benat sarasola
Lauhazka

Eztularen poetika

2026ko urriaren 25a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udazkenaren hastapeneko astearte bat Donostiako Kursaalen. Euskadiko Orkestra Gustav Mahlerren bigarren sinfoniari ekitekotan da. Ikusleon harrabotsa bateko, musikariek instrumentuak afinatzerakoan sortzen duten hots disonantea besteko, burrunba txalo zaparrada bihurtu da zuzendari-kantariak oholtzan agertu direnean. 

Indarrez eta erritmo bizi samarraz hasten da Mahlerren bigarrena, allegro, baina luze gabe leuntzen joaten da eta hor hasi dira entzuten iluntzeko lehen eztulak. Egia esan, edonork du katarro bat edukitzeko pairamena eta eskubidea, eta gupida da sentitzen duzun lehen sentimendu purua. Baina eztulak, aharrausiak nola, eztulera eramaten zaitu eta lehenengo tujuak berehala egiten du oihartzun bigarren tujuan: tuju-tuju. Urtaro aldaketa izango dela pentsatzen duzu, tenperaturaren jaitsierak ez direla debaldekoak izaten eta, jakina denez, sinfoniken publikoa bereziki izan daitekeela sentibera haize-laster malapartatu batekiko. 

Kontzertuak aurrera egin ahala eztulak ugaritu egin dira, ordea, formaz zein edukiz. Eztulñoak eta eztultzarrak, eztul marrantatsuak eta txilio-eztulak, eztul altuak, irrintzi modukoak ia, eta eztul baxuak, lurrikaratsuak. Tuju-tujuak eta eju-ejuak. Eztul-ustelak eta eztul-txurrunak; eztul-lehorrak eta eztul-hezeak. Hori da hori eztulen joritasuna! Hilaurreko eztulen bat ere entzun da, aretoko mediku zein mediku ohiak atezuan jarri dituena, eta baita hilondokoa ematen zuen beste eztulen bat ere, tuba-jotzailearen larridura eragin duena. Momenturen batean hainbestekoa da zaratotsa ezen bietako bat, edo musikariek amore eman eta «jarrai ezazue zuen kontzertuarekin, joan zaitezte eztarritik hartzera!» esango dutela iruditzen baitzait, edo Mahlerrek halako sukarraldi abangoardista batean partituran txertatutako zera bat dela. Eztul-kontrapuntua edo. 

Eztula ez dagoela ekiditerik pentsa genezake lehen kolpean, eztula etorri egiten dela. Ingelesek maitasunean erori egiten garela esaten dute eta, hala, eztulean ere erori egiten garela pentsa dezakegu, are amildu ere. Lehen begiratuak, baina, engainagarriak izaten dira. Larrialdietako medikuek diotenez, astelehenetan artatu behar izaten dituzte larrialdi gehien eta esango nuke halaxe gertatzen dela eztulekin ere. Pazientzia galtzen dugularik, eztula dugu helduleku. Ikerlariak animatuko nituzke obraren araberako eztul-neurketa bat egitera: zenbat eztul egiten da obra barrokoetan? Zenbat eztul modernistetan? Entzuten ote da eztulik klimaxetan? Zenbat eztul entzuten dira batez beste diminuendoetan? Zenbat eztul merezi ditu Mozartek? Zenbat Strozzik? Eta Schonbergek?

Keith Jarrett piano-jotzailea ezaguna da eztularekiko bereziki sentsiblea izategatik. Gogoan dut haren kontzerturen batean eztul gehiegi entzun eta bat baino gehiago urduritzen hasi izana. Duela urte gutxi, Bartzelonan bertan, kontzertua bertan behera uztekotan egon omen zen. «Egin al duzue jada nahikoa eztul?», bota omen zuen, ernegaturik. Daniel Barenboim ere sutan jarri omen zen behin Debussy-ren Preludioetarako isiltasunik lortzen ez zuela eta. 

COVID-19aren pandemiaz geroztik ziur aski sobera sentsibilizatu gara eztul, doministiku eta abarrekin. Autobusean eztultxo bat entzun eta berehala jartzen gara atezuan; notarioaren zenbakia bilatzen dugu sakelakoan, luze gabe testamentua prestatzea komeni zaigulakoan. Eztul egitea gauza sanoa dela pentsa lezake inork. Gure gizarte nartzisista-indibidualista honetan barnea askatzea komeni dela irakatsi digute, barnean dugun hori, karkaxa likatsu bat izanik ere, propioa, originala eta bakana delako. Norbere burua adieraztea dela kontua, baita eztul formatuan ere, muga sozialen zapalkuntza gupidagabeari men egin gabe. 

Eztula pertsonala da, baiki (lotsatiaren eztul herabea, harroputzaren eztul fazatia), baina baita politikoa ere. Umoreaz esaten da ez dela gauza bera beheko bati irri egitea edo goiko bati; bada, halaxe eztularekin. Ez da gauza bera berandutzen ari den zerbitzariari eztul egitea edo eztularen eztulaz Donald Trumpen hitzaldi bat etetea. Horregatik, gorde ditzagun eztulak okasio egokietarako, egin diezaiogun eztul merezi duenari. Sokari larriduraz behatzen dion biolontxelo-jotzaileak ez du eztulik merezi, ezta putz egitekotan den oboe-jotzaileak edo teklak sentitzear den piano-jotzailearen ermamiek ere.

Orkestra baten aurrean eztul egitea beste erremediorik ez badugu, bihur dezagun eztula eztulño. Bete ditzagun birikak airez heriosuhar eztul egiteko, demagun, gose denari ogitartekoak emateagatik isunak jartzea erabaki duen alkateari. 

Euskadiko Orkestra, kontzertua eskaintzen. ORKESTRA
Euskadiko Orkestra, kontzertua eskaintzen. ORKESTRA
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA