Mikel Onandia Garate.

Figurazio politikoaren eta esperimentazio formalaren artean

2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Figurazio politikoaren eta esperimentazio formalaren arteko etengabeko joan-etorrian, duda barik, XX. mendearen bigarren erdiko Euskal Herriko sortzaile garrantzitsuenetako bat izan da Agustin Ibarrola. Artista polifazetikoa, muturreko posizio ezberdinetatik jazarria eta goratua, eraikuntza kolektiboko prozesu ezberdinetan parte hartu zuen, konpromiso politikoa bai bere lanean eta baita hortik haratago ere eramanez.

1940ko hamarkadan margotzen hasia, Arantzazun esperientzia zapuztu baten ondoren, Mari Dapena eta Ismael Fidalgorekin elkarlanean Bizkaian zehar erakusketa ibiltari eta politikoen kanpaina bat hasi zuen. Poliziaren jazarpenaren beldur, Parisera alde egin zuen, Equipo 57 delakoan txertatuz. Abstrakzio formal eta kolorista erradikaleko talde-lanak osatu zituen, espazioaren interaktibitatearen gaineko ikerketa eta pintura-diseinua-arkitektura diziplinen batuketa bilatuz.

1961etik aurrera, Bizkaiko Estampa Popular taldearekin tirada handietan osatu grabatuekin, langileak esplotazioaren eta errepresioaren inguruan sentsibilizatzea izan zuen helburu; atxiloketak eta espetxeratzeak ekarri zizkion lan militantea. Artearen kontzepzio politikoagatik eta figurazioarekin zuen konpromisoagatik, Bizkaiko Emen taldearen eta Gipuzkoako Gaur taldearen arteko desadostasunean ere protagonista izan zen Ibarrola; baita 1972ko Iruñeko Topaketetan ere, non berak bidalitako horma-irudi handia estali zuen antolatzaileen zentsura salatzeko asmoz. Ezaguna denez, 1990etik aurrera ETAren eta euskal abertzaletasunaren aurka agertu jarrera publikoak mehatxuak eta erasoak sufritzea ekarri zion.

Azken hamarkadetan osatu lan publiko ezagunenetik haratago, Omako basoa (1984) kasu popularrena izanik, Ibarrolaren ekoizpen interesgarriena meatze, makina eta langileen figurazio sozial eta alegorikoaren iruditerian datza; lehenik xilografia txikietan, konposizio piktoriko handietan gero. Pintzelkada trinkoaren erabilera, soiltasun kromatikoa eta zorroztasun formal nabarmena dira 60ko eta 70eko hamarkadetako ontziolen, lantegien eta hiri-eszenen ezaugarri nagusiak. Garabi eta itsasontzi deformatu eta kolosalak, langileak —masa anonimo, trinko eta kolektibo gisa irudikatuta— alienatzen dituzten produkzio-aparatu kapitalista beldurgarri gisa aurkezten zaizkigu. Ahaztezinak dira, galdutako garai baten irudi, Ibarrolaren figura totemiko eta hibrido asko, enigmatiko eta bakartiak, izan langileak, bikote besarkatuak nola makinekin bat egiten duten gorputzak. Figurazio militantearen eta geometriaren inguruan egindako esperimentuen arteko sintesiaren adibide eredugarria da haren Gernika (1977), ia 40 urte ahanzturan egon ostean Bilboko Arte Ederren museoak berreskuratu berri duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.