Literatura

Galeraren eta bizitzaren arteko tentsioan diren poemekin osatu du Mikel Etxaburuk bere liburu berria

'Matxe-matxe' izenburua du lanak, eta bere literatur ibilbideko seigarren poema liburua du autoreak. Olerkiak musikaz josi eta haiekin ikuskizun bat muntatzeko lanean ari da; urtarriletik aurrera aurkeztuko dute.

Mikel Etxaburu idazlea, 'Matxe-matxe liburua eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Etxaburu, idazlea, 'Matxe-matxe' liburua eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko azaroaren 5a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaurien gaineko josturak agerian utziz idatzi du bere seigarren poema liburua Mikel Etxaburuk (Ondarroa, Bizkaia, 1969). «Ez da erraza izan, biluzik azaltzea eta esposizio handia delako, baina ez daukat beldurrik; sinesten dut poesiaren zintzotasunean». Galeraren ideiak zeharkatzen du lan osoa: heriotzak, batzuetan lausoago eta beste batzuetan guztiz garden. Idazleak aitortu duenez, giro horrek oharkabean blaitu zituen olerkiak, banan-banan, aldez aurretik bide jakin bat zehaztu gabe aritzeko erronka ezarri baitzion bere buruari, izatez. Baina kolpe bat heldu zitzaion gero: lagun min baten heriotza, itsasoan. Harrezkero, esanahi sakonagoa dute Etxabururen olerkiek, eta lehenago artean ez zuten dimentsio bat dute orain, haren esanetan. «Zain egon izan balira bezala da».

Matxe-matxe izenburupean plazaratu du olerki liburua Etxaburuk, Pamielarekin, eta, autoreak aitortu gisara, preseski argitaletxeko kideei zor die titulua lanak. Pozik da harekin orain. «Hitzok itzelak dira esateko, adibidez, faltan ditugunak matxe-matxe ditudala». 

Pamielako editore Lander Majuelorekin batera aurkeztu du lana idazleak, Donostian. Hartan, besteak beste, olerkietan Etxaburuk darabilen «hizkera gertuko eta soila» nabarmendu du Majuelok. Hori estimatzekoa dela ere iradoki du, gainera. «Horrela ez denetan, arrisku bat izaten da: gai gogorrak oso makillatuta ekartzekoa poesiaren mundura, eta gerta daiteke irakurleak ezin asmatzea autorea non kokatu». 

Eta bestela jokatu du ondarroarrak, hain zuzen. Majuelo: «Liburuan heriotza ia etengabe ageri den arren, eta tarteka suizidioa, badirudi galera horietatik guztietatik oso hurbil dagoela beti; buruz buru, ahoz aho ari dela badoazen horiekin hizketan, oraindik joan ez balira bezala; are, esanez: 'Bazoaz? Zergatik? Kontatuko dizugu nola gauden hemen gelditzen garenok'. Ur gainean mantentzen da beti poeta». 

«Badirudi galera horietatik guztietatik oso hurbil dagoela poeta beti; buruz buru, ahoz aho ari dela badoazen horiekin hizketan»

LANDER MAJUELOPamiela argitaletxeko editorea

Itsasoak ere berebiziko inportantzia du poemetan. Batetik, idazlearen bizitzan ere itsasoak izandako garrantziagatik da hala, Etxaburuk berak aitortu gisara: «Itsasoak bizimodu bat eman digu, jornal bat, begirada bat, nortasun bat, arnasa bat; dena eman digu, baina dena kendu ere bai». Bestetik, idazleak nabarmendu du itsasoak zinez balio dezakeela «bizitzaren eta heriotzaren arteko tentsioa» irudikatzeko. Eta, hain justu, horixe bera da poema liburuaren ardatza, dioenez: heriotza bai, baina baita bizitza ere.

Aurkezpenean, liburuan bildutako zenbait poema errezitatu ditu Etxaburuk, ezti. Errazegia izenekoan, lehenbiziko esaldian bertan gelditu dira bistara minaren karga, itsas giroa eta, orobat, hitzak kateatzeko manera soila: «Zein erraz den uholdeak daroan enbor busti bihurtzea». 

Mina behintzat habitatzea

Idazketa prozesuan bizi izandako batzuk ere ekarri ditu gogora Etxaburuk. Abiapuntua oroitu du, kasurako, eta orduan nabarmendu du, hain zuzen, «inolako markorik gabe» idazteko bulkada izan zuela hastapenean, nora helduko zen jakiteko temarik gabe. «Neure buruari esan nion: ‘Egin dezagun dena datorren moduan, zer ateratzen den juzgatu gabe, gehiegi sartu gabe’; halaxe eman ditut bi urte». 

Iragan udan lagun mina hil ondoan, baina, poetari ezinezko izan zitzaion ordurako idatziak zituen olerkien eta adiskidearen galeraren minaren artean loturarik ez ikustea, nahiz eta ordurako idatziak eta are entregatuak zituen poema gehien-gehienak. «Ni neu ere aldatu naiz, lekuz aldatu naiz. Lehen sormena zena errealitate bihurtu zait; lehen aukera zena, orainaldi. Eta, orain, asmoa ez da hutsunea ez estaltzea ez betetzea ere, baina uste dut komeni dela hura habitatzea, norberaren azal biluziari hura gehitzea».

«Denborak ez du dena sendatzen, eta hitz batzuek gehiegi pisatzen dute haizeak eraman ditzan»

MIKEL ETXABURUIdazlea

Bizitzaren mugez eta poesiaren ahalmenaz ere egin du gogoeta poetak. «Denborak ez du dena sendatzen, eta hitz batzuek gehiegi pisatzen dute haizeak eraman ditzan. Baina ni maiteminduta nago poesiarekin, eta uste dut oso modu partikularrean eusten diola denborari poesiak». 

Etxabururen poemak «bizirik» daudela nabarmendu du Majuelok, eta iragarpena egin du segidan: oholtzetara ere emanen ditu olerkiok idazleak. Halaxe egin zuen 2024an argitaratutako Manttalingo alaba lanarekin ere: liburuko testuak abiapuntutzat hartuta, musika ikuskizun bat ondu zuen autoreak, zenbait musikarirekin batera, eta dozenaka herritan taularatu du obra ordutik. Asmo bera du orain ere, Matxe-matxe oinarri hartuta. Hasia da ikuskizuna muntatzen, Nerea Zuloaga, Irina Alvarez eta Jon Garro lagun dituela, eta urtarrilerako ikusgai izatea dute xede. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA