70eko hamarkadan, Ann Lee izeneko neska gazte batek Shakers mugimendua sortu zuen. Hainbat jenderen esanetan, «AEBen historiako gizarte utopiko handienetako bat» izan zen. Haren jarraitzaileek Emakumezko Jesu Kristo izenez deitzen zioten Leeri, eta kanten eta dantzen bitartez otoitz egiten zioten. Istorio horretan oinarritu da Mona Fastvold The Testament of Ann Lee filma sortzeko. Brady Corbet zuzendariarekin batera ondu du.
1736. urtean jaio zen Lee, Manchesterren. Gorroto handia zien sexuari, alkoholari, desberdintasunari eta bizitza urbanoari. Hala, 22 urte zituela, Wardley elkartea ezagutu zuen; elkarte horretako kideek uste zuten Jaungoikoa maskulinoa zein femeninoa izan zitekeela. Gainera, Mesiasek bigarren etorrera modu femeninoan gorpuztuko zuela ere bazioten.
Besteak beste, kartzelan egon zen Lee, ezkondutako emakumeak lizunkeriaz epaitzeagatik. Kartzelako egonaldia mugarri izan zen bere bizitzan, eta handik irtendakoan, AEBetara joan zen, «eliza perfektua» sortzeko asmotan. Han, baina, ez zuen harrera ona izan.
Emakumearen figura
Fastvoldek hedabide batean aitortu zuen arrazoi batengatik sortu zitzaiola Leeren bizitza ezagutzeko nahia: hainbat erlijiotako buruzagiek agintzeko duten modua. «Ann Leek agintzeko duen modua izan zen filma egitera bultzatu ninduen arrazoia, nahiz eta erlijioarekin inolako harremanik ez dudan». Honelakoa da bere agintzeko era, zuzendariaren ustez: «Enpatiaz eta adeitasunez agintzen du. Espazio bat sortu nahi du, non denak berdinak diren, bai emakumeak, bai gizonak, bai arraza ezberdinetako jendea». Horregatik, zuzendariak uste du garrantzitsua dela istorio hartaz hitz egitea.
Horrez gain, elkarrizketa horretan gehitu zuen historian zehar «diferentzia» markatu zuten emakumeen istorioak kontatzeko «nahia» izan duela betidanik: «Zenbat istorio ikusi ditugu gizonezkoen inguruan behin eta berriz... Ezin al dugu horrelako emakume bati buruzko istorio bat ikusi? Joana Arcekoa besterik ez zitzaidan bururatzen».
Haren ustez, Leek transmititzen dituen balioak Amanda Seyfriedek islatzen zituen egokien, ez beste inork: «Amandak botere handia du. Oso indartsua da. Erotu samar dago, eta, horregatik, banekien balio horiek guztiak transmititu zitzakeela. Ontasuna, goxotasuna eta samurtasuna eskura zitzakeen, eta, aldi berean, baita eromena ere». Seyfriedek egin du Ann Leerena, eta Lewis Pullmanek haren anaiarena, William Leerena.
'THE TESTAMENT OF ANN LEE'
Zuzendaria: Mona Fastvold. Gidoilariak: Mona Fastvold eta Brady Corbet. Aktoreak: Amanda Seyfried, Thomasin McKenzie, Lewis Pullman. Generoa: drama. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

Zuzendaria eta gidoilaria: Stephane Demoustier. Aktoreak: Claes Bang, Sidse Babett Knudsen, Xavier Dolan. Argazkia: David Chambille. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.'l'inconnu de la grande arche'
1983. urtean dago girotuta filma. Frantziako Gobernuak historiako arkitektura txapelketarik handiena antolatu du. Irabazlea gizon ezezagun bat da: Johan Otto von Spreckelsen, Kopenhageko arkitekturako irakasle bat. Ordura arte, arkitekto horrek lau eraikin besterik ez zituen eraiki: bere etxea eta hiru kapera txiki.
Zuzendaria eta gidoilaria: Tarik Saleh. Aktoreak: Fares Fares, Lyna Khoudri, Zineb Triki. Herrialdea: Suedia. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.'eagles of the republic'
Fares Faresek George Fahmyren rola jokatu du; Egiptoko aktorerik maitatuena. Orain, presiopean ikusten du bere burua; izan ere, herrialde hartako goi kargudunek eskatutako film bateko protagonista izateko eskatu diote. Gogoz kontra, baina onartu du rola, eta herrialdeko pertsona boteretsuenen parte izaten lagunduko dio.
Zuzendaria: Pascal Bonitzer. Gidoilaria: Sophie Fillieres. Aktoreak: Fabrice Luchini, Chiara Mastroianni, Suzanne De Baecque. Argazkia: Yves Angelo. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian.'victor comme tout le monde'
Oholtza gainean ez dagoenean, triste pasatzen du eguna Robert Zucchini aktoreak —Fabrice Luchinik antzeztu du—. Hitzei dien maitasuna transmitituz, gauero-gauero antzokia betetzen du. Une batean, baina, haren alaba berriz agertu da bere bizitzan; ez du hazten ikusi.