«Memoria, boterea, egunerokotasuna, hauskortasuna, denboraren jarioa, zaurgarritasuna eta harremanak, azken finean, bizitza orokorrean». Giza bizipen horiek erakusketa batean bildu nahi izan dituzte Yolanda Zugaza eta Fernando Arriola enpresariek. On Being Human: Giza izaeraren esplorazio bat izena jarri diote. Alkar Contemporary arte bildumatik eratorriak dira erakusketa osatzen duten 53 piezak, eta, hain zuzen ere, lagin horrekin inauguratuko dute bildumaren Bilboko egoitza. Zugazak egin ditu komisario lanak, eta Euskal Herriko zein nazioarteko 30 artista baino gehiagoren obrak hautatu ditu erakusketarako. Artista horien artean daude, besteak beste, Elena Aitzkoa, June Crespo, Wolfgang Tillmans, Louise Bourgeois, Anselm Kiefer eta Tracey Emin.
Komisarioaren esanetan, «normalean museoetara joan ohi ez direnak erakartzea» izan dute xede nagusi. Pertsona horiengana «artea gerturatzeko» bisita gidatuak egitea erabaki dute antolatzaileek, eta horietara joatea izango da erakusketa ikusteko modu bakarra. Bisitak astearteetan eta ostegunetan egingo dira, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Ekainaren 16an irekiko dute erakusketa, eta urte batez egongo da ikusgai.
Bisita gidatuak eginez museoetan eta galerietan «arteari begiratzeko dagoen modua saihestu» nahi dutela azaldu du Zugazak, zirraratuta. «Ez dugu nahi jendea egoitzara sartu, begirada bat eman eta irtetea. Guk geuk artearekin sentitzen dugun hori helarazi nahi dugu. Bisitariek artelanari begiratu eta sentitzen dutena adieraztea nahi dugu. Artea eraldatzailea da, eta geure burua hobeto ezagutzeko aukera ere eman diezaguke». Horregatik eskaini diete erakusketa pertsonei, hain zuzen ere.
«Ez dugu nahi jendea egoitzara sartu, begirada bat eman eta irtetea. Bisitariek artelana begiratu eta sentitzen dutena adieraztea nahi dugu. Artea eraldatzailea da, eta geure burua hobeto ezagutzeko aukera ere eman diezaguke»
YOLANDA ZUGAZA Erakusketaren komisarioa eta enpresaria
Artelanen euskarri den eraikina bera ere «oso berezia» da, Arriolaren aburuz. Izan ere, Bilboko Mazarredo kaleko etxabe bat espresuki egokitu dute Alkar Contemporary bildumaren egoitza izateko. Juan Herreros arkitektoak egin ditu birmoldatze lanak: antzina garajea zena hiru solairutan banatu du, eta hamabost erakusgela sortu ditu bertan. Horrez gain, liburutegia, artxiboa eta anfiteatro txiki bat ere eraiki ditu.

Hamabost erakusgela horiek On Being Human erakusketak betetzen ditu orain. Sarrera nagusiaren aurrean dagoen gelan abiatzen da ibilbidea. Zugazak azaldu duenez, erakusketak gizaki izatearen bi alderdiri erreparatzen die: «Alde batetik, memoria historikoaren ikuspuntua dago, gizakiaren bilakaera erakusten duena, eta horri lotuta boterea eta mina. Beste alde batetik, gizaki izate hutsa ere aztertzen du, egunerokoan nolakoak garen, edertasuna, hauskortasuna, nortasuna, gure arteko topaketak…». Gela bakoitzean kontzeptu horietako bat lantzen da, eta Zugazak bertan kokatu ditu giza bizipen horietako bakoitza adierazten duten artelanak.
Hogei urte baino gehiago
Arte garaikideko piezak dira erakusketa osatzen duten obra guztiak. Teknikak eta formatuak, ordea, askotarikoak dira: besteak beste, marrazkiak, olio pinturak, eskulturak, argazkiak eta instalazioak daude.
Zugazak eta Arriolak hogei urte baino gehiago daramatzate Alkar Contemporary bilduma sortzen. Arriolak gogora ekarri duenez, 1992an erosi zuten lehendabiziko artelana, eta «pixkanaka-pixkanaka» osatu dute gaur egunean duten katalogoa: 280 artistaren 550 obra baino gehiago. Nabarmendu du hasieran «ibilbide sendoa» duten artisten obrak biltzen zituzten arren azken urteotan artista hasi berrien eta emakumeen lana sustatzea izan dutela helburu.
Artista ezagunen eta emergenteen lanak bateratzearen ideia hori ekarri dute On Being Human erakusketara ere. Izan ere, jendeak «museoetara helduko ez diren edo oraindik irisi ez diren obrak» ikustea ere bada proiektuaren oinarrietako bat, haren esanetan.