanferminen soinu banda nolakoa izanen den irudikatzen hasteko informazio baliagarria eman du Iruñeko Udalak. Iragan urteetako tradizioari eutsiko dioten erakusgarri, baieztatu dute uztailaren 6tik 13ra bitarte egunero egonen direla kontzertuak bai Gazteluko plazan, bai eta Konpainia plazan ere, eta zehazki zer kontzertu izanen diren ere jakinarazi dute orobat. 33 emanaldi programatu dituzte osotara, eta, udalaren esanetan, hirian bizi diren «musika estiloen aniztasunaren» erakusgarri dira den-denak. Hizkuntzari dagokionez, egitarauak datu hau utzi du bistara: DJ saioak gorabehera, zortzi kontzertutan izanen da euskararik kantuetan. Programazioan ageri baitira Brigade Loco, Neomak, Merina Gris, La Txama, Hofe, Burutik, Puntu Takoma eta Euskoprincess.

Gazteluko plazan hamalau kontzertu daude programatuta, eta, ohi denez, gauez izanen dira —uztailaren 6an salbu, kontzertuak 23:30etatik aitzinera hasiko dira oholtza horretan—. Honako hauek osatzen dute egitaraua: Isabel Aaiun, Boney M & Maizie Williams, Bala, Koma, Motxila 21, Brigade Loco, Neomak, Shinova, Marlena, Ojete Calor, Merina Gris, La Txama, Hofe eta Jarfaiter. 

Iragan urteetako moldeari eutsita programatu dituzte Konpainia plazako emanaldiak ere. Gauez, nazioarteko artistei eginen diete tokia, eta arratsaldez bertakoak ariko dira gehienbat. Hemeretzi artista taularatuko dira eszenatoki horretan; besteak beste, Celia Correra, Puttaneska (de momento), Burutik, La Mala Pekora, Puntu Takoma, Euskoprincess, Instituto Mexicano del Sonido eta Sedientos de Cumbia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA