Gaur Artiumen jotzen dut, Irudika ilustrazio jaialdian. Irudika-ko kartela Instagramen partekatzean, ordutegiaren berri emanez, emakume batek mezu pribatu bat idatzi dit, karteleko marrazkiko neska baten gorputz biluziaren harira: «lotsagarria» iruditzen zaiola emakumeak «sexualizatzea» irudi horren bidez, gure burua eta gure adimena erabiltzen ditugula horrelako ekitaldiak egiteko, eta ez gure gorputz biluzia, berriro ere sexu objektu bilakatua, eta abar.
Suposatzen dut emakume horrek pentsatu duela bere betebeharra dela hori niri esatea.
Arrazoi berdintsuengatik imajinatzen dut, kontzertu bat bukatzean, agertokitik jaitsi eta gizon batek zera esateko eginkizuna izan zuen: «Oso polita musika, baina lagunak eta biok komentatu dugu takoiena ez dugula ulertzen. Ez zaigu gustatu». 50 urte inguruko gizon horiei aurpegian ikusi nien erantzun bat espero zutela. Irribarre batez, batzuei gustatuko zitzaiela eta besteei ez erantzun nien. Gaur, ez nintzen hain atsegina izango, zoritxarrez (zoritxarrez?).
Niña soñando kantua kaleratzean, komentario publiko bat idatzi zuen tipo batek, abestia asko gustatzen zitzaiola seinalatuz, baina erromantizismo toxikoa sustatzen zuela iradokiz, eta munduari galdetuz, umilki, ea maitasunean bilatu beharrean, ez litzatekeen hobea izango errealizazioa norberak norberarengan bilatzea. Gehitu zuen abestiak ematen zuen mezua ez zitzaiola mezu ona iruditzen neska gazteentzat. Bere ordenagailuko teklatuari eraginez irudikatzen dut, kontent, ezagutza unibertsalean bere hondar alea behingoz emanda.
Horrelako ohartxo askoren bitartez jaso izan ditudan iritziek, azken finean, feministagoa izateko eskaera edo feminista hobea izateko kexa adierazten dute. Ekarpen horien erdiak gizonenak dira. Bizitzako beste edozein eremutan bezala, hori ere haiek azalduko didate nola egin. Eskerrak.