Literatura

Familia bereko lau emakumeren arteko harremana landu du Alaine Agirrek 'Mila hilekoren erreka' eleberrian

Familia batean belaunaldiz belaunaldi igarotzen diren minak eta isiltasunak islatu ditu Agirrek bere seigarren eleberrian. Elkar argitaletxearekin kaleratu du.

Alaine Agirre 'Mila hilekoren erreka' liburua eskuetan, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Alaine Agirre 'Mila hilekoren erreka' liburua eskuetan, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Donostia
2026ko azaroaren 3a
17:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerta liteke amaren ile kolorea jasotzea oinordetzan, edo izebaren orbana, edo, kasurik okerrenean, amonaren gaixotasuna. Ordea, zer gertatzen da amaren, izebaren edo amonaren mina jasotzen bada? Zer egin familian isilean transmititu den trauma horrekin? Alaine Agirre idazleak horixe izan du hizpide eleberri berria idaztean: Mila hilekoren erreka. Elkar argitaletxearekin plazaratu du, eta idazlearen lagun Xabier Tapia Lizeagak egin du hitzaurrea. Bere seigarren nobelan Agirrek ama-alaben arteko harreman korapilatsuak, amatasun ez-desiratuak eta min partekatua landu ditu, besteren artean.

Liburuak Etxeberria familiako lau belaunalditako lau emakumeren bizitzak kontatzen ditu. Benetan existitutako Kontxa Etxeberria Mirandarekin abiatzen da istorioa. Etxeberria 1855ean jaio zen, Astigarragan (Gipuzkoan), eta bertan umezurztegi bat eraiki zuen. Errealitate horretatik abiatuta, idazleak fikziozko istorio bat sortu du, Etxeberriak berak inoiz izan ez zuen alabatik hasita eta haren birbilobaraino, Oroitz. Harreman idealetik urrun daude pertsonaiak. Bizitzaren zirkunstantziengatik, edo hautu pertsonalengatik, banandu egingo dira, eta bakoitzak bere bizitza egingo du, sorlekutik urrun. Oroitz da liburuko narratzailea. Kazetaria eta idazlea da, eta amaren, amonaren eta birramonaren minaren genealogia bilduz hasiko da istorioa kontatzen. 

Eleberria XIX. mendearen erdialdean hasten da, Euskal Herrian, eta XXI. mendean amaitzen, tartean Bartzelonatik (Herrialde Katalanak) eta Bostondik (Massachusetts, AEB) igarota. «Oroitz aurreko ama guztien hilekoen uretan sartuko da, eta belaunaldiz belaunaldi zikintzen joandako urak hasiko da garbitzen», azaldu du Agirrek.

Ama-alaben arteko soka

Lau emakume horien ikuspuntuetatik abiatuta, Agirreren istorio berriak pertsona batek beste batengan uzten duen arrastoan sakontzen du, eta gogora dakar nola arrasto hori askotan isildu egiten den. Eleberrian oso presente daude ama-alaben harremanetan suertatu ohi diren korapiloak, edota haurtzaroko zaintzaileen eragina. «Atxikimenduzko zauriei erreparatu nahi izan diet, eta zauri horiek zelan kateatzen diren», adierazi du idazleak.

«Atxikimenduzko zauriei erreparatu nahi izan diet, eta zauri horiek zelan kateatzen diren»

ALAINE AGIRRE Idazlea

Karena (Elkar, 2021) liburuan egin bezala, Agirrek berriro landu du amatasuna. Etxeberria familia bada ere protagonista, bestelako amatasunak ere agertzen dira. «Ez dira denak odolekoak, ezta ohikoak ere. Badaude adoptatuko alabak; beste batzuk, odoleko izanik ere, galdutzat emango dira, eta lapurtutakoak edota gogoz kontra edukitakoak ere azaltzen dira», aurreratu du idazleak. Nola alabak, amak ere hala; sistemak nolabait alboratu dituen amak dira eleberriko protagonistak. «Ama pobreak, erotutako amak... Orokorrean tratu txarren biktimak diren amak dira. Sistemak ez die utzi haien haurrak zaintzen, baina, aldi berean, besteen haurrak zaindu dituzte».

Afektu horietatik jaio da, hain justu, kontakizunaren izenburua. «Hilekoaren sinboloarekin lotu nahi izan ditut sistema patriarkal batean emakume bezala sozializatzeak dakartzan zauriak», azaldu du idazleak. Halere, ñabardura bat egin du: «Jakin badakit emakume guztiek ez dutela hilekoa eta gizon batzuek ere badutela, baina behar nuen halako sinbologia bat egin».

Istorio txirikordatua

Lau emakumeen istorioak txirikordatuta daude eleberrian, eta horregatik, akaso, iruditu zaio liburu hau zailena Agirreri: «Idatzitako lan guztietatik zailena izan da, arkitektura konplexuena duelako. Beharbada irakurlearentzat nahasgarria izan liteke, baina nahita dago egina, apurka-apurka joan dadin eraikitzen puzzlea». Pertsonaia bakoitzaren nortasuna garatzea ere erronka izan dela aitortu du.

Idazleari behin baino gehiagotan nabarmendu izan zaio hizkera bizia darabilela bere liburuetan, eta eleberri hau ez da salbuespena. «Hizkuntzak garrantzia du liburuan; ez dago hitz bakar bat ere ausaz jarrita», azpimarratu du Itzea Urkizu Elkar argitaletxeko editoreak. Are, isiltasunak ere berebiziko garrantzia du. «Isiltasunak duen tokia apartekoa da, ez esatea ere badelako zerbait esatea», azaldu du Urkizuk.

«Oraingoan ere minaren inguruan idatzi dut, baina, minaz beste, minaren erreparazioaz jardun dut, batzuetan itzaletan murgilduta bakarrik topatzen baita alaitasuna»

ALAINE AGIRREIdazlea

«Urteetan pilatutako minak askatzeko aldarri bat» da, Urkizuren ustez, Mila hilekoren erreka liburua. «Ahalduntzeko gidaliburua» ere izan litekeela gehitu du. Azken batean, honela laburbildu du Agirrek bere obra berriena: «Oraingoan ere minaren inguruan idatzi dut, baina, oraingo honetan, minaz beste, minaren erreparazioaz jardun dut, batzuetan itzaletan murgilduta bakarrik topatzen baita alaitasuna».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA