Galegozko, katalanezko eta euskarazko liburuen salmenta desoreka jarri du agerian Editoreen Galeuscak

Euskarazko, galegozko eta katalanezko editoreen elkarteak Donostian bildu dira hiru hizkuntza horietan argitaratzen diren liburuei bultzada emateko eta irakurketa sustatzeko. Ikusgarriago egitea da erronka nagusienetako bat.

 (Jon Urbe/@FOKU) 2025-06-10, Donostia. Galeuscako editoreek topaketak egin dituzte Donostian
Editoreen Galeusca, gaur, Donostiako Euskaltzaindiaren egoitzan. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko ekainaren 10a
21:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Editoreen Elkarteak haren Kataluniako, Valentziako eta Galiziako homologoak hartu ditu Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan: AELLC Katalan Editoreen Elkartea, AEPV Valentziako Argitaletxeen Elkartea eta AGE Galiziako Editoreen Elkartea, hurrenez hurren. Agerian jarri ostean katalanak, euskarak eta galegoak zer-nolako desoreka pairatzen duten gaztelaniarekin konparatuz, hiru hizkuntza horietako irakurketa eta liburu erosketa sustatzeko ideiak proposatu dituzte Editoreen Galeusca biltzarrean. Liburuaren eta Irakurketaren Kataluniako Plana izan dute etsenplu.

Lurralde bakoitzaren egoerari begiratzea izan da biltzarreko lehen lana. Joan Mari Larrartek, EEEren izenean, ahotan hartu du ELEN Europako lurralde hizkuntzen aldeko nazioarteko erakundeak aho batez onartutako ebazpena, euskal hiztunen «larrialdia» nabarmentzeko. Erabilera sozialaren ahulezia aipatu du, besteak beste: «Egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak hiztunen %17,5 baino ez dira». Euskararen hizkuntz komunitatearen estatusari lotu zaio gero, bai eta hizkuntzaren ofizialtasunaren ukazioari eta normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialari ere.

AELLC elkarteko kide Anna Sagristak katalanaren indarguneak azaldu ditu; besteak beste, «ekonomian eta lan munduan daukan eragina» eta « bai literaturan, antzerkian eta irratian bai tokiko komunikabideetan duen presentzia zabala». Ahulguneen artean, Sagristak hauek aipatu ditu: inguru sozial, profesional eta geografiko batzuetan presentzia aski murritza izatea eta nerabe askok katalanarekin duten harreman bakarra eskola eremukoa izatea. Esan du, gainera, azken hogei urteetan jaitsi egin dela katalanaren erabilera: %48,5ekoa zen 2003an, eta %41,8koa 2018an. Osasungintzan eta merkataritzan gertatu den atzerakada ere nabarmendu du, baita Bartzelonako egoera ere: 2022ko datuen arabera, %28,4k eusten diote katalanari, eta %62,1 gaztelaniaz aritzen dira.

Elkar argitaletxeko Julen Arrizabalagak Hego Euskal Herriko zenbait datu nabarmendu ditu. Esanguratsuena salmentari dagokio: %6,9 apaldu da euskal liburuen salmenta, eta %16,7 handitu gaztelaniazkoena.

AGE Galiziako Editoreen Elkartea elkarteko kide Silvia Bellok galegoaren azken urteetako amiltzea hartu du hizpide. Galegoz aritzen direnak populazioaren %16 baino ez direla azaldu du, eta gaineratu du egoera okerragoa dela idatzian, %40 ez delako galegoz irakurtzeko gai. «2003. urteaz geroztik nabarmena da galegoa ordezkatzeko joera, eta kolapsora hurbiltzen ari da», esan du Bellok, baina baikor amaitu nahi izan du hitzaldia. Galdegin du galegoari hezkuntzan eta material didaktikoetan ezarri zaizkion murrizteak bertan behera uztea, hizkuntzaren ondoriozko jazarpenik ez izateko protokoloak sortzea, justizian eta administrazioan erabiltzea, ikus-entzunezkoen sailean eta arlo sozioekonomikoan erabili ahal izateko mekanismoak sortzea eta hizkuntza eskubideen urraketari soluzioa ematea.

Liburuen salmenta

Elkar argitaletxeko Julen Arrizabalagak Hego Euskal Herriko zenbait datu nabarmendu ditu, 2021etik 2024ra bitarteko bilakaera kontuan hartuta. Esanguratsuena salmentari dagokio: %6,9 murriztu da euskal liburuen salmenta, eta %16,7 handitu gaztelaniazkoa.

Valentziako Balandra Editions argitaletxeko kide Africa Ramirezek esan du bertako hizkuntzan irakurtzen duten erosleen kopurua handitu dela: «Liburu saltzaileak konturatu dira liburuak saltzen direla, ikusgarri eginez gero». Egoera politikoan jarri du arreta: «PPk eta Vox agintean daudenetik, hizkuntzaren erabilera konfliktiboa den irudipena sortu da».

Editors.cat argitaletxeko Josep Lafargak Liburuaren eta Irakurketaren Kataluniako Plana hartu du hizpide. Goraipatu ditu, besteak beste, plana ontzeko erabilitako metodologia, parte hartze zabala, neurriak eta, Kultura saila ez ezik, Osasun eta Hezkuntza saila ere bertan sartu izana: «Sorkuntzarako laguntzak ematen dira, baina baita marketinerako eta sustapenerako laguntzak ere». Lafargak onuragarritzat eta «kopiatzeko modukotzat» jo du plana, hura aurrera eramateko oztopoak hainbat diren arren: besteak beste, aurrekontu falta.

Galiziako, Valentziako eta Euskal Herriko editoreen elkarteek euren produkzioa ikusgarriago egitean jarri dute arreta.

ZENBAIT DATU

  • Galizian

    , azken hamabi hilabeteetan irakurritako azken liburua: Galegoz %6,6, Gaztelaniaz %91, 5.

  • Valentzian, 14 urtetik beherakoen artean, %67,8k erosi dute katalanez idatzitako liburu bat azken 12 hilabeteetan.

  • Katalunian, %34,5ek sarri irakurtzen dute katalanez, eta %78,3k noizbehinka.

  • Hego Euskal Herrian, 2021etik 2024ra bitartean, gaztelerazko liburuen salmenta %16,5 handitu da, eta euskarazkoena %6,9 murriztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.