Musika

Gainezka egin du BBK Live jaialdiak

Arctic Monkeys, Idles eta Love of Lesbian taldeen kontzertuekin amaitu da BBK Live. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 120.000 pertsonak parte hartu dute aurten, eta iragarri dute datorren urtekoa noiz izango den: uztailaren 11n, 12an eta 13an.

Arctic Monkeys taldea, larunbatean, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
Iñaki Lasa Etura.
2023ko uztailaren 10a
09:13
Entzun

Sold out. Bi aurpegi dituen kontzeptua. Antolatzaileentzako pagotxa, sarrera guztiak saldu dituztelako; eta, aldi berean, Kobetamendin izango diren zaleentzako abisua: prest egoteko, jendetza egongo dela, eta ez dela hain erosoa izango Bilboko BBK Live jaialdian egotea. Ostegunean eta ostiralean baino jende gehiago bildu zen larunbatean, Arctic Monkeys, Idles, Love of Lesbian eta beste 30 talde ikusteko. Ateak ireki zituztenetik nabaritu zen jarioa, eta, igandearekin batera eguzkia atera zenean, Basoa gunearen babesean ziren bat baino gehiago jaialdiaren azken minutuak zukutzeko asmoarekin. Antolatzaileen arabera, 120.000 pertsona bildu dira aurtengo BBK jaialdian—hirian bertan egiten diren kontzertuak kontuan hartuta—, horietako asko atzo bertan.

Sarrera guztiak salduta zeudenez, gainezka egin zuen BBK Live jaialdiak, eta ez zen aurreko bi egunetan bezain eroso lortu kontzerturik gogokoenak lehen ilaretan edo leku pribilegiatuenean ikustea. Ez hori bakarrik, hainbat talderi txiki geratu zitzaien oholtza, eta datozen urteetakoren batean agertoki nagusiago bat beharko dute.

Arctic Monkeys zen eguneko eta jaialdi osoko kartelburu nagusia, eta 22:00 aldera bildu zen. Nagusia oholtzari begira, edizio honetako jendetzarik handiena. Arazo bat dauka Arctic Monkeysek: haien arrakastaren gatibu direla. Hain da oparoa 2006tik 2013ra bitarte sortu zuten musika ondarea, iraganera begiratzera kondenatuta baitaude betirako. Hori nahiko luke batek baino gehiagok, izan dadila dena Whatever People Say I Am, That’s What I’m not sortu zutenean bezala.

Baina hori ez da Alex Turnerrek eta taldekideek egiten dutena. Taldearen zigilu ziren erritmo frenetikoak alboratu, eta doinu lasaiagoetan murgildu dira azken urteotan Tranquility Base Hotel & Casino eta The Car lanekin. Turner ez da jada ero baten moduan oholtza gainean mugituko den abeslaria; klase handiarekin, lasai-lasai eta eguzkitako betaurrekoak soinean dituen predikadorea da orain. Dantza eta salto egin nahi duten ikusleei goxo abesten die, soseguz, predikadore batek bere erlijiora batu nahi dituen jarraitzaileei hitz egingo liokeen moduan. Hartara, proposamenak ez du epel utziko inor. Bada Turner jenio hutsa dela pentsatzen duenik, eta bada zuzenekoa zinez aspergarria izan zela uste duenik.

Masa nola kontrolatu dakite Arctic Monkeysekoek. Azken laneko Sculptures of Anything Goes abestiarekin hasten badira, gero diskorik zaharrenetara joko dute Brianstorm jotzeko, eta zaleei aspaldiko Arctic Monkeys gogora ekartzeko. Hala aritu ziren kontzertu osoan, eta diskografia osoko lanak errepasatu zituzten hogei bat abestitan. Hori bai, kanturik zaharrenak ere sosegatuta jotzen dituzte, geldoago, basakeriarik gabe. I Bet You Look Good on The Dancefloor eta R U Mine? izan ziren azken kantuak. Maila handiko ikuskizuna izan zen, baina, utzi zuen zalantzaren bat ere. Ez ote zaien gatz eta piper apur bat falta, iraganeko arrakasta ez ote den zama handiegia.

Idles, basati eta jostalari
Ez dirudi Idlesek inoiz urratuko duen Arctic Monkeysek hartutako bidea, nahiz eta Crawler diskoan atzeman daitekeen une lasaiagorik. Kobetamendi hankaz gora jartzea zen Joe Talbotek gidatutako taldearen helburua. Eta lortu zuten, hasi eta buka. Basati, baina ez basatiegi, BBK Live bezalako jaialdi mainstream-etan lekua izateko moduan. Ostiralean Phoenixekin gertatu bezala, kartelburuek itzalitako zaleak piztu zituen oholtzarik handienetan bigarrenean jo zutenek.

Behin baino gehiagotan izan dira Bilbon, azkenekoz joan den urteko martxoan, Santana 27 aretoan. Espero zitekeenaren kontra, ordukoan baino hobeto aritu ziren atzo. Idlesen punk doinuek mezu argiak ere badituzte: Mother abestian, adibidez, «The Best Way to Scare a Tory is to Read and Get Rich» (Tory bat izutzeko era onena irakurtzea eta dirudun bihurtzea da) kantatzen dute; edo immigrazioaren aldeko mezua dute Danny Nedelkon: «My blood brother is an immigrant. A beautiful immigrant»(Nire anaia immigrantea da. Immigrante eder bat).

Emanaldiari eragozpenen bat jartzekotan, bigarren aretoko gunea txiki geratu zela izango litzateke. Jendetza bildu zen lehen ilaretan, eta, atzean, are pertsona gehiago zeuden. Ez da Idlesekin hori gertatu den lehen aldia, 2019an ere gauza bera gertatu zelako. Konstante bat izan zen hori atzo, eta behin baino gehiagotan geratu zen oholtzaren bat txiki. Esaterako, ezinezkoa izan zen 070 Shake ikustea, Beefeater oholtza —hau da, urteroko karpa— guztiz beteta zegoelako, baita atzealdea zein eskuineko maldatxoa ere. Antzeko zerbait geratu zen Arde Bogota taldearekin. Urrutitik atzeman zitekeen erabat ezinezkoa zela kontzertua leku apropos batetik ikustea.

Haien ordu berean ziren oholtzan Love of Lesbian, Idlesen agertoki berean, eremua mukuru zutela. Aurreikusteko moduko kontzertua izan zen: ereserki andana, zaleak arima ematen, doinu atseginak eta disfrutatzeko moduko zuzenekoa. Ez gehiago, ez gutxiago. Ez zen abesti ezagunik faltatu: Club de fans de John Boy, 1999, Planeador...

Oholtzak txiki uztearen konstante hori Cala Ventorekin bete zen, batez ere. Txiki aretoa lepo bete zuten, eta jende ilara handiak izan ziren komunera joateko eta edariak eskatzeko. Herrialde Katalanetako bikoteak ikuskizun bikaina eskaini zuen, zaleen gozamenerako. Joan Delgadok eta Aleix Turonek sortzen dituzten doinuak oso aproposak dira mota honetako jaialdietarako. Horren erakusle da BBK Liven izan duten bilakaera, urterik urtera zale gehiago biltzen dituzte. Euskaraz ere abestu zuten, Gorka Urbizurekin batera sortu duten Passar pantalla kantuan. Tamalez, Lekunberriko abeslaria ez zen oholtzara igo, nahiz eta une batean hori gertatuko zela zirudien.

Cala Ventok izan duen bilakaera izan dezake La Palomak. Firestonen agertokian aritu ziren, jaialdiko txikienean. Oholtza horretako soinua erdipurdikoa da beti, potentzia txikia duelako, eta lehen ilaretan daudenek salbu, gainontzekoek kostata entzuten dute ondo. Hasiberri diren taldeak aritzen dira, bereziki, Firestonen, eta horietako askok ematen dute pare bat urteren bueltan oholtza handiago baterako jauzia. La Palomak badu nora begiratu hori lortzeko: Carolina Durante, eta abar. Antzematen da musika sortzeko garaian ere begiratzen dietela gitarretan oinarritutako talde horiei.

Iragarri dute, jada, noiz egingo den datorren urteko BBK Live: uztailaren 11tik 13ra. Data gerturatu ahala jakinaraziko dituzte Kobetamendi beste behin ere beteko duten taldeen izenak. Bitartean, musikazaleek, atseden hartu, eta aurten bizi izandako momentu gozoak ekarriko dituzte gogora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.