Flamenkoaren definizioa zein den argi du Flamenco on Fire fundazioak: «Arte unibertsal eta ikasia da». 2014an sortu zen elkarte hori, bi helburu nagusi betetzeko asmoz: Agustin Castellon Campos Sabicas gitarristari behar bezalako aitortza egitea eta, oro har, Andaluziako (Espainia) musika estilo hori ahal beste hedatzea. Nafarroan, zehazki, Flamenco on Fire izen bereko jaialdia antolatzen du fundazioak urtero, eta ibilbide luzeko artistek eta hasiberriak direnek bat egiten dute horretan. Ostiralean hasi eta abuztuaren 31ra arte iraungo du aurten, eta flamenkoaren sorrera eta horrekin lotutako tradizioak izango ditu ardatz 12. aldiak. 37 ikuskizun izango dira guztira, Vianan, Tuteran eta Iruñean. Besteak beste, Jose Valencia, Esperanza Fernandez eta Yerai Cortes artistek hartuko dute oholtza.
Kontzertu Handiak zikloaren harira, hain justu, Juan Requena gitarra jotzaileak eta Jose Valencia abeslariak emango diote hasiera jaialdiari, Vianan. Ostiralean emango dituzte kontzertuak: Vianako udaletxeko balkoian ariko da Requena, 19:45ean, eta San Pedro elizan joko du Valenciak, 21:00etan. Requenak, gainera, Valenciak eskainiko duen Mi camino ikuskizunean ere parte hartuko du. Manuel Valenciaren eta Juan Diego Valenciaren txaloek markatuko dute emanaldi horren erritmoa, eta Juan Tomas de la Molia dantzariak zuzeneko kolaborazio berezi bat egingo du. Horrez gain, beste bi emanaldi izango dira Tuteran, larunbatean: udaletxeko balkoian joko dute Lorena Jimenez eta Bruno Jimenez neba-arrebek, 20:00etan, eta Gaztanbide aretoan ariko da Esperanza Fernandez abeslaria, 21:30ean.
Iruñean izango dira, ordea, kontzertu gehienak. Kontzertu Handiak zikloari dagokionez, zehazki, lau emanaldi antolatu dituzte Baluarte batzar jauregi eta auditoriumean; horien artean izango dira Flamenco on Fire elkarteak ekoitzitako bi ikuskizun berri. Batetik, Alzapua III ekoizpena emango dute hilaren 27an, 20:30ean, eta Manolo Franco, Gerardo Nuñez, Rafael Riqueni eta Jose Antonio Rodriguez gitarra jotzaileak izango ditu protagonista. Haiekin batera, Antonio Canales flamenko dantzaria, Montse Cortes abeslaria eta Pepe Habichuela gitarrista ere igoko dira oholtzara. Horrez gain, Reseteando musika ikuskizun garaikidea eskainiko dute Lela Soto, Angeles Toledano eta Maria Terremoto abeslariek. Hilaren 30ean izango da, 21:30ean, eta flamenkoaren transmisio bide desberdinak izango ditu oinarri.
Aurreko aldietan ez bezala, aurtengoan Gaiarre antzokian ere eskainiko dituzte hainbat emanaldi, XXI. Mendea Agertokia zikloaren baitan. Horien artean, Yerai Cortes gitarra jotzaileak eskainiko duen Guitarra coral ikuskizuna da aipagarriena. Izan ere, egungo arte flamenkoko musikari garrantzitsuenetariko bat da Cortes, «aurretik landu gabeko erritmoak» uztartzen dituena. Musikan ibilbide luzea duen familia batean jaio zen, eta Judeline, Ralphie Choo eta C. Tangana artistekin aritu da, besteak beste. Guitarra coral emanaldiak eta 2024an estreinatu zuen La Guitarra Flamenca de Yerai Cortes pelikulak nazioarteko aitortza eman diote. Hilaren 26an hartuko du oholtza, 20:00etan, eta flamenko klasikoa, estetika, tradizioa eta garaikidetasuna nahastuko ditu.

Hori guztia gutxi balitz bezala, gaueko eta balkoietako, kaleetako eta patioetako emanaldi bereziez ere gozatu ahalko du publikoak. Miguel Vargas dantzariak emango dio hasiera Gaueko Zikloari Iruñeko Udaletxeko balkoian, hilaren 26an, 22:00etan; sarrera doakoa izango da. Tres Reyes hotelak, gainera, beste bost gonbidatu izango ditu ziklo horren harira: Duquende ariko da hilaren 27an; Alba Heredia, 28an; Tomasa Guerrero La Macanita, 29an; Vero La India, 30ean; eta Jose Canela, Fernando Canela, Noelia Sabarea eta Nono Reyes, 31n. Egunean zehar, gainera, beste ikuskizun batzuk ere izango dira Iruñeko Udaletxeko balkoian, La Perla hotelean, Kondestablearen jauregian eta Ezpeleta jauregietan.
Musika emanaldietatik haratago
Sorkuntza digitala sustazeko helburuz, bigarren Electro on Fire lehiaketa antolatu du oraingoan Flamenco on Fire elkarteak. Esku pilotari omenaldia egiteko asmotan, zehazki, frontoi batean inspiratutako kartela ondu dute antolatzaileek aurtengo jaialdirako. Hala, Electro on Fire ikus-entzunezkoen lehiaketak esku pilota eta flamenkoa batzen dituzten lanak bildu ditu aurtengoan. Parte hartzaileek Fernando Vacas flamenko ekoizlearen abestietako bat aukeratu behar dute, eta esku pilotarekin lotutako edozein gauzarekin lotu —janzkera, modalitatea, pilotariak, erremintak eta abar—. Ostiralean bukatuko da lanak bidaltzeko epea, eta hilaren 26an jakinaraziko dituzte irabazleak. 400 euroko saria emango diete, eta Radio 3 katearen accesit bat eskuratzeko aukera izango dute.
Bestalde, «tradizioa ospatzeko», esku pilotaren eta flamenkoaren arteko topagune bat antolatuko dute hilaren 27an, 12:00etan, Mañuetako frontoian. Iruñeko Udalak, Napike eta Gazkalo elkarteek eta Flamenco on Fireko antolatzaileek hartuko dute parte. Chichan, David Arbizu, Iban Garcia eta Abraham Antimasbeheres pilotari ijitoei egingo diete orduan omenaldia, «ijitoen aldeko justizia ekitaldi» gisa. Bien bitartean, Lagunak Pilota elkarteak esku pilota erakustaldi bat egingo du, doan. Domingo Rubichi gitarristak itxiko du ekitaldia, Sabicas omentzeko ikuskizun batekin.