Garik eta ISdeOk 'Oraindik hemen' ikuskizuna egingo dute Zas Kultur gunearen hamargarren urteurren ekitaldian

Musika eta irudien bidez, Santos Iñurrieta, Juncal Ballestin, Rafael Lafuente, Carmelo Ortiz de Elgea, Xabin Egaña eta Juan Carlos Meana artistak omenduko dituzte ostegunean, Gasteizen.

Gari musikaria duela hiru urte, Gasteizen, Hertzainak taldeak zuzenekoa eman zuenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gari musikaria duela hiru urte, Gasteizen, Hertzainak taldeak zuzenekoa eman zuenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2026ko ekainaren 16a
13:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hamar urte ireki zituen ateak Gasteizko Zas Kultur guneak, eta urteurrena ospatzeko tokiko artearen historian arrastoa utzi duten sei artistari gorazarre egitea erabaki du, musika, irudiak eta memoria bidaide hartuta. Horretarako, Gari musikariak eta Ibon Saenz de Olazagoitia sortzaileak ikuskizun bat egingo dute elkarrekin: Oraindik hemen izena du piezak, eta ostegunean emango dute Zas Kulturren egoitzan, 19:30ean hasita. Sarrera doakoa da.

Oraindik hemen izenburuak berak bi esanahi uztartzen ditu. Alde batetik, hamar urte igaro ondoren Zas Kulturrek bere jarduerari eusten diola adierazten du. Bestetik, jada hil diren artistek utzitako lanak, ideiak eta harremanak oraindik ere presente daudela defendatu nahi du, eta, hala, Gasteizekin harreman estua zuten sei artista gogoan izango dituzte: Santos Iñurrieta, Juncal Ballestin, Rafael Lafuente, Carmelo Ortiz de Elgea, Xabin Egaña eta Juan Carlos Meana. 

Kultur aretoko arduradunek urteurrena ospatzeko ikuskizunari buruzko xehetasunak eman dituzte: Gari musikariak inprobisatu egingo du zuzenean, eta Ibon Saenz de Olazagoitia (ISdeO) sortzaile, bideo jartzaile eta Zas Kulturreko kideak omendutako artisten obrak eta argazkiak baliatuta pieza bat osatuko du zuzenean. Antolatzaileek azaldu dutenez, ez da irudiek lagundutako kontzertu bat izango, ezta proiekzio baten soinu banda ere: «Bi hizkuntzek elkarrekin eraikiko duten berrogei minutu inguruko pieza ireki eta bizia» izango da.

Hamar urte, hamaika jarduera

2016ko ekainean ireki zituen ateak Zas Kulturrek. Ordutik, arte bisualei lotutako ia bostehun jarduera antolatu ditu: erakusketak, egoitzak, tailerrak, aurkezpenak, topaketak eta hainbat motatako proiektuak. Hamar urtean, tokiko arte sorkuntzarako erreferentziazko gune bihurtu da, bereziki erakunde handien eta merkatu artistikoaren arteko hutsunean dauden artistei ikusgarritasuna emanez.

Batez ere artista hasiberrien lanak sustatu ditu: 5m² egoitza programaren, Hospitalarixs proiektuaren eta Individuales erakusketa zikloaren bitartez, adibidez, sortzaileei lekua, denbora eta laguntza eskaini dizkie. Era berean, Anglo, Trashumantes eta Km0 egitasmoen bidez, artea kalera eta Arabako herrietara hurbildu du.

Hamar urteotan, gainera, hainbat erakunderekin eta eragilerekin elkarlanean aritu da. Besteak beste, Artium museoarekin batera artisten egonaldiak antolatu ditu, Montehermosorekin Imaginarium Lab eta Interakzioak programak sustatu ditu, eta Arabako hainbat udalerri eta kulturgunetara eraman ditu erakusketak eta proiektuak. «Aldi berean, beste kolektibo eta egitasmo batzuei ere ateak ireki dizkiegu, espazioa elkargune bihurtuz», nabarmendu dute.

Zas Kulturreko arduradunek gogorarazi dute beren jarduna «baliabide eskasekin» eta boluntarioen lanari esker mantendu dutela neurri handi batean. «Gaur egun erakundeen babesa badugu ere, diru laguntza gehienak urtez urte berritu behar dira, eta horrek ez du egitura profesional egonkor bat bermatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA