Haizea Barcenilla
Begiz

Ez ulertzearen zoriontasuna

2026ko urriaren 27a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurrekoan Kyotoko Jidai Matsuri desfilea ikusteko aukera izan nuen. 2.000 lagun inguruk hartzen dute parte, jantzi historikoak soinean, mila urte atzera egiten duten adibideekin. Aho zabalik begiratzen genituen mendebaldar guztiok kimonoak, armadurak, shozokuak, hantenak eta Interneten bilatu behar izan ditudan bestelako jantzi asko. Harrigarria da gauza bera estaltzeko zein bide desberdinak topatu ditugun munduko bi punta hauetan. Soilik praktikoa izanez gero, jantziak mundu osoan antzekoa izan beharko luke, baina ez: beti alderdi erabilgarriak dituen arren —ez dut uste hartzaren ilez egindako kapelak dekoratiboak soilik izango zirenik—, jantziarekin kultura bakoitzak bere sormena gailur zentzugabeenera eramaten du.

Bereziki liluratzen naute lurralde honetako buruko estalkiek, gehienak ez direlako praktikoak eta oso gogaikarriak diruditelako. Askok buruaren ataltxo bat bakarrik estaltzen dute, eta soka sistema konplikatu —eta ziur aski estu— bat erabiltzen dute burutik eror ez dadin. Gainera, isats antzeko bat dute, estalkiaren gainetik ateratzen den gogortutako oihal zati ondulatu bat, airean flotatzen geratzen dena. Zertarako? Ba, ezer praktikorako ez, noski. Zerbait sinbolizatzeko, Aita Santuaren tiarak bezala, edo Ingalaterrako errege-familiaren ezkontzetan ikusten diren burukoek bezala. Baina zer sinbolizatzen duten? Auskalo.

Japoniara etortzetik gustatzen zaidana hori da, hain zuzen ere: ez dudala ezer ulertzen. Urteetan formalki zein informalki, artearen historiaren ikasketetan zein sozializatuz ikasi dudan guztiak gutxirako balio dit. Jakintza horien bitartez ulertu nahi badut zergatik izan behar duen emakumeen kimonoak urrian berdea kanpotik eta gorria barnetik, jai dut. Aldiz, elementu desberdinak begiratuz —parkeak, tenpluetako lorategiak, udazkenean atontzen dituzten te-etxeak eta leku guztietan agertzen diren pintura eta dekorazioak—, asma dezaket astigarrek garai honetan dituzten koloreei aipamena egiten dietela, oraindik berde baitaude baina hosto gorri bakanak erakusten hasi baitira. Eta ulertzen dut, gero, azaroan, aldiz, kimonoa gorria izango dela.

Interpretazio hau erraza da eta asko pozten zara halakoetan, zerbait ulertu duzula sentitzen duzunean; are, kimono horren, tenpluko lorategiaren eta museoko bionboaren arteko harremana urtaroekiko miresmena dela konturatzen zarenean. Baina oraindik ez duzu ulertzen zer jartzen duen kaligrafian, zergatik ematen zaizkion bi buelta te berdearen potoari eta ez hiru, zergatik doazen emakume ederrak hildakoak balira bezala zuriz pintatuta. Guztiz ez ulertze horrek bultzatzen zaitu galdera gehiago egitera, eta ikasketa amaigabea da. Zelako zoriona halako jakinguran murgilduta biziko bagina beti.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA