Musika

Exkixu oholtzetara itzuliko da, eta apirilaren 17an emango du lehen kontzertua, Bilbon

1997an eman zuten azken kontzertua, eta taldea berriz ere martxan jartzea da orain kideen asmoa. Miribillako kontzertua lehen urratsa baino ez da izango. Bihar jarriko dituzte sarrerak salgai, 10:00etan.

Exkixu taldeko kideak, Bilbon emango duten itzulera kontzertuaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Exkixu taldeko kideak, Bilbon emango duten itzulera kontzertuaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko urriaren 22a
11:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itzultzea erabaki dute. Exkixu taldeak lorratz nabarmena utzi zuen 1990eko hamarkadako euskal musikagintzan. 1991n hasi zuten ibilbidea, eta 1997an amaitu, tartean estudioko bi disko grabatu eta ehunka kontzertu eman ostean. Rock doinuak eta ordura arte folkaren esparruari lotuta egon ohi ziren tresnak uztartzeko modua izan zen haien bereizgarri nagusietako bat. Sorginen leizean eta Amaiur abestiek arrakasta handia izan zuten, esaterako, eta Benito Lertxundiren Loretxoa abestiaren bertsioa ere erruz zabaldu zen. Hain zuzen ere, kanta hori izan zen grabatu zuten azkena, eta, 29 urteko isiltasunaren ostean, oholtzara bueltatuko dira orain. Kontzertu bakarra iragarri dute oraingoz. Hurrengo urteko apirilaren 17an emango dute, Bilbo Arenan, baina, iradoki dutenez, baliteke taldearen bizialdi berriaren lehen urratsa baino ez izatea. Edo hori da esperantza behintzat. Taldea berriz ere martxan jartzea baita kideen asmoa. «Airean geratu zen esperientzia hori berriz hartu nahi dugu».

Bihar jarriko dituzte salgai sarrerak, 10:00etan, exkixu.eus eta haziberri.eus webguneetan.

«Airean geratu zen esperientzia hori berriz hartu nahi dugu»

ALEX SARDUIExkixuko abeslaria

Alex Sardui abeslariak hitz egin du argien aurkezpenean. «Uste dut gelditzeko etorri garela». Baina horraino. Gustura dabiltzalako entsegu lokalean, eta, ondorioz, ez diotelako aterik itxi kanta berriak sortzeko aukerari. «Lokalean ondo pasatzen gabiltza, eta ondo pasatzen baduzu, gauzak irten egiten dira», onartu du. «Alboka doinu berri bat dagoela? Fenomeno. Riff bat irteten dela? Fenomeno. Bateria eta baxu erritmo bat irteten dela? Fenomeno». Baina ideiak indarra hartzerako, berriz ere galga jarri dio abeslariak. «Gero ikusiko da zer egingo dugun, orain itzulera kontzertua prestatzen ari gara». Eta, beraz, ezer berririk etortzekotan ere, lehen itzulera kontzertu horren ostean etorriko da hori.

Edonola ere, aurkezpenean behin baino gehiagotan aipatu dute Bilboko apirilerako emanaldia «itzuleraren hasiera» izango dela. Sardui: «Testatu egin behar dugu zer dagoen gure inguruan eta jendeak zer gura duen. Oraingoz, lehengo abestiak konpondu, eta geure erara eratu behar ditugu. Nahikoa behar daukagu horretan, eta geroa, geroa... Geroa hain efimeroa da, izan ere, edozer gauza pasatu daiteke».

Kanta berriz grabatu

Kontzertuaz gainera, Amaiur abestiaren bideoklip berria ere aurkeztu dute. 1997an eman zuten argitara lehenengoz, eta kanta horixe bera da ikus-entzunezkoan entzun daitekeena. Tinbal berak, alboka bera, melodia bera eta letra bera. Baina kanta orduko bera izanik ere, berria da haren soinua; taldekide berriek, hasi eta buka, berriz ere osorik grabatu baitute abestia ikus-entzunezkorako. Eta, neurri batean, detaile horrek ere ematen du taldeak bizi duen bolada gozoaren berri.

'Amaiur' abestiaren bideoklipa.

1990ean sortu zen Exkixu, Gernika-Lumon (Bizkaia), eta, gerora hainbat kide batuko zitzaizkien arren, laukote bat izan zuen muinean: Alex Sardui abeslaria, Iñigo Ibarretxe albokaria, Jon Mikel Arronategi baxu jotzailea eta Josu Artetxe bateria jotzailea. Esteban Mediavilla gitarra jotzailea ere batu zitzaien gero. Taldearen parte izan ziren Ritxar Cuevas, hil berri den Igor Arzuaga, eta Unai Ormaetxea bertsolaria ere. Hitz egileen sare zabala ere izan zuten, eta, besteak beste, Asier Serranok, Unai Iturriagak, Igor Elortzak eta Joseba Sarrionandiak idatzitakoak kantatu zituzten.

«Oroitzapen oso onak gordetzen ditut, eta ez gara egongo orduan egon ginen guztiok, baina gaudenok ilusioz beteta gaude»

IÑIGO IBARRETXEExkixuko albokaria

Jatorrizko kideetatik, Alex Sardui eta Iñigo Ibarretxe oholtzaratuko dira orain taldearen bigarren aldian, eta haiekin batera arituko dira Ken Zazpin ibilitako Beñat Serna gitarra jotzailea eta Jon Fresko bateria jotzailea, bai eta Gatibun ibilitako Ekain Alzola baxu jotzailea ere, eta Jon Eguskizak joko du trikitia.

«Oso pozik nago», onartu du Ibarretxek. «Oroitzapen oso onak gordetzen ditut, eta ez gara egongo orduan egon ginen guztiok, baina gaudenok ilusioz beteta gaude». Eta antzera Sarduik ere: «Exkixu beti egon da presente», esan du. «Afizionatuak ginen, lagunak ginen, taldea egin genuen, eta desegin zen gauza guztiek dituztelako beren kakak. Orain ere ez daude orduko taldekide guztiak, bakoitzak bere lana duelako eta bere bizitza duelako».

«Zuzeneko potente bat eskaintzeari eman nahi diogu inportantzia»

EKAIN ALZOLABaxu jotzailea

Hain zuzen ere, aipamen berezia egin diote Igor Arzuaga musikariari. Hura ere Exkixuko kide izan zen, eta aste honetan bertan hil da. Doluminak helarazi dizkiote haren senide eta gertukoei. «Faltan sumatuko dugu».

Zuzeneko bereziak

Onintza Enbeita bertsolari eta BERRIAko kolaboratzaileak lagundu ditu taldekideak itzulera kontzertua iragartzeko prentsaurrekoan, eta, gogora ekarri duenez, «bereziak» izaten ziren Exkixuren emanaldiak. Kontzertu soilak izan beharrean, bertsolariak, momotxorroak eta bestelakoak ere eraman ohi zituztela oroitu du, esaterako. «Zuzeneko berezia zen Exkixurena: indarra eta gozamena transmititzen zituen». Eta, hain zuzen ere, momotxorro baten irudia baliatu dute orain ere taldearen itzulera iragartzeko kartelean.

Oraingo kontzertuan ere egongo da «parafernalia pixka bat», Alzolak onartu duenez, baina lokalean, oraingoz, musika lantzen dabiltzala esan du. «Zuzeneko potente bat eskaintzeari eman nahi diogu inportantzia».

Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, EITB eta Naiz dira itzulera kontzertuaren babesleak, eta Haziberri elkarteak egin ditu ekoizpen lanak.

Azaroaren 27an helduko da aretoetara gatiburen agurrari buruzko filma

Martxoan aurkeztu zuten lehenengoz, Donostiako Zinemaldiko Zinemiran eman zuten ondoren, eta areto komertzialetara helduko da orain. Gatibu taldearen agur bira kontatzen du Jabi Elortegi zinemagilearen 'Agur esan barik' dokumentalak. Kontzertu handiak, artxiboko irudiak eta une intimoak uztartzen ditu lanak, eta, zuzendariak azaldu duenez, taldearen atzean dauden musikariak ezagutzeko aukera ere ematen du. «Ez genuen hileta bat egin nahi, ospakizun bat baizik», azaldu du. «Istorio hau emozioz, gertutasunez eta errespetuz kontatu nahi izan dugu; filma ikusten duenak euripean dantzan ari dela senti dezan».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA