Inurritegi bat bezalakoa da Euskal Herria Zuzenean-eko ostiral arratsaldeko irudia. Laguntzaile bakoitzak badaki zer egin behar duen, zer ardura bete behar dituen eta nora joan behar duen. Azken egunetan muntaketan egin dute lan handiena, baina azken momentukoak kudeatzeko tartea da arratsalde honetakoa. Zerbait falta dela? Auto bat igorri ondoko dendara bila. Han ere ez dutela? Mauleko dendaraino. Eta Arberatze-Zilhekoara itzuli (Nafarroa Beherea). Arduradun batek estres kolpe bat? Ondokoak masaje ttipi bat eman, eta aitzina. Orain bai, dena prest. Hasi da 2025eko aldia, Arberatze-Zilhekoako bigarrena, Papa Cumbiaren doinuekin.
Bigarren aldia du Amikuzeko eskualdean festibalak, eta hasia da han errotzen, Maiena Uhart bozeramaileak kontatu duenez: «Iazko harremanak sendotu ditugu inguruko eragile eta enpresekin, baina sustut herritarrekin». Azken asteko muntaketa egunetan ere lekukoen laguntza ukan dute; ontsa iragan dira. Pasatzen den lekuetan «kimuak landatzen» ditu EHZk Uharten ustez, eta leku batean egiten den lehen aldiak ibilbidea markatzen du ondoko urteetarako. Argi du Arberatzen hasi duten lanak emaitzak eman dituela eta lekuan «loratzen» hasia dela festibala. Lehen eguna berezia zaio Uharti: «Denak ezinegonez gara, presa berezi batekin. Ostiralean dena estres puntu batekin egiten dugu, baina estres on batekin», erran du.
«Denak ezinegonez gara, presa berezi batekin. Ostiralean dena estres puntu batekin egiten dugu, baina estres on batekin»
MAIENA UHART EHZ festibaleko eleduna
Arratsaldean ezinegon handia zen laguntzaileen artean: beti bada zerbait egiteko festibalariei ateak ireki aitzin. Kazetariei harrera egin, azken egur taulak muntatu, saltzeko diren tixertak behar bezala plegatu. Janari taldeko arduradunen taldeak harrera egin die lehen laguntzaileei. Amaiur Fagoagak hirugarren aldia du laguntzaile; 17 urte ditu, eta adi entzun du aurkezpena. «Laguntzaile gisa, ardura bat badugu festibala goxoki iragateko, giro ona segurtatzeko eta arduraz jokatzeko. Gainera, janari taldean ibiltzen garenek gasa eta ura baliatzen ditugu; ezin dugu zernahi egin», erran du.
EHZ, haren irudiko, parte hartzaile guzien arteko elkartasunak definitzen du: «Denek elkarrekin gozatzeko momentua da, zerbait ekartzen diogu batak besteari, elkar laguntzen dugu, eta hori da enetzat EHZ: elkar laguntzea», erran du.
Euskal Herriaren erritmoan
Azken urteetan Euskal Herriko taldeei eman die lehentasuna EHZk, eta aurtengo aldiak ere hala egin du. Uhartek azpimarratu du Euskal Herriari mintzo zaiola EHZ festibala eta ororen gainetik lekuko taldeei oholtza bat eskaintzea dela helburua, publikoari talde horiek ezagutzeko parada emanez.
Arberatzeko plazako lehen kontzertua Zetkin Ipar Euskal Herriko punk talde feministak eman du. Mari Lagan taldeko kantariak erran duenez, taldearentzat «polita» da «festibal militante batean euskal talde feminista batek egitea lehen kontzertua». Haren ustez, horrek dinamika bat sortzen du, eta publikoa hausnarketara bultzatzen. «Politikoki markatzen du EHZ festibala emazteak oholtzan ezarriz abiatzeak eta erasoen kontrako aldarrikapenak argitan emateak», erran du.
«Guk zaindu nahi dugu zer espazio eskaintzen diegun emazteei eta LGTBQIA+ kolektiboko pertsonei»
MARI LAGAN KZetkin taldeko kantaria
Oholtza gainean erakusten dena ez ezik, publikoan zaintzen duten giroa ere aipatu du Laganek. «Guk zaindu nahi dugu zer espazio eskaintzen diegun emazteei eta LGTBQIA+ kolektiboko pertsonei. Uste dut alde horretarik EHZk lanketa bat egiten duela, eta biharko programazioak ere erakusten du: Queer Falafel, Altxalili...».
Bihar, gehiago
Bihar, preseski, 15:15ean eginen du queer kabareta Altxalili kolektiboak, eta Queer Falafel artista izanen da 19:00etan; biek elizan eginen dute emankizuna. Queer Falafelek bigarren emanaldia eginen du igandean, 13:45ean.
Oholtzan hainbat talde arituko dira bihar; horien artean: Olaia Inziarte, 47 Soul, Naxker eta Fermin Muguruza. Izan ere, ekainaren 14an iragarri zuten Muguruzak bere ibilbidearen berrogei urteen karietara egiten ari den bira EHZtik pasatuko zela: 22:00etan izanen da, oholtza nagusian.
Bestalde, bihar irekiko dute eztabaida txokoa. 10:00etan Kapitalaren aitzinean, lurra defendatu hitzaldia emanen dute. 11:30ean, Diskurtso eta errepresio faxistak borrokatu gaiaren inguruko eztabaida eginen dute. Polizia indarkeria eta infiltrazioak izanen dituzte mintzagai 14:30ean.