Literatura

Garazi Arrulak eta Julen Gabiriak irabazi dituzte Vitoria-Gasteiz itzulpen sariak

Arrulak haur literaturako itzulpenik onenaren saria eskuratu du, Andre Carrilhoren 'Begiak beste nonbait dituen neskatxa' euskaratzeagatik. Gabiriari gazte literaturari dagokion garaikurra eman diote, Joe Saccoren 'Gazako oin-oharrak' itzultzeagatik.

Garazi Arrula idazlea. IÑIGO URIZ / FOKU
Garazi Arrula idazlea. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne begiristain
2026ko azaroaren 24a
10:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garazi Arrula Ruiz eta Julen Gabiria Lara dira haur eta gazte literaturako euskarazko itzulpenik onenen Vitoria-Gasteiz sarien aurtengo irabazleak. Gasteizko Udalak antolatzen duen sariketa horrek 23. aldia izan du aurten. Jakinarazi dutenez, 25 hautagai izan dira osotara, hamasei haur literaturako kategorian eta bederatzi gazte literaturakoan. Arrularen lana eta Gabiriarena gailendu dira; haur literaturako kategorian bata, eta gazte literaturakoan bestea, hurrenez hurren.

Zehazki, Andre Carrilho idazle eta ilustratzaile portugaldarraren A menina com os olhos ocupados lana euskarara ekartzeagatik saritu dute Arrula. Begiak beste nonbait dituen neskatxa izenburuarekin argitaratu dute euskarazko liburua. Gazte literaturako kategorian, berriz, Gabiriak jaso du saria, Joe Sacco idazle eta komikigile maltarraren Footnotes in Gaza lana itzultzeagatik. Gazako oin-oharrak izenburuarekin kaleratu dute euskarazko itzulpena.

Arrulak eta Gabiriak bederatzina mila euro jasoko dituzte. Sari banaketa abenduaren 3an egingo dute, Euskararen Nazioarteko Egunean, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, 12:00etan. Aurten, Mario Unamuno Plazaolak, Karlos del Olmo Sernak, Ainara Ruiz Benitok, Itziar de Blas Fernandez de Gamarrak eta Miren Ibarluzea Santistebanek osatu dute epaimahaia.

Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen du sariketa, eta 2002an sortu zuten. Ordutik, haur eta gazte literaturako 50 itzulpen saritu dituzte. Udalaren arabera, bi helburu dituzte sariek: batetik, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea; bestetik, kalitatezko literatura haiengana hurbiltzen duten euskal itzultzaileen lana aitortzea. Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak nabarmendu du itzultzaileen ekarpena funtsezkoa dela euskarazko literatur lanak irakurleen eskura jartzeko.

Euskararen Eguneko programazioa

Sariak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Gasteizen antolatutako egitarauaren barruan banatuko dituzte. Udalak 30 bat jarduera prestatu ditu egun hori ospatzeko; besteak beste, antzerki emanaldiak, tailerrak, magia saioak, bisita gidatuak eta ibilbide naturalistikoak. Egitarauak datozen asteetan izango du jarraipena, hiriko eragile euskaltzaleen laguntzarekin.

Abenduaren 3an, sariak banatzeaz gain, hainbat ekitaldi egingo dituzte. Danserie Ensemble taldeak kontzertua emango du 20:30ean, San Pedro elizan, Euskaltzaindiak antolatuta eta Gasteizko Udalaren eta Gasteizko Elizbarrutiaren laguntzarekin. Izaskun Arrue kulturgunean, berriz, familientzako antzerki ikuskizun bat izango da. Gero, kalejira egingo dute Andre Maria Zuriaren plazaraino, eta euskararen aldeko kandelak piztuko dituzte han, Geu elkarteak sustatuta.

Julen Gabiria itzultzailea, Coraline eleberriaren euskarazko ale batekin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Julen Gabiria itzultzailea, Coraline eleberriaren euskarazko ale batekin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA