«Justiziak erabakia hartu du: hobendun egin nau, eta onartu dut». Horiexek dira Gerard Depardieu aktore frantsesaren goiz honetako hitzak. J'entends izenburuko agirian erran du kondena onartzeaz gain helegitea bertan beheiti geldiaraziko duela. Haren izena anitzetan izan da sexu indarkeriarekin loturiko delituekin korapilaturik. Izan ere, duela bi urte, aktoreak eraso egin ziela salatu zuten bi emakumek. 2021ean Les volets verts filmaren grabaketan eraso ziela salatu zuten, zehazki; biktimetako bat errealizazio laguntzaile aritu zen, eta bestea, dekorazio arloan.
Ikusi gehiago
Gibelapenezko hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten maiatzean aktoreari, eta, kondena onarturik, egungo agirian barkamena galdegin du. «Barkamen sakonak eta egiazkoak galdegiten dizkiet sufritu dutenei». Segidan azaldu du grabaketa denboretan «jestu» batzuk ez zirela «ondoriorik gabekoak izan». «Izan naizen pertsonaia indartsu baten partetik lekuz kanpokoak izan zitezkeenak egin ditut, eta ulertu dut desagertu den mundu baten parte naizela».Â
Hogei bat salaketa jarri dizkiote urteotan Depardieuri —batzuetan artxibatu egin dira auzibideak, gertakariek preskribatu zutelakoan—. Lehena Charlotte Arnould aktoreak aurkeztu zuen, 2018ko agorrilean; Depardieuk bitan bortxatu zuela azaldu zuen emakumeak. Epaitegietan ez ezik, prentsan ere dozenatik gora andrek testigantzak eman dituzte aktorearekin lan egin zuten garaian jasandakoei buruz.
Hala ere, urteotan, babesik ez du falta izan Depardieuk. Ezagun da zinema munduko lankideek ez ezik zenbait politikarik ere eman babesa. Preseski, Frantziako presidente Emmanuel Macronek Anne-Elisabeth Lemoine kazetariaren C à vous saioan nabarmendu zuen Depardieuren «oso zalea» dela, eta adierazi ez dela «bidezkoa» halako «gizon ehizarik» egitea aktorearen kontra.

