Martin Ciriza
Lauhazka

Flegel anaiak, Cindy Lee eta Preoccupations

2026ko urriaren 11
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Preoccupations eta Cindy Lee azken hilabeteetan zaletuta naukaten bi talde dira. Bakoitzaren zuzenekoak eta argazki batzuk begiratzeaz gain, ezer gutxi dakit protagonisten inguruan. Biak kanadarrak dira, bai, Calgarykoak hain zuzen ere; noizbait azkar batean begiratu dudan webguneren batean artistek daukaten datu fitxen arabera. Horretaz gain, jakiteko dena nuen oraindik bi talde eder hauen inguruan.

Joan den igandean, bideo bat grabatzera gindoazela, kamera zeramanak talde batekin hasi beharra zuela esan, eta, halako batean, Cincy Leeren bertsio bat egin nahian zegoela aipatu zuen; Heavy Metal abestiarena. Hori entzun bezain laster, imajinatu dezakezuen harridura aurpegiarekin, azken boladako nire talde kuttuna dela erantzun nion. Sentimendu berarekin adierazi zidan zenbateraino den ikaragarria familia beretik Cindy Lee eta Preoccupations bezalako taldeak sortu izana. Momentu horretarako, istorio hori entzutear nengoelakoan, nire harridura ilusio bihurtu zen.

Flegel anaiak, Kanadako Calgary hirikoak: Patrick Flegel, Cindy Leeren sortzailea; Matt Flegel, aldiz, Viet Cong eta, gerora, Preoccupations taldeko abeslaria. Cindy Lee 2012an sortutako drag queen proiektu musikala da. Confrontation pop gisa izendatzen du egiten duen hori. Industriari aurre egiteko neurri bezala, bere musika guztia streaming plataforma nagusietatik ezabatzea erabaki zuen. Musikalki lasaia da, kasete batetik entzungo balitz bezala, modu elegantean, deskribatzen zailak diren estilo interesgarriak nahasten ditu. Gehiegizkoak direla sentitu gabe, erabiltzen dituen tresna eta efektu askotarikoek are gehiago aberasten dute haren musika. Diamond Jubilee, haren azken lana, horren guztiaren erakusle nagusia da. Posible bagenu, hodei baten gainean entzun beharrekoa.

Preoccupations taldeak —Viet Cong zena norbaitek mingarria zela salatu zuen arte—, musika estilo aldetik, bide klasikoagoa hartu zuen. Lehendabiziko lanetan, batez ere Beatlesengandik 1970eko hamarkadako post-punk goiztiarrerainoko zantzuak topatu daitezke. Musika zorrotza, baxu eta bateria dantzariekin, tresna ezberdinen arteko jolas harmonikoekin, eta, noizean behin, modu epikoan abesteko estribilloekin. Ez dira inoiz estilo zehatz batera mugatu, eta denborarekin beren proposamena aldatu dute, eta gutxinaka elektronika, erritmo mantsoagoak eta soinu efektu nabariagoak baliatzen hasi dira.

Maite ditudan musika estiloak batzen dituzten katebegiak eta nire bizitzako soinu banda izaten ari dira kanadar hauen lanak. Noiz arte izaten jarraituko duten ez dakit, baina puzzle bateko pieza bat aurkitzea bezain garrantzitsua izan da Flegel anaiak ezagutzea

Patrickek eta Mattek, anaiak izateaz gain, elkarrekin talde bat izan zuten bakoitzak bere ibilbide propioa hasi baino lehen. Orduan, Women izeneko taldea aipatu zuen igande horretan izan nuen informatzaileak. Ordura arte, Women elkarrizketaren batean entzundako izen bat besterik ez zen. Baina talde hori osatzen duten bi protagonisten musika zenbateraino gustatzen zaidan jakinda, honakoan ezin nuen talde horren musika entzuteko aukera galdu. Eta behin entzunda, Cindy Lee eta Preoccupations jaio ziren enborra dela sentitu nuen.

2008an sortu zuten taldea Flegel anaiek, Mike Wallacerekin eta Chris Reimerekin batera. Bi disko besterik ez zuten behar izan garaiko indie foroetan hizpide izateko. Are gehiago, bi diskorekin aski izan zuten garai berri baten fundatzaile izateko. Gaur egun bogan dagoen art-punk musikaren garai berri honetako oinarrietako bat izan daiteke talde kanadarra. Ezpata bezain zorrotza edo soinu masa bat bezain lodia izan daiteke haien musika. Pluraltasun horrekin, sobera urrun joan gabe, Kaskezur, Vulk eta Ezezez  —Women orain arte ezagutu gabe— nigan eragina izan duten taldeak izan dira. Iraganeko elementuak hartuz, berrikuntza bat suposatu dute, haiek ongi erakusten baitute berrikuntzarako beti dagoela tartea, betiko elementu eta tresnekin bada ere. Taldearen amaiera —talde berean dauden anaien arteko ohiko haserreen ondorioa—, batez ere, Chris Reimeren heriotzaren ondorioz iritsi zen.

Oraintxe bertan, maite ditudan musika estiloak batzen dituzten katebegiak eta nire bizitzako soinu banda izaten ari dira kanadar hauen lanak. Noiz arte izaten jarraituko duten ez dakit, baina puzzle bateko pieza bat aurkitzea bezain garrantzitsua izan da Flegel anaiak ezagutzea.

(ID_17912046977305) Women
Women taldearen Women diskoaren azala. BANDCAMP

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA