Formatua berrituta egingo dute Hitzaren Eskolaren laugarren aldia, Azpeitian

Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Joseba Sarrionandia eta Itziar Ugarte ariko dira irakasle. Bakoitzak beste irakasle bat gonbidatuko du

Gantzarain, Ugarte eta Cano, atzo, Azpeitian. GORKA RUBIO / FOKU.
mikel lizarralde
Azpeitia
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibak 2019. urtean jarri zuen abian Hitzaren Eskola, hitzari «beren-beregi» espazio eta proiektu bat eskaintzeko asmoz, Xabier Gantzarain proiektuaren sustatzaileetako batek atzo eginiko aurkezpenean azaldu zuenez. «Ikusten genuen hitza adierazpide eta diziplina ezberdinetan ibiltzen dela, asko erabiltzen dela, baita egunerokoan ere, baina askotan oharkabean pasatzen dela». Lehenengo aldi hartan, zeinak sei hilabete iraun zuen, beste horrenbeste irakasle aritu ziren, bakoitza hitzaren arlo batekoa, «nahiz eta, azkenean, batek gauza bakarra ez duen egiten normalean»: Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Miren Gaztañaga, Irene Arrarats, Igor Elortza eta Lorea Agirre. «Esperientzia polita» izan zela ondorioztatuta, egitasmoarekin segitzea erabaki zuten.

Pandemia tarteko, beste bi aldi antolatu dituzte, eta, horietan, honako sortzaile hauek aritu dira irakasle: Arantxa Iturbe, Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña eta Xabier Erkizia —bigarren aldian—; eta Ula Iruretagoiena, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban, Oier Guillan, Miren Artetxe eta Amets Arzallus —hirugarrengoan—.

Aurten, ordea, Hitzaren Eskola beste formatu batean ematea erabaki dute. «Hausnarketa baten ondorioa izan da. Jende batek esaten zigun sei hilabete luze zela, konpromiso handia eskatzen zuela, eta batzuetan kosta egiten zela konpromiso hori hartzea». Horrela, aurten laburtu egingo dute, eta hiru hilabetez izango da; aurreko urteetan bezala, Dinamoa sormen gunean. Sei irakasleren ordez, bestalde, lau ariko dira eskolak ematen: Amets Aranguren Ibil Bedi musika taldeko kidea, Irati Gorostidi zinemagilea, Joseba Sarrionandia idazlea eta Itziar Ugarte idazle eta BERRIAko Kultura saileko kazetaria. Horietako bakoitzak, gainera, irakasle gonbidatu bat eramango du azken saiora, «irekitzeko eta ezagutzeko beste norbaitek zer esan dezakeen aipagai den gaiari buruz». Arangurenek Ion Celestino musikaria gonbidatuko du; Gorostidik, Arantza Santesteban zinemagilea; Sarrionandiak, Peru Magdalena idazlea; eta Ugartek, Maider Oleaga zinemagilea.

Arreta gaitasuna

Ugarte bera atzoko agerraldian izan zen, eta aitortu zuen «inbidia handiz» erreparatu izan diela Hitzaren Eskolako aurreko aldiei: «Badut jende bat hemen gertu ibili izan dena, eta uste dut heldu zaidala hemen sortzen den estimulazio horren uhina». Aurten parte hartzeko proposamena egin ziotenean, berehala pentsatu zuen gogoz izango zela bertan, baina parte hartze hori «ikasle moduan» egiteko modukoa iruditzen zitzaion: «Uste dut horrek asko esaten duela hemen dagoen espirituaren inguruan: ezagutza eta sormen grinaren trukea eskema bertikaletik kanpo egitearen aldeko jarrera bat».

Bere eskola pentsatzeko denbora izango badu ere, kazetaritzatik eta idazletzatik iritsita, bere «idazmahaia ikasgelan hedatzea» nahiko luke Ugartek, baina ikasgelan jaso dezakeen guztia jasotzeko prest betiere. «Azkenaldian nahikotxo interpelatzen nauen gai bat landu nahiko nuke: garai ultra-azeleratu honetan arreta gaitasuna kamusten ari dela orokorrean».

Canok, bestalde, zera nabarmendu zuen: Hitzaren Eskolak irakasleak proposatzen baditu ere, eskolaren beraren formatua horizontala dela. «Esperientzia oso gustagarria izan zen. Batetik, malgua zen, eta, bestetik, oso modu horizontalean jorratu zen, ikasleekin batera. Eta emaitza interesgarriagoa da. Ez nator ni hemen lezioa ematera; kezka batzuk, duda batzuk, esperientzia bat konpartitzera eta horren gainean jardutera baizik».

Hitzaren Eskola irailaren 2tik azaroaren 18ra arte egingo dute, beti larunbatez, 09:00etatik 13:00etara. Matrikulazioa egiteko epea, berriz, uztailaren 7ra artekoa izango da.

Laugarren aldia izango du aurtengoa Hitzaren Eskolak, baina orain arte egindako lana biltzen duen memoria ere jaso du Kulturaz kooperatibak Dinamoaren webgunean. Aurreko urteetan erabilitako material guztia jaso dute bertan. Gantzarain: «Bakoitzak muntatu dezake bere eskola material horrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.