Bertsolaritza

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea apirilaren 25ean hasiko da

Hogei saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, berriz, 34 bertsolarik lortuko dute.

Beñat Gaztelumendi da gaur egungo Gipuzkoako bertsolari txapelduna. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Gaztelumendi da gaur egungo Gipuzkoako bertsolari txapelduna. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2024ko apirilaren 8a
13:00
Entzun

Gipuzkoa Bertsotan apirilaren 25ean hasiko da aurten, Eskoriatzan, eta ekainaren 2ra bitarte hogei saio jokatuko dira, bi itzulitan. Lehen itzulian hamabi saio izango dira, ostegunetan eta ostiraletan; bigarrenean, berriz, zortzi, larunbatetan eta igandeetan. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko bertsosarrerak.eus atarian.

Lehen itzulian 74 bertsolarik parte hartuko dute, bi multzotan banatuta, eta hamabi saio izango dira guztira. Lehen itzuliko saioetan puntuazio altuena lortzen duten multzo bakoitzeko 23 bertsolariek eta lehen 46 horien artean sailkatu ez diren puntuazio altueneko beste biek —biak multzo berekoak izan daitezke— kantatuko dute bigarren itzulian. Beraz, guztira 48 bertsolari ariko dira bigarren fase horretan. Horietatik 34 sailkatuko dira udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako.

«Bere egitura ez da berritasun bakarra, txapelketaren forma bera ere aldatu baita. Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen barruan», adierazi du, ohar bidez, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Bertsolariek egin beharko dituzten ariketak hemen ikus daitezke.

Bertso eskolak oinarri

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «txapelketako sailkapen fase hau gauzatu dadin ezinbestekoa da lehengaia egotea: bertsolariak, antolatzaileak, gai jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak». Horri lotuta, aurtengo txapelketan bertso eskolek egiten duten lana nabarmenduko dute: «Bertsolaritzaren ekosistema honetan lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso eskolei: jakitun baikara haiek direla aipatutako ekosistema horren eusle».

Hain zuzen ere, aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dute. Unai Gaztelumendik egin du irudia, eta bertso eskoletako lehen belaunaldiko argazki bat du oinarri. «Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur egungo bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak».

Horri lotuta, txapelketaren beste berritasunetako bat da saio bakoitzaren osterako afari-merienda bat antolatuko dutela tokian tokiko bertso eskolek. 

2019an jokatu zen azkenekoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta Beñat Gaztelumendik jantzi zuen txapela, buruz burukoan Agin Labururi gailenduta.

Hau izango da saioen egutegia:

Lehen itzulia

Apirilak 25: Eskoriatza
Apirilak 26: Zestoa
Apirilak 26: Gabiria
Maiatzak 2: Altzo
Maiatzak 2: Zaldibia
Maiatzak 3: Orio
Maiatzak 3: Legorreta
Maiatzak 9: Idiazabal
Maiatzak 9: Getaria
Maiatzak 10: Mutriku
Maiatzak 10: Anoeta
Maiatzak 17: Oñati

Bigarren itzulia
 

Maiatzak 25: Antzuola
Maiatzak 25: Pasaia
Maiatzak 26: Alegia
Maiatzak 26: Usurbil
Ekainak 1: Ataun
Ekainak 1: Elgeta
Ekainak 2: Soraluze
Ekainak 3: Hernani

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.