FKA Twigs artista BBK Livera batuta, kartela itxi du jaialdiak

Laurogei artista baino gehiago bilduko ditu jaialdiak uztailaren 9tik 11ra. Egunez eguneko egitarauaren berri eman dute, eta eguneko sarrerak salgai jarri dituzte; martxoaren 24ra arte prezio berezian eskuratu ahal izango dira.

FKA Twigs artista kontzertu batean. CYRIL ZINGARO / EFE
FKA Twigs artista kontzertu batean. CYRIL ZINGARO / EFE
edurne begiristain
2026ko martxoaren 18a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

FKA Twigs artista britainiarrak itxiko du BBK Live jaialdiaren aurtengo kartela. Antolatzaileek gaur eman dute egunez eguneko programazioaren berri, eta, horrekin batera, osatu egin dute uztailaren 9tik 11ra bitartean jaialdian arituko diren taldeen zerrenda.

Laurogei artistatik gora igoko dira Kobetamendiko agertokietara hiru egunetan. Lehen egunean, uztailaren 9an, Calvin Harris, David Byrne eta FKA Twigs izango dira kartelburu. Hurrengo egunean, ostiralean, Robbie Williams arduratuko da publiko zabala erakartzeaz; harekin batera arituko dira, besteak beste, Alabama Shakes, Belle and Sebastian, Richie Hawtin eta La M.O.D.A. Hirugarren eta azken egunean, uztailaren 11n, askotariko proposamenak bilduko ditu jaialdiak: Dellafuente, IDLES, Lily Allen, Interpol, Charlotte de Witte eta ZAZ izango dira, besteren artean, oholtzara igoko direnak.

Aurten ere hiru gune berezi egongo dira. Basoa guneak —basoan kokatutako rave formatua— 2manydjs, Erol Alkan eta Optimo, Dee Diggs, Donato Dozzy eta DJ Nobu hartuko ditu, besteak beste. Lasai eremuak erritmo pausatuagoak eskainiko ditu, Minor AM, Suze ljo, James Massiah, livwutang eta beste zenbait artistaren eskutik. Gorria gunean, berriz, klub giroko saioak izango dira, Metrika & D. Bastoren Vampirina Club eta Taichu and Friendsen Hotcore Party emanaldien bueltan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, eguneko sarrerak dagoeneko eskuragarri daude prezio berezian, martxoaren 24ko 11:00ak arte —gutxienez 65 euro—, eta bonuak ere salgai daude jaialdiaren webgunean. Kanpatzeko aukerak eta taldeentzako eskaintza bereziak ere jarri dituzte eskuragarri.

EGUNEZ EGUNEKO KARTELA

  • Uztailak 9, osteguna. Calvin Harris, David Byrne, FKA Twigs, Dani Fernandez, Paris Paloma, Belen Aguilera, Apparat, Fatoumata Diawara, Don West, Hemlocke Springs, Folk Bitch Trio, Las Petunias, Sara Zozaia, Hoonine, GAR.
  • Uztailak 10, ostirala. Robbie Williams, Alabama Shakes, Belle and Sebastian, La M.O.D.A., Richie Hawtin DEX EFX X0X, Soulwax, TOMORA, Xoel Lepez, Depresion Sonora, La Paloma, Yerai Cortes, Westside Cowboy, CMAT, Thee Sacred Souls, Juicy BAE, Mietze Conte, Marte Lasarte, Suave.
  • Uztailak 11, larunbata. Dellafuente, IDLES, Lily Allen, Interpol, Charlotte de Witte, ZAZ, horsegiirL, Ralphie Choo, BB Trickz, AMORE, Queralt Lahoz, CERVATANA, Nu Genea, Mind Enterprises, Aimarz, BARRRK.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA