Jon Urzelai
Bi ahotsetara

EH garage

2025eko azaroaren 9a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zera diotso Simon Reynoldsek Mark Fisherri, bi kultur kritikari britainiarrak etorkizunaz, denboraren igaroaz eta orainaldi hutsaz ari direla: «Oraindik ez da guztiz lortu —agerikoa da arrazismo handia dagoela oraindik Britainia Handian—, baina jungle eta garage estiloak har genitzake Erresuma Batuko herri post-arrazial baten sortzailetzat».

Musika elektronikoaren azpigenero horien ekoizpenean jatorri etniko askotako musikariak aritu ei ziren, baita dantzalekuetan doinu horiez gozatzen ere. Erresuma Batuan musika eta antirrazismoa estuki lotu izan dira lehenago ere, agian horretarako beharra izan delako, dena esaten hasita. Skinhead azpikultura aski ezaguna da gurean, adibidez, eta Rock Against Racism ekinaldia erabakigarria izan zen 70eko hamarkadan rockean indarra hartzen hasiak ziren zenbait joera kezkagarri errotik erauzteko. Aipa genezake 2Tone-ren kontu guztia ere, baita Bristolen sortutako doinu jamaikarren eta bestelakoen hibridazio eder hura, trip-hop etiketa lauso hura esleitu zitzaiona. Estiloak uztartzea, musikan aurrerapausoak egiteko baliagarri izateaz harago, komunitate ezberdinen arteko harreman emankorrak garatzeko modua ere bada eta. Baina UK garage eta jungle delakoek pauso bat harago eman zutela dio Reynoldsek: «Jendea tribu horretan parte hartzera aktiboki erakarria sentitu da, askok bere egin nahi izan duten identitate bat izan da, garaiko musikarik cool-ena izan baita, harro sentitzeko zerbait: nortasun britainiarra baieztatzeko modu post-arrazial bat». Horrek politizazio espliziturik ez zuela ekarri onartzen du gero, baina deskribapena bada iradokitzailea, hala eta guztiz ere.

Zertarako balio digu honek guztiak guri? Gurea harrera herria da, arrazismorik gabea, aratza eta engaiatua, aski ongi dakigun legez. Baina era askotako aitzakiaz mozorrotutako arrazismoa geroz eta agerikoagoa da, eta gure herrietan atzerritik etorritako biztanleen kopurua handitzen ari da. Joera erreakzionarioak ere bai. Euskaldunok jakin dugu lehenago ere immigrazioa gure egiten, herri bat birsortzen. Agian orduko iruditeria ere cool-ena zelako, batek daki. Orain ere euskal nortasuna baieztatuz erritmo berean dantzan jarriko gaituen doinu itsaskor bat ez genuke soberan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.