Artea

'Gernika'-k mugitzen duen guztia

Pablo Picassoren lana Bilboko Guggenheim museora eramateko eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta, ezezkoa erantzun dioten arren, kolpean piztu da berriz ere koadroaren kokapenari buruzko debatea. Lur mugikorrak ditu oinarrian.

Gernika Palestina mugimenduak Bilboko Guggenheim museoan egindako protesta. GERNIKA PALESTINAK UTZIA
Gernika Palestina mugimenduak Bilboko Guggenheim museoan egindako protesta. GERNIKA PALESTINAK UTZIA
Inigo Astiz
2026ko maiatzaren 17a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sorpresa handirik ezean, sorgin gurpilari enegarren bira emango dio Pablo Picassoren Gernika koadroa Euskal Herriratzeari buruzko debateak, beste behin ere. Antzekoak izaten baitira aldiro eztabaidan parte hartzen duten pertsonaiak, antzekoak bakoitzaren argudioak, eta, orain artean, berbera izaten baita amaiera aldiro; eta koadroa Madrilen geratzen baita beti. Mapek dardara egiten zutela sortu zuen Picassok Gernika koadro ezaguna, 1937ko Parisen, baina mundu osoa zeharkatu ostean, eta ikono eztabaidaezin bilakatu ondoren ere, ia 90 urteren buruan, ezin esan erabat finkoak direnik margolana Madrilgo Reina Sofia museora lotzen duten iltzeak. Garaian garaiko hainbat interpretaziok, erreparaziok eta kontsentsuk eusten diote han zintzilik, eta, seguruenik, unibokotasun falta horregatik berritzen da eztabaida aldiro, halako indarrez. Oraingo honetan bezala. Sorpresarik ezean, oraingoan ere geldi jarraituko du koadroak, baina gelditasun horrek lur mugikorretan du oinarria.

«Jabetzari buruzko debate bat dago oinarrian». Estibalitz Ezkerrak hamar urte inguru daramatza Picassoren koadroa ikertzen. Hura erreferentzia gisa darabilten berrirakurketa artistiko-politiko berriak dira haren interesgune nagusietako bat, baina kontuan hartu beharrekoak iruditzen zaizkio haren jabetzari buruzkoak ere. Kazetaritza gradua egin zuen lehenik, Artearen Historia ere ikasi zuen gero, doktorea ere bada literatura konparatuan, Arizona State Universityko ikertzaile gonbidatua da egun, eta, hain justu, Gernika-ri buruzko liburu bat prestatzeko lanetan dabil orain.

Hiru jabetza mota bereizten ditu Ezkerrak: jabetza intelektuala lehenik, jabetza materiala bigarrenik, eta jabetza morala, azkenik. Eta, neurri handi batean, Ezkerrak hala izendatutako hiru jabetza mota horien arteko nahasketaren ondorio da oraingoz sekula erabat askatu ez den korapilo hori. Hasteko eta behin, Ezkerrak argitu duenez, hiru jabetza horietako bakar bat ere ez da erabat gardena, eta, beraz, garrantzitsuak dira haietako bakoitzari buruz egindako interpretazioak.

Demokraziaren bermea

Jabetza intelektualarena da hiruretan argiena. Ezkerrak dioenez, kasu honetan Picassorena da jabetza hori lehenik, eta haren ondorengoena gero. Eta jabetza hori artistarena denez, horregatik dira garrantzitsuak hark koadroari buruz adierazitakoak. Picassok New Yorkeko Moma museoari utzi baitzion koadroa, eta, hark baliatutako formulazioen arabera, koadroa ezingo baitzen Espainian egon, harik eta «askatasunak berrezarri artean», edota «errepublika itzuli artean» bestela, beste inoiz baliatu izan zuen esapidearen arabera. Eta, artista hil ostean, bere borondatea adierazteko baliatutako hitz horiei egindako interpretazioak ireki zion koadroari 1981ean Madrilera iristeko bidea. Errepublikarik ez zegoen arren, koadroaren jabetza intelektualari buruz esatekorik zutenek erabaki baitzuten Espainiari demokratikotasun bermea ematea.

Baina are koadroaren jabetza materiala ere izan zen eztabaida iturri urte luzez. Jabetza horrek zehazten baitu koadro fisikoa norena den. Hori ere ez zen erabat argi egon, harik eta 1978an Espainiako Gobernuko ordezkariek topatu zuten arte Espainiako Errepublikak koadroaren truke artistari egindako 150.000 liberako ordainagiria. Baina orduan ere ez zen ebatzi kontua, agiri haren arabera Espainiako Errepublika baitzen koadroaren jabea, eta, beraz, horrek ez baitzuen automatikoki esan nahi frankismoaren ostean eta frankismoko aparatuekin apurtu gabe osatutako Espainiako gobernuena zenik. Hauteskundeen ostean sortutako gobernu hura, nolabait ere, gerra aurreko gobernuaren jarraipen bat zela onartu beharra zegoen, eta, frankismoa, beraz, Ezkerraren hitzetan, «eten bat» baino ez zela izan legitimotasun demokratikoaren soka horretan.

Eta, azkenik, jabetza moralaren gaia ere badago. Eta hori da koadroa Euskal Herriratzeko eskariaren oinarrian dagoen argudio nagusia, Ezkerraren hitzetan. Nolabait ere «erreparazio emozionala, historikoa eta sinbolikoa» bailitzateke koadroa Gernika-Lumora (Bizkaia) eramatea. Interpretazio hori da orain koadroa Bilboko Guggenheim museora eramatearen muinean dagoen ideia ere. Baina, oraingoz, ez da sekula izan debatean gailendu den jabetza mota.

Ezkerrak ohartarazi duenez, eztabaida alor teknikora murriztuta, ordea, ez ikusia egiten zaie eztabaidaren gainerako alorrei.

Euskal agintarien ezetzak

Eusko Jaurlaritzak martxoaren 24an formalizatu zuen eskaria. Bilera izan zuten Espainiako Gobernuko ordezkariekin egun hartan, eta eskatu zieten Picassoren margolana Bilboko Guggenheim museoan erakusteko. Bederatzi hilabeteko tarterako eskatu zuten zehazki: aurtengo urriaren lehenetik 2027ko ekainera arte. Gernikako bonbardaketaren eta Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrenarekin bat egingo luke erakusketak horrela. Erreparazio historikoa aipatu zuten lekualdaketaren aldeko argudioen artean, baina eskaria egin eta apenas 48 ordura heldu zen Reina Sofia museoko kontserbatzaileen ezezko teknikoa, eta ezezko horri heldu dio Espainiako Gobernuak ere, koadroa Reina Sofia museoan geratuko dela erabakitzeko. Eta horretan dago debatea oraintxe, erlojua kontra duela. Erakusketa jakin horretarako behintzat.

Baina koadroak sorreratik izan du ibilbide gorabeheratsua.

Ikusi gehiago

1936ko gerra giroan, EAJk gidatutako lehen Eusko Jaurlaritza hark nahiago zituen beste pintore batzuk, baina Espainiako Errepublikako Gobernuaren erabakia gailendu, eta hala heldu zitzaion enkargua Picassori. Lana amaitutakoan, pintorea prest azaldu zen koadroa Jose Antonio Agirre lehendakariari emateko. Edo hori kontatzen da koadroari buruzko ikerketa liburuetan behintzat, ez baitago informazio hori berretsiko duen ez dokumenturik, ez frogarik ere, orduko lekuko batzuen adierazpenak salbu. Haien arabera, Picassok honela azaldu zuen koadroa euskal gobernuari emateko asmoa: «Agirrek eskatzen badit, koadroa euskaldunentzat izango da». Baina Agirrek ez zuen eskatu. Eta, beraz, ikertzaileek azaldu izan dutenez, horrela galdu zen Gernika Euskal Herriarentzat eskuratzeko lehen aukera.

Hala biltzen du anekdota Gijs van Hensbergen idazle, arte historialari eta ikertzaile holandarrak behintzat, margolanari eskainitako ia 500 orriko Guernica ikerketa liburu monumentalean.

Franco hil ostean izan zen koadroa Euskal Herrira eramateko bigarren aukera. Edo hori adierazi zion, behintzat, Juan San Martinek Imanol Murua Uria kazetariari Jakin aldizkarian. San Martinek kontatutakoaren arabera, Euskal Kontseilu Nagusiari eskaini zioten Gernika. Ramon Rubial sozialista zen kontseiluko burua, eta ezezkoa erantzun zitzaion orduan ere eskaintzari. Ezezkoa baino gehiago ere izan zen. San Martinen arabera, zera erantzun zuen Rubialek, hitzez hitz: «Hori ez da artea».

«Azken erbesteratua»

Legitimotasun gatazka batek abiatu zuen koadroa. Espainiako Errepublikako Gobernuak 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketarako prest nahi zuen lana. Eta horrek erlojuaren kontra aritzera behartu zuen sortzailea. Dora Maar argazkilariak estudioan ateratako argazkiek zehatz dokumentatuta daukate haren sorkuntza prozesu bizia. 35 egun ingurutan ondu zuen lana artistak. Baina koadroaren ibilbidea ez zen inolaz ere erakusketa hartan amaitu. Gerra amaitu eta Francok Espainia osoa armaz menpean hartu ostean, frankisten gobernuaren zilegitasun falta azaleratzeko tresna gisa baliatu baitzuten Picassoren margolana errepublikaren aldekoek.

Horregatik egingo zituen hainbeste bidaia hurrengo urteetan, eta, neurri batean, arrazoi horregatik beragatik heldu zen koadroa 1981ean Madrilera. Franco hil ostean Espainian ezarritako sistemarentzako legitimazio demokratikorako tresna modura, hain zuzen ere. Koadroaren interpretazio hori nabarmendu zuen Xabier Gantzarain idazleak, esaterako, euskal arte garaikideari buruzko Zuloa saiakera liburuan. «Espainiako trantsizioaren ikur bilakatu zen, ‘Azken erbesteratua’ deitu zion prentsak, bukatu da trantsizioa, Espainia demokratikoaren ikur bilakatu zen».

1960ko hamarkadaz geroztik, irekitzeko saiakeran zebilen Espainia frankista, eta 1969an Pablo Picassori Madrilen erakusketa bat eskaintzeko proposamena egin zuten. Tartean Gernika ere egongo zela jakinarazi zuen garai hartako prentsak. Edo hori zabaldu zuten, behintzat. Van Hensbergen arte ikertzaileak bere Guernica liburu erraldoian zehazten duenez, ez dago argi jakiterik eskaria benetan bideratu ote zuten, edo propaganda ekintza soila izan ote zen. Baina, batera edo bestera izan, gobernu frankistaren mugimendu horrek eragin zuzena izan zuen koadroaren hurrengo urteetako nondik norakoan, Picassok orduan ezarri baitzion eskubide demokratikoak berrezartzeari buruzko baldintza koadroari.

Madrilek «bahituta»

Gernika Batzordea izan da Gernika koadroa Gernika-Lumora eramateko eskaria bultzatu duten elkarte zibil nagusietako bat. Franco hil eta berehala hasi ziren bonbardaketa gogorarazi eta erreparazioa eskatzeko lanetan, eta hasieratik jarri zuten mahai gainean Picassoren margolana herrira ekartzeko eskaria. Izan ere, elkartearen hitzetan, «bahituta» dago koadroa Madrilen.

Gernika Batzordeak 1987an Madrilen Pablo Picassoren koadroaren aurrean egindako protesteako irudia. GERNIKA BATZORDEAK UTZIA
Gernika Batzordeak 1987an Madrilen koadroaren aurrean egindako protesta. GERNIKA BATZORDEAK UTZIA

Karmelo Landa ere izan zen mugimendu haren parte, Fidel Arejitarekin, Xabier Onaindiarekin eta beste hainbatekin batera, eta, hain zuzen, guztien hitzak biltzen dituen dokumentala ere osatu zuen elkarteak 2021ean. Koadroa Espainiara eramatea «maniobra» politiko bat izan zela azaltzen du bertan Landak: «AEBei asko interesatzen zitzaien Espainia». Haren hitzetan, Nazio Batuen Erakunderako bidea ez ezik, Europako Batasunerako bidea erraztu nahi zioten estatubatuarrek Espainiari, eta mugimendu hori bultzatzeko estrategiaren parte zen margolana. «Koadroa ekartzen bazuten, horrek frogatzen zuen Espainia bazela demokrazia bat».

Baina batzordeak beti izan du argi koadroak Gernika-Lumon egon behar lukeela. Madrileraino ere eraman zuten aldarrikapena 1987ko apirilaren 10ean. Cason del Buen Retiron zegoen margolana orduan, eta eraikin hartako atarian kateatu ziren batzordeko hainbat kide. Beste kide batzuk barrura sartu, eta hizkiz hizki, letra larriz, «Guernica Gernikara» esaldia osatzen zuten oihal banarekin egon ziren koadroaren aurrean. Kateatutako zortzi ekintzaileak tarte batez atxilotuta eduki zituen Poliziak, baina berehala askatu zituzten. Izan ere, Landak dokumentalean gogoratzen duenez, agintariak sorpresaz harrapatu zituzten protesta harekin. «Ez zekiten nola erantzun».

Hamaika izan dira geroztik eskari hori bera egiteko antolatutako ekintzak, eta Gernika-Palestina elkarteak Bilboko Guggenheim museoan egindakoa da azkenetako bat. Apirilaren 26an 89 urte bete ziren bonbardaketa izan zela, eta egun hori aukeratu zuten Picassoren koadroak Euskal Herrian egon behar lukeela aldarrikatzeko: hainbat ekintzaile eraikinaren atzealdeko urmaelera sartu ziren, eskuetan koadroaren irudia zuten oihalak zeramatzatela. Margolanak Madrilen «bahituta» jarraitzen zuela salatu zuten, eta gogoan izan zituzten gaur egun «oldarraldi inperialista» jasaten ari diren hainbat herri, hala nola Palestina, Venezuela, Kurdistan, Kuba eta Iran.

«Ia erabat itxita»

1970eko hamarkada bukaera hartan, Agustin Ibarrola izan zen Gernika Batzordearen eskariarekin bat egin zuten artistetako bat. Bere Gernika propioa ere margotu zuen 1977an, tartean Picassoren koadroko figura batzuk ere baliatuz. Izan ere, Picassoren lana Euskal Herrira ekartzen laguntzea zen lan haren helburuetako bat, eta aldarri hori zabaltzen laguntzeko erabili zuten haren Gernika hura.

Ikusi gehiago

2021ean erakusketa areto bat eskaini zion Bilboko Arte Ederren Museoak Ibarrolaren koadroari. Haren testuinguruaren berri emateko hainbat dokumentu erakutsi zituzten tartean, eta datu ia ezezagun bat ere azaleratu. Bertan ikus zitekeen eskutitz batek erakusten zuenez, Bilboko museoak Picassoren Gernika hartzeko hautagaitza aurkeztu zuen 1980ko hamarkadan, eta horretarako eskatutako aurreproiektua ere ikus zitekeen erakusketan. Juan Ignacio Macua eta Pedro Garcia Ramos diseinatzaileek osatzen zuten Equipo de Diseño taldeari eskatu zion lana museoak.

Erakusketa haren aurkezpenean, Gernika Euskal Herrira ekartzeko asmoa «iraganeko historia» zela esan zuen Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak.

Agustin Ibarrolaren 'Gernika', Bilboko Arte Ederren museoan, 2021ean. MIGUEL TOÑA / EFE
Agustin Ibarrolaren Gernika, Bilboko Arte Ederren Museoan, 2021ean. MIGUEL TOÑA / EFE

Eta ez da Zugaza bakarrik. 2017an Eusko Jaurlaritzak berak ere «oso zail» ikusten zuen koadroa Euskal Herrira eramatea. Iñigo Urkullu zen orduan lehendakaria, eta Bingen Zupiriak zuen Kultura sailburu eta gobernuaren bozeramaile izateko ardura. Radio Euskadi irratian ia-ia ezinezkotzat jo zuen mugimendua orduan. Hitzez hitz, «ia erabat itxita» ikusten zuen auzia. Mugimenduak eragin zitzakeen kalteengatik, batetik, baina, bestetik, erabaki hori hartzeko ardura zutenek, haren hitzetan, ez zutelako horretarako inolako borondate politikorik.

Bederatzi urte joan dira, ordea, eta Imanol Pradalesek gaur egun gidatzen duen Eusko Jaurlaritzak berriz ere jarri du gaia mahai gainean. Eta, bat-batean, Zugazaren hitzetan jadanik iraganeko historia zena, berriz ere aktualitate bihurtu da. Kolpean, berriz ere zabalik dago Zupiriak 2017an «ia erabat itxita» deskribatutako aukera.

Aldekotasun «ez-ofiziala»

Hala Gernikako Udalak nola Eusko Jaurlaritzak gutxienez zazpi aldiz egin dute formalki koadroaren eskaria: 1977an, 1988an, 1992an, 1997an, 2004an, 2006an, 2007an, eta, azkena, orain. Baina oraingoz inoiz ez da heldu Euskal Herrira.

1997koa izan zen saiakerarik nabarmenetako bat. Bilboko Guggenheim museoa izan zen orduan ere protagonista. Atea irekitzear zuen, baina erabakia zuten Gernika hartzeko lekua. Frank Gehry arkitektoak hala adierazia zuen, behintzat. Areago: arkitektoak Picassoren koadrorako lekua zein zen ere seinalatu zion eskuaz Juan Carlos I.a Espainiako orduko erregeari, bisitan joana baitzen eraikuntza lanak ikusteko.

Baina bide ofizialagoak ere egin zituen eskariak. Van Hensbergenek Guernica liburuan biltzen duenez, museoa zabaldu bezperetan, Madrilera hamaika joan-etorri egin zituen Juan Ignacio Bidartek, museoko lehen zuzendari izango zenak. Eta han, «ez-ofizialki» bazen ere, koadroa Bilbora ekartzearen aldeko jarrera igarri zuen. Eskari ofiziala ere egin zuten, euskal erakundeen babesa jaso ere bai, eta Espainiako Kongresuraino heldu zen debatea.

Dosier luze bat prestatu zuten Guggenheim museokoek. Lekualdatzean egon zitezkeen arazoak zerrendatu zituzten bertan, eta koadroa bertan egotearen aldeko argudioak ere bildu zituzten.

Jose Maria Aznar zen orduan Espainiako presidentea. Gehiengo soilez heldu zen gobernura. Horrek, nolabait ere, behartu egiten zuen Kataluniako CIU koalizioarekin ez ezik Euskal Herriko ordezkariekin ere negoziatzera. EAJ alderdiko ordezkariek baliatu egin zuten aukera, Picassoren lana Bilboko Guggenheim museora hel zedin saiatzeko. Aznar bera ere lekualdatzearen alde aritu zela kontatzen du Van Hensbergenek bere liburuan. Baina hantxe amaitu zen aukera hura ere: koadroa mugitzearen aldeko legez besteko proposamena onartu zuen ordezkarien gehiengoak, bai, baina, era berean, lekualdatzeko teknika egokiak topatzen zirenean baino ez zutela mugituko zehazten zuen gehigarri bat adostu zioten testuari. Eta, beraz, itxuraz baiezkoa zena, de facto, ezezkoa izan zen.

Baiezko tekniko solteak

Ezetz esan zuten Madrilgo Reina Sofiako kontserbatzaileek orduan ere, eta arrazoi tekniko horiek nabarmendu zituzten ordezkari politikoek. Ikerketa tekniko sakona egin zuten, eta kongresu tekniko garrantzitsua antolatu. Mundu osoko 32 aditu bildu zituzten, eta lekualdatzearen kontra azaldu ziren gehien-gehienak. Baina izan zen koadroa Euskal Herrira ekartzeko aukera bideragarri ikusten zuen aditu bakanen bat ere, eta Stephan Michalski Kanadako Kontserbazio Institutuko zientzialari burua gailendu zen gutxiengo hartan, saio haietako esaldirik borobilenetako bat utzita: «Ilargira iristeko gai bagara, zergatik ez gara kapazak oihal bat Guggenheimera eramateko?».

«Eta alor ekonomikoa ere garrantzitsua da», ohartarazi du Ezkerrak. Gernika-k milaka eta milaka bisitari erakartzen zituen New Yorken, eta beste hainbeste egiten du orain Madrilen. Areago. Halaxe egingo luke Euskal Herrian ere. Joseba Zulaika ikertzaileak Historia de una seducción liburuan bildu duenez, Guggenheim konstelazioko buruek onura ekonomikoak oso gogoan zituztela ekarri nahi izan zuten Gernika Bilbora.

Ezkerrak bukatu berri ditu Ipar Amerikako herri natiboen arteari buruzko urtebeteko ikasketak, eta bertan ikasitakoaren ispiluan begiratu dio Picassoren koadroaren debateari. Zehazki, gogoan izan du tewa herriak 2019an berreskuratutako buztinezko ontzi batzuen kasua. Haren hitzetan, tewa herriak ontzi horiei begiratzeko duen moduak aberastu dezake Picassoren Gernika begiratzeko modua ere.

Historia onartzea

Ezkerrak aipatu duenez, AEBetan gaur egun indarrean dagoen legediaren arabera, herri natiboek eskubidea dute eurenak izandako eta indarrez edo amarruz galdutako artelanak bueltan jasotzeko, eta horixe egin dute tewa herrikoek. Mexiko Berriko Rio Grande haranean eta Arizona iparraldean bizi dira tewa herrikoak, eta zeramika lantzeko modu propio bat landu dute XVI. mendeaz geroztik. Mendeetako jazarpenaren eta arpilatzearen ondorioz, ordea, Washingtonen daukate haien arbasoek sortutako zeramika bilduma esanguratsu bat, The American Indian National Museumean gordeta. Pieza horiek bueltan eskatu zituzten, ordea, eta dohaintza luze batean utzi dizkiete. Baina, hain zuzen ere, eskari horrek azaleratutako kontserbazioari buruzko ikuspegiagatik aipatu du kasua Ezkerrak.

«Mendebaldeko kontserbazio ohituren arabera aritu ziren museokoak», azaldu du ikertzaileak, «eta, beraz, dena jaso zuten bezala manten zedin saiatu ziren. Baina indigenentzat poto horiek ez ziren ikusteko sortutako piezak soilik: erabili egiten zituzten. Haientzat, bizirik zeuden. Eta, hain zuzen ere, pieza horien erabilerak erakusten zuen zer garrantzitsuak ziren, eta, beraz, mendebaldeko kontserbazio teknikak baliatuz eta garbi mantenduz apurtu egiten zen zeramika horien bizitza. Objektu horien bizitzaren kontra doa muturreko kontserbazio hori». Eta orduan jarri du Picassoren koadroa ontzi horien ispiluan. «Muturreko kontserbazioa koadroaren historiaren kontrakoa da», azaldu du. «Azken batean, koadroa batetik bestera ibili zen propaganda egiteko, eta horregatik dago dagoen bezala. Eta ibilbide horrek guztiak ez dio kalterik egin koadroari. Aitzitik, erakusten du koadroak ere bizi izan duela historia».

'Gernika'-ren nondik norakoak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA