Galeusca topaketak berreskuratuko dituzte, hamar urteko etenaren ostean

Egun beteko programa prestatu dute maiatzaren 29rako, Palman. Euskal Idazleen Elkartea, Katalanezko Idazleen Elkartea eta Galizierazko Idazleen Elkartea dira antolatzaileak, eta itzulpengintza izango dute ardatz.

Castillo Suarez izango da Palman egongo den idazleetako bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Castillo Suarez izango da Palman egongo diren idazleetako bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Inigo Astiz
2024ko apirilaren 29a
15:05
Entzun

1984tik jadanik egiten ziren urteroko topaketak, baina, ofizialki, 2008an hasi ziren Galeusca topaketak, eta hamar urte joan dira azkenekoa egin zutenetik. Hamarkada beteko etenaldiaren ostean, ordea, berreskuratu egin dituzte topaketak, eta egun beteko programa antolatu dute maiatzaren 29rako, Palman (Herrialde Katalanak). Itzulpena izango dute ardatz. Edo, akaso, abiapuntu, deialdiaren berri emateko baliatu duten formulazioari kasu egitera. «Zer ekarpen egin dezakeen hizkuntza ezberdinetan idatzitako literaturen arteko elkarrizketak muga administratibo eta kulturalak gainditzeko eta euskal, galiziar eta kataluniar literatura zabaltzeko, testuinguru global batean».

Hiru elkartek antolatzen dituzte jardunaldiak: Euskal Idazleen Elkarteak, AELG Galizierazko Idazleen Elkarteak eta AELC Katalanezko Idazleen Elkarteak. Eta haiek hartuko dute hitza hasieran. Palmako deklarazioa deitu dutenarekin hasiko dute programa. 12:30ean egingo dute horretarako prentsaurrekoa. Cesareo Sanchez Iglesias AELGko lehendakaria eta Sebastia Portell AELCko lehendakaria izango dira bertan, eta Joxemari Carrere izango da Euskal Idazleen Elkartearen ordezkaria.

Gero, itzultzaileen arteko solasaldia izango da arratsaldean. Garazi Arrula, Maria Reimondez eta Lluisa Soaz izango dira hizlari, eta itzulpenak literatura minorizatuak nazioartekotzeko izan dezakeen garrantziaz arituko dira. 19:30ean errezitala emango dute Sebastia Alzamorak, Castillo Suarezek eta Marga do Val poetek, eta Clara Fiol Dolsek lagunduko ditu musikarekin.

Sarrera librea izango dute saio guztiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.