Literatura

Le Fanuren ‘Carmilla’ nobela laburra batu da Literatura Unibertsala bildumara

Maialen Berasategi Catalanek euskaratu du egile irlandarraren lana. Inazio Mujika Iraola editorearen hitzetan, banpiroen literaturaren «aurrekaritzat» jotzen da 'Carmilla'.

Maialen Berasategi Catalan 'Carmilla' liburua eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maialen Berasategi Catalan, 'Carmilla' liburua eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko ekainaren 3a
16:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Banpiroen munduan barneratu da Erein eta Igelaren Literatura Unibertsala bilduma. Gaur goizean aurkeztu dute bildumara batu den azken liburua: Joseph Sheridan Le Fanuren Carmilla. XIX. mendeko nobela gotikoa da, eta Maialen Berasategi Catalan itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko kideak ekarri du euskarara. Erein argitaletxeko editore Inazio Mujika Iraola eta EIZIEko lehendakari Fernando Rey izan ditu alboan aurkezpenean.

Ez da lehen aldia Le Fanuren nobela bat euskarara itzultzen dena. Mujika Iraolak gogorarazi du Erein etxeak autore beraren Maizter misteriotsua argitaratu zuela 1991n, Luigi Anselmik itzulia.

Hainbat literatur aldizkaritan lanean aritutakoa zen Le Fanu, eta aldizkari horietan hainbat kontakizun gotiko argitaratu zituen. Hil baino urtebete lehenago argitaratu zuen orain Berasategik euskarara itzuli duen nobela laburra, Carmilla. Hain justu, In a glass darkly [Ispilu ilun batean] izeneko bost kontakizuneko bilduma batean argitaratu zuen, eta hori da autorearen obrarik ezagunena. Gainera, liburuak duen garrantzia nabarmendu dute Mujika Iraolak eta Berasategik. Mujika Iraola: «Banpiroak protagonista dituen literaturaren aurrekaritzat jotzen da Carmilla. Bram Stoker idazlearen Dracula baino 25 urte inguru lehenago argitaratu zen». Liburuaren xehetasun batzuk ere adierazi ditu editoreak: «Liburu honetan, irakurleak literatura gotikoko banpiro liluragarrienetako bat aurkituko du. Maitasuna eta izua aurkituko ditu, eskutik helduta. Ilunpeko sekretu bat aurkituko du, eta xarma mortala duen bisitari bat».

Desiratuak desiragarri

Lehenik eta behin, liburua eta autorea goraipatu ditu Berasategik. «Liburua klasiko bat da, baina agian askok ez ditu horrenbeste ezagutuko ez liburua eta ez autorea ere. Beste askori bezala, hil ostean etorri zaio aitortza Le Fanuri, beste idazle batzuek haren obra aldarrikatu dutenean».

Estiriako herrialdean (Austria) girotutako kontakizuna da Carmilla. Hango gaztelu gotiko handi batean bizi dira Laura —protagonistetako bat— eta haren aita alarguna. Inguruetan zurrumurru bat dabil, inguruko eskualdeko emakume eta neska asko bata bestearen atzetik hiltzen ari direla izurri misteriotsu baten kausaz. Baina Laura eta aita mundutik oso aparte bizi dira, eta bizimodu patxadatsua daramate. Berasategiren hitzetan, ordea, «kolpean» joango zaie lasaitasuna: «Segizio bat bazebilen herrialdean, eta gazteluaren aurrean istripua izan zuten bertan zihoazen ama-alaba batzuek. Amak joan beharra du, eta alaba Laurarekin eta haren aitarekin geldituko da gazteluan. Istantean piztuko zaie elkarrenganako lilura eta desira». 

«Esanguratsua da ez bakarrik bi protagonistak direlako emakumeak edo biak direlako desiratuak eta desiragarriak. Hori baino gehiago, biak direlako desiratzaileak. Objektu pasibo izan beharrean, nahiko subjektu aktiboak dira»

MAIALEN BERASATEGI CATALANItzultzailea

Askotan alderatu izan dira Le Fanuren Carmilla eta Stokerren Dracula, eta horixe bera egin du Berasategik ere. Itzultzailearen hitzetan, bi obretako banpiroek badute antzik. Besteak beste, «banpiroaren indar imajinaezina, azeritasuna edo itxuraldatzeko gaitasuna» dituzte komun. Baina badituzte desberdintasunak ere, batez ere «banpiroaren izaeran». Berasategi: «Le Fanuren banpiroa itxuraz xaloa, ahula, ederra, gaixobera eta emakumezkoa da. Kontraesanak ere baditu, eta irakurleari kosta egingo zaio ulertzen zergatik jokatzen ari den modu batean edo bestean. Stokerren banpiroa tradizio zaharragoko banpiro munstro gizonezkoa da. Istorioko gaiztagin peto-petoa da».

Banpiroa emakumezkoa izatearen hautua ere ez da oharkabean pasatu Berasategirentzat. «Esanguratsua da ez bakarrik bi protagonistak direlako emakumeak edo biak direlako desiratuak eta desiragarriak. Hori baino gehiago, biak direlako desiratzaileak. Objektu pasibo izan beharrean, nahiko subjektu aktiboak dira». 

Itzultzaile moduan hartu behar izan dituen erabakiez ere mintzatu da Berasategi. Adierazi duenez, XIX. mendeko liburua bada ere, berehala baztertu zuen XIX. mendeko euskara «imitatzea». «Gaur egungo irakurleentzat argitaratutako liburua da. Ez dut garai hartako euskara imitatu nahi izan, baina saiatu naiz jatorrizko hizkuntzaren garai hartako erregistrora hurbiltzen. Uste dut liburuak horixe eskatzen zuela». 

Bestalde, Reyk nabarmendu du Literatura Unibertsala oso bilduma garrantzitsua dela EIZIErentzat eta itzultzaileentzat, oro har: «Liburuak kalitatez itzultzen dira, itzultzaileentzako baldintza duinetan. Neurri batean eskola bilakatu da euskal itzultzaileentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.