«Suprefetak agorrilaren 29an adierazi zigun ez zela jinen. Gainera, DRAC Kultur Gaien Eskualde Zuzendaritzak ere erran digu ez dela Administrazio Kontseilura etorriko, gaurko mobilizazioagatik». Hori adierazi du Katixa Dolhare-Zaldunbide EKE Euskal Kultur Erakundearen lehendakariak gaur goizean antolatu mobilizazio artistikoaren karietara.
Hirurehun pertsona inguru bildu dira Uztaritzen (Lapurdi), EKEren egoitzaren aitzinean, Frantziako Gobernuak gauzatuko duen 30.000 euroko diru murrizketa salatzeko. EKEko Kultur Eragileen Batzordeak —elkarteen ordezkaritzak— antolatu mobilizazio artistikoan laurogei elkartek eta hainbat boluntariok parte hartu dute. EKEk sustengatzen dituen elkarteen izenekin osatu pankartak hartu, eta sarrerako xeilaraino pasabidea egin dute protestan bildutakoek. Administrazio Kontseiluan parte hartu duten gainerateko erakundeei —Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoko Departamendua eta Eusko Jaurlaritza— Frantziako Gobernuaren bide bera ez hartzeko galdegin diete. Patxi Amulet musikariak eta Uztaritzeko dantza taldeak performance bana egin dute. Barnera sartzekotan zirela, berriz, Amets Arzallusek bertso batzuk kantatu ditu.Â
Dolhare-Zaldunbideren erranetan, Frantziako Gobernua ez denez etorri, gaurko Administrazio Kontseilua baliatuko dute bertze erakundeak murrizketaren aitzinean nola kokatzen diren jakiteko. «Bertze erakunde diruztatzaileek murrizketaren aitzinean zer jarrera hartzen duten jakin nahi dugu, beldur baikara Frantziako Estatua murrizketak gauzatzen hasten bada bertzeek ere gibeletik segituko dutela».
«Bertze erakunde diruztatzaileek murrizketaren aitzinean zer jarrera hartzen duten jakin nahi dugu, beldur baikara Frantziako Estatua murrizketak gauzatzen hasten bada bertzeek ere gibeletik segituko dutela»KATIXA DOLHARE ZALDUNBIDE EKEko lehendakaria
Marie Andree Ouret Kultur Eragileen Batzordeko kidearen arabera, berriz, Frantziako Gobernuak estakuruak atzeman ditu Administrazio Kontseilura ez jiteko. Manera batez edo bertzez zuzenki adieraziko diote murrizketa salatzen dutela eta ez dutela onartzen. Bide batez, elkarteengandik 150 sustengu gutun ukan dituztela erran du, eta azpimarratu mobilizazio «behar-beharrezkoa» zela. «Diru apaltzea biziki kaltegarria da euskal kulturarentzat, eta ezin dugu hori pasatzen uzten ahal deus adierazi gabe».
Ondorioak
Egun, milioi bat euroko aitzinkontua du EKEk. Epe laburrean, 30.000 euro gutiagorekin ibili beharko balitz, lanpostu bat zalantzan litzateke, edo hogei elkarteren diru laguntzak lanjerean lirateke. Dolhare-Zaldunbidek erran duenez, epe ertainean eta luzean, erakundearen aitzinkontua negatiboa izateaz gain, EKEren rol estrategikoa hankaz gora emanen litzateke, Ipar Euskal Herrian duen «funtsezko estrategia» zangopilatuz.Â

Daniel Landart EKEko zuzendariorde ohi eta idazleari ere «larria» egin zaio Frantziako Gobernuaren ekintza. 1990ean sartu zen EKEn, eta 2010ean utzi zuen kargua. EKE itzulpenak egiteko zentro «soila» zen hastapenean, eta, pixkanaka, handituz joan egitura da. Haren erranetan, nahiz 35 urtez urrats anitz egin dituen erakundeak, murrizketak Frantziako egoera politiko arras txarrarekin du lotura.
Gerorako aterabideak
Joana Erdozaintzi Etxart Bunuztar Xoriak elkarteko kideak esplikatu du Askaot ikuskizuna parte batez EKEk diruztatu ziela, jantziak, azpiegitura eta bertze hainbat gauza «duinki» kudeatu ahal izateko. Argi du diru laguntzarik gabe ikusgarria ez zela batere bera izanen. Ondorioz, kontatu du murrizketa gauzatuko balitz elkarteek beren burua bertze manera batez diruztatu beharko luketela. «Dirua beste nonbait atzeman beharko dugu, edo guhaurek diru laguntzen menpe ez izateko sistema bat atzeman». Lotsagarria eta larria zaio egoera, elkarteen proiektuak eta haien terrenoa lanjerean ematen baitu Frantziako Gobernuak.
«Zerbait ez da salbatzen negar eginez bakarrik. Indarrez bermatu behar da euskararen eta euskal kulturaren aldeko sostengua: erakundeak bortxarazi behar dira onar dezaten, gero hitza atxiki dezaten, eta, ahal balitz, beren engaiamendua emenda dezaten»DANIEL LANDART EKEko zuzendariorde ohia eta idazlea
Landart, berriz, geroari begira jarri da, eta etsipena baizik ez du ikusten inguruan. Hala ere, oroitarazi du duela 60 urte militante gisa sartu zela euskal kulturgintzan, eta harrezkeroztik «guduka» baizik ez duela egin. Erran du etorkizunean itxaropentsu segitu behar dela euskal kulturaren alde borroka egin nahi bada. «Zerbait ez da salbatzen negar eginez bakarrik. Indarrez bermatu behar da euskararen eta euskal kulturaren aldeko sostengua: erakundeak bortxarazi behar dira onar dezaten, gero hitza atxiki dezaten, eta, ahal balitz, beren engaiamendua emenda dezaten».