Azken aste eta erdian orga altxatzailea martxan da Arberatze-Zilhekoan (Baxenabarre): bip-bip-bip aditzen da Intza Casamajou Elkegarairen (Sohüta, Zuberoa, 2005) telefonotik. Hortik gutira, elizako ezkilak ere kolpe batzuk eman ditu, eta kamioi bat pasatu zaio ondotik. EHZ festibaleko muntaketa bete-betean harrapatu du BERRIAk talde eragileko eta teknika taldeko kidea. 30. urteurrenaren prestaketak bukaturik, gaur hasiko da festibala.
Zerk eman dizue lanik handiena aurten?
Talde eragile polita gara, urte anitzez antolaketan ari izan diren batzuez eta gazte batzuez osatua baita. Horrek lagundu gaitu 30. urteurrena lantzeko tenorean. Hainbat gauza egin ditugu festibalaren ohiko formatuaz gain: liburu bat eta podcast bat atera ditugu, eta dokumental bat ere aterako da fite. Hiru elementu horien koordinatzeak eta lantzeak lan handiagoa eman digu aurten.
Nolako harrera izan dute liburuak eta podcastak?
Podcasta urte hastapenean atera genuen, eta jendea elkarrizketatu genuen gai batzuen inguruan. Festibalaren inguruko hainbat bizipen jorratzen ditu podcastak, eta, funtsean, elkarrizketatu bakoitzak festibala nola bizi izan duen erakusten du. Emankizunak arinak dira, errazki entzun daitezke, eta uste dut jendeak hori preziatu duela. Liburua berriki atera dugu, eta arrakasta du, jendeak etxean ukan nahi baitu. Liburu bat baino zerbait gehiago da, festibala kontatzen duen objektu bat. Bertzalde, dokumental bat grabatzen ari dira, eta itzalean egiten den lana erakutsiko du, hots, barne solasak, festibal ereduaren hautaketa... eta, oro har, antolatzaileen lanaz arituko da. Larrazkenean karrikaratuko da.
Talde eragilean izateaz gain, teknika taldean ere ari zara.
Lehen urtea dut teknikan, eta, beraz, dena berria da enetako. Talde ona gara, kide zaharrez eta berriez osatua. Arberatzen hirugarren aldikotz izateak anitz laguntzen gaitu, festibalaren planoa finkatua baitago, eta aitzineko urteetako esperientzia baitugu. Teknikoki egin ditugun aldaketak hobekuntzak baizik ez dira.
«Liburua berriki atera dugu, eta arrakasta du, jendeak etxean ukan nahi baitu. Liburu bat baino zerbait gehiago da, festibala kontatzen duen objektu bat»
Jendeak ez duke pentsatzen teknika arloan zer den EHZ, ezta?
Argiki, batere ez. Festibalean sartu baino lehen, ez zara ohartzen zenbateko lana galdegiten duen. Aste bat eta erdiko lana da dena muntatzea, eta aste oso bat behar da desmuntatzeko. Beraz, kasik hiru asteko lan materiala da, eta, bestalde, urte osoko lana, jendea lotzeko, makinak galdegiteko, argindarra ezartzeko, eta abar.
Gehiena alokatzen duzue, edo inguruko elkarteek prestatzen dizuete?
Materialaren aldetik, entseatzen gara gehienbat tokiko enpresekin eta elkarteekin edo historikoki festibala lagundu duten jendeekin lotzen. Joan-jinak urririk egiten dituzte, eta beharrik baditugula harreman sendo horiek, horri esker ere bizi baita festibala.