Artista ezagun eta ospetsuen musikarekin eta proposamen berriekin gozatzeko aukera emango du, bihar hasi eta larunbatera bitartean, Gasteizko 49. Jazzaldiak. Iaz bezala, kontzertu nagusiak Mendizorrotza kiroldegian eta Europa jauregian egingo dituzte, baina jaialdia ez da bi agertoki horietara mugatuko, eta musika emanaldiak izango dira hiriko kaleetan eta tabernetan ere, betiere jazzaren izaera askotarikoa erakusteko helburua izanda, antolatzaileek adierazi dutenez. Iñigo Zarate zuzendaritza taldeko kideak berak azaldu du jaialdiaren zio nagusietakoa dela hori: «Soinu mota bera ematen baduzu zazpi egunetan, publikoak gogaitu samar bukatzen du, nahiz eta talde ugari eta ezberdinak izan. Horregatik saiatzen gara programan denetarik sartzen: jende gaztea, musikari eskarmentudunak, soinu klasikoak, apustu arriskatuak eta baita jaialdia publiko zabalago batera hedatzen laguntzen duten izen ezagunak ere». Aste osorako, guztira, 50 bat kontzertu programatu dituzte.
Gasteizko Jazzaldia ofizialki bihar hasiko den arren, aurreko egunetan kontzertu batzuk izan dira hiriko zenbait plaza eta parketan. Atzo, esaterako, Jazza Parkean deituriko egitasmoaren barruan, doako kontzertuak eman zituzten, besteak beste, Gasteiz Big Bandek, Paul San Martin & Broken Hornsek, Michelle David & The True Tonesek, Gilipojazzek eta Bea Asurmendik, Prado parkean.
Ruben Blades da jaialdiak aurten programatu dituen artisten artean gehien nabarmentzen direnetako bat —sarrerak amaitu dira dagoeneko—. Saltsa musikaren ikono erabatekoa eta hainbat klasikoren sortzailea da musikari panamarra, eta Gasteizen Roberto Delgadoren big band-arekin ariko da. Hain zuzen ere, talde horrekin grabatu ditu Bladesek bere azkeneko diskoak, baita FotografĂas azkena ere (2025). Lan horretan, kantu berriak (FotografĂas, Emigrantes, Hoy por ti), beste musikari batzuek aurretik grabatutakoak (Señor BotĂ¡nico, La barricada, La belleza del Son), eta Bladesek berak aurretik beste orkestra batzuekin grabatutako piezen berrirakurketak (Eso es amar) bildu ditu musikariak. Gasteizen arituko den bandaren moldakortasuna nabarmendu du Bladesek: «Formatu ugaritan ari daiteke: bi tronpetarekin, hiru tronboirekin, big band gisa eta orkestra formazioarekin».
Bladesek 1970ean argitaratu zuen bere estreinako diskoa, De PanamĂ¡ a New York, eta, orduz geroztik, disko ugari grabatu ditu, bai bere izenpean, bai beste musikari ezagunekin elkarlanean. 70eko hamarkadan, adibidez, Ray Barreto perkusionistaren taldean integratu zen, eta, gerora, musika afro-kubatarraren hainbat disko esanguratsu grabatu zituen Willie Colon tronboi jolearekin. Pedro Navaja, Decisiones eta beste hainbat kantu ospetsuren egilea ostiralean ariko da Mendizorrotzan.
Jaialdiko agertoki nagusia da kiroldegia, eta Gretchen Parlato kantariari eta Take 6 taldeari egokituko zaie hango egitaraua abiatzea, asteazkenean. Bereziki ahotsean oinarritutako bi emanaldi izango dira horiek. Parlato estatubatuarra musikari leinu bateko oinordekoa da —Dave Parlato aitak baxua jo zuen Don Ellisen bandan 1960ko hamarkadan, baina baita Frank Zapparekin ere; eta Charlie Parlato aitonak, berriz, tronpeta jotzen zuen, eta, besteak beste, Sam Cookerekin eta Bing Crosbyrekin lan egin zuen—, eta bere kantatzeko modu leun eta intimoagatik egin da ezagun. Jazzaldiak adierazi duenez, Parlatoren kantaerak ez du inpresionatzea helburu, eta bai, ordea, «ñabardura bakoitzarekin, isiltasun bakoitzarekin eta arnasketa bakoitzarekin zentzua duen giroa sortzea». Jazz klasikoaren aztarnak sumatzen dira Parlatoren musikan, baina baita bossa novarenak eta poparenak ere.Â
Ahotsean oinarrituta egonda ere, oso bestelakoa da Take 6 seikotearen proposamen musikala. Alabaman (AEB) sortu zuten, 1985ean, ahots hutsezko talde gisa, eta, harrezkeroztik, gospelaren, jazzaren eta rhythm and bluesaren artean mugitzen diren harmoniek egin dute ezagun. Zaratek azaldu duenez, «ahotsen ikusgarritasunak, ezinezko harmoniek, teknika izugarriak eta oholtza gaineko presentzia erabat ezberdinak» ezaugarritzen dute taldea.
Gasteizko Jazzaldiak aurten proposatzen duen ugaritasunaren adibidea izango da Mendizorrotzako osteguneko programazioa. Irene Reig saxofoi jole gazte kataluniarra ez da oraindik oso ezaguna, baina haren musikak, zeina jazzaren eta musika klasikoaren artean kulunkatzen den, dagoeneko Europa osoan piztu du arreta. Izan ere, kontinentean lan ugari egin ditu Reigek. Gaur egun, lau talde gidatzen ditu, eta horietako batekin izango da Gasteizen, Xavi Torres pianistak, Pau Sala kontrabaxu joleak eta Andreu Pitarch bateria jotzaileak osatutako laukotearekin.
Reigekin kontrastean, Sun Ra Arkestrak jazz aurreratuenaren historia ordezkatzen du. Sun Ra konpositore eta teklatu jotzaileak sortu zuen Arkestra, 1950eko hamarkadan, eta afrofuturismoaren ikonoa da, jazz kosmikoaren ordezkaririk behinena. Sun Ra 1993an hil zen, eta, orduz geroztik, Marshall Allen saxofoi jotzaileak gidatu du taldea, haren identitate ezabaezinari uko egin gabe. Allenek 102 urte bete ditu maiatzean, eta segitzen du AEBetan Arkestrarekin zuzenean jotzen, baina Europara ez du bidaiatzen. Nolanahi ere, hura gabe ere, Sun Ra Arkestraren esentzia Mendizorrotzan izango da, eta, Jazzaldiak berak azaldu duen bezala, kontzertuaren izaera gaindituko duen emanaldia eskainiko du: «Musika da, baina errituala, ospakizuna eta esplorazioa ere bada».
Ostiralean, Ruben Bladesen aurretik, Gasteizko Jazzaldiko aurtengo proposamen berezienetako bat ezagutzeko aukera izango dute Mendizorrotzan biltzen direnek. Magali Sare kantari eta Manel Fortia kontrabaxu jole kataluniarrek itsas bidaietan eta kultur trukaketan ardaztutako diskoa argitaratu zuten 2022an (Re-tornar), eta horko piezak interpretatuko dituzte Gasteizen. Kataluniako musika tradizionala eta Iberoamerikakoa hartzen du oinarrian bikoteak, jazzaren filtrotik igarota, zerbait ezberdina eta berria eskaintzeko asmoarekin.
Mendizorrotzako kontzertuak energiaz beteriko bi emanaldirekin amaituko dira, larunbatean. Lehendabizi, The Bad Plus igoko da oholtzara, eta laukote hori ikusteko azken aukeretako bat izango da, AEBetako taldea agurreko bira egiten ari baita. Reid Anderson baxu joleak, David King bateria jotzaileak eta Ethan Iverson pianistak 2000. urtean sortu zuten taldea, eta, geroztik, jazz garaikidearen talde ezinbestekoa bilakatu da. Iversonek taldea utzi ondotik, 2021. urtetik hona laukote moduan segitu du aurrera —Chris Speed saxo jotzailea eta Ben Monder gitarrista batu zaizkio taldeari—, baina bandaren izaerak bere horretan segitzen du, Gasteizko Jazzaldiak berak azaldu duenez: «Bere proposamena tentsio sortzailean oinarritzen da, material ezagunak soinu-konfigurazio berri bihurtzeko gaitasunean».
Snarky Puppy, berriz, aurten jaialdian izango den talderik ikonoklastena izango da ziur aski. Banda handi horrek egiten duenak —Mendizorrotzan hamabost lagun izango dira— badu jazzetik, badu rocketik, badu popetik, badu funketik eta badu souletik, baina, batez ere, dantzagarria da. Gasteizen taldearen alderdi jazzyena erakutsiko dute, baina horrek ez du esan nahi besteak ezkutatuko dituenik. Izan ere, taldearen emanaldiak esplorazio saioak eta ospakizunak dira aldi berean.
Talentu berriak
Mendizorrotzan ere programatzen ditu Jazzaldiak musikari gazteak —hor dira, aurten, Irene Reig eta Magali Sare & Manel Fortia—, baina Europa jauregian bilduko dira, aurten ere, «talentu berriak eta proposamen berritzaileak». Horko programazioa gaur hasiko da, Amaro Freitas pianista brasildarraren hirukotearen kontzertuarekin. Haren musikak sustrai afro-brasildarrak, inprobisazioa eta espiritualtasuna uztartzen ditu, eta Freitasek berak oso modu perkutibo eta fisikoan jotzen du pianoa.
New Jazz Underground jazz garaikideko New Yorkeko hirukotea asteartean izango da Europa jauregian, eta asteazkenean, berriz, Iosu Izagirre kontrabaxu jotzaile gasteiztarrak Ilusio bere lan berria aurkeztuko du. Grabazioan parte hartu duen seikotearekin interpretatuko ditu kantu berriak etxean; alegia, Aitor Bravo (bateria), Asier Iturbe (tronboia), Pablo Ramos (saxo altua), Ruben Salvador (tronpeta) eta Koldo Uriarterekin (pianoa). Â
Ostegunean, Kris Davis jazz garaikideko pianistak joko du bere hirukotearekin Europa jauregian; ostiralean, Riley Mulherkar tronpeta jotzailea ariko da —New Orleanseko jazz tradizionaleko piezak berreskuratzen ditu, ikuspegi garaikide batetik—; eta, azkenik, larunbatean, Isaiah Collier saxo jotzaile estatubatuarrak joko du bere laukotearekin. John Coltraneren jaiotzaren mendeurrena beteko da irailaren 26an, eta urteurren hori baliatuko du Collierrek Coltraneren ondareari gaur egungo begiekin begiratzeko.
Jazza hirira zabalduko da
Mendizorrotzakoak eta Europa jauregikoak ordainpeko kontzertuak izango dira, baina datozen egunetan doako emanaldi ugari izango dira Gasteiz osoan.
Hala, Broken Brothers Brass Band taldea egunero ariko da kalean asteazkenetik larunbatera bitartean, eguerdian nahiz arratsaldean; eta hiriko tabernetan ere emanaldi ugari antolatu dituzte Gasteizko Jazzaldiak irauten duen bitartean.
KONTZERTU NAGUSIAK
Astelehena 13
20:00. Amaro Freitas. Europa jauregian.
Asteartea 14
20:00. New Jazz Underground. Europa jauregian.
Asteazkena 15
17:30. Iosu Izagirre Sextet. Europa jauregian.
20:30. Gretchen Parlato eta Take 6. Mendizorrotzan.
Osteguna 16
17:30. Kris Davis. Europa jauregian.
20:30. Irene Reig eta Sun Ra Arkestra. Mendizorrotzan.
Ostirala 17
17:30. Riley Mulherkar. Europa jauregian.
20:30. Magali Sare & Manel Fortia, eta Ruben Blades. Mendizorrotzan.
Larunbata 18
17:30. Isaiah Collier. Europa jauregian.
20:30. The Bad Plus eta Snarky Puppy. Mendizorrotzan.