Literatura

'Garondoan', gatazkaren kontakizuna elikatzen ez duen gatazkari buruzko nobela bat

Bere belaunaldiari erreparatu dio Gorka Bereziartuak bere lehen nobelan, baina gazte ziren garaiari: liburuak 2000ko hamarkadan gazte izandakoak ditu protagonista, ETAren armagabetzearen eta garai berri baten artean kokatu zirenak.

Gorka Bereziartua 'Garondoa' nobelaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gorka Bereziartua 'Garondoa' nobelaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko maiatzaren 28a
16:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Akaso zera esango du jendeak: 'Euskal gatazkari buruzko beste nobela bat?'. Horri buruz asko idatzi izan balitz bezala edo baita gehiegi ere». Gorka Bereziartuaren Garondoan eleberriak euskal gatazkaren inguruan mugitzen diren gazte batzuen bizipenak kontatzen ditu; zehazki, 2000ko hamarkadan gazte zen belaunaldiarenak, eta, beraz, ETAren jardun armatuan parte hartzeko adina izan zuen azken belaunaldiarenak. Aritz Galarraga Alberdaniako editoreak argitu du: «Bai, bada euskal gatazkari buruzko beste eleberri bat. Eta, aldi berean, ez da; ez hori bakarrik behintzat». Zalantza egin du editoreak: «Protagonistak millennial-ak ote?». Bereziartuak erantzun dio: «Millennial beteranoak». Izan ere, belaunaldi horretakoa da Bereziartua bera, baina parte izanik ere, ez du uste erraz errepresentatzen den belaunaldia denik: «Bi garairen artean daude: hanka bat euskal gatazkaren amaiera fasean, bestea orain bizi dugun beste zerbaiten hasieran». Hamar urtez aritu da idazten, eta bere lehen nobela izan da emaitza: Garondoan

2011ko urriaren 20an iragarri zuen ETAk armak utziko zituela. Bereziartuaren nobelako protagonistak militanteak ziren ordurako, baina ez zeramaten denbora asko, lauzpabost urte; halere, nahikoa denbora ordurako «gauzak» eginda edukitzeko, eta «atxiloketetatik, espetxealditik eta abarretatik» ez libratzeko. Hiru dira pertsonaia nagusiak: bi hernaniarrak dira, eta bat, donostiarra. Aldiz, nobela Donostia, Bilbo eta Bartzelona artean gertatzen dela kontatu du idazleak: «Pertsonaiak desplazatuta daude, ez daude beren lekuan, baina dauden lekuan ere ez dute topatzen eroso egoteko lekurik, eta, gainera, bizi duten garaiagatik, badirudi gertakari historikoen arrabola gainetik pasatzen ari zaiela». Bost ataletan dago banatua nobela, eta saltoka aritzen da denboran.

Liburuak belaunaldi jakin baten argi-ilunetan arakatzen du, baina bakarra da narratzailea: geldialdi pertsonal eta profesional baten ondotik Bartzelonatik Donostiara itzuliko den idazle frustratu bat. Liburu arrakastatsu bat idatzi zuen han, baina geroztik sormen krisi betean dago, eta bere hurrengo nobelarako material bila hasiko da, ikaskide ohi izandakoen esperientzietan murgilduz. Horra hor liburuaren abiapuntua: «Hogeita zazpi urte neuzkan, eta ez nuen inor hil. Ezagutzen nuen gauza bera esan ezin zezakeen jendea». Eta, hain justu, jende horren bizipenetan murgilduko da narratzailea, pixkanaka, 18 urte zituztenetik haietako batek pertsona bat hil zuen arte gertatutako guztian murgildu ere. Iniziazio nobela hautsitzat definitu du eleberria idazleak. 

Memoria ez-historikoa

Narratzailearen bizimodu katramilatsuaren pareko, liburuan sakondu ahala, haren ahotsa ere «gero eta nahasiagoa, gero eta lausoagoa» bilakatuko da. «Kapitulu lanbrotsuak daude, bai Becketten estiloko dialogoak dituzten atalak, baita kapitulu konbentzionalagoak ere. Estilo nahasketa hori liburuaren konstante bat da», azaldu du Galarragak. Lanbroak girotzen du liburuaren atmosfera, hain zuzen ere, Bereziartuak dioenez «hodei gris batek» biltzen baititu nobelaren eszenak: «Oroitzapenen hodei bat da, baina baita gertakarien pisua daraman hodei bat ere, nobela bizigarriago egiten duena».

«Memoria mekanismo gisa ulertu nahi izan dut: zergatik gogoratzen ditugu gauza batzuk eta ez beste batzuk? Eta nobelaren gakoetako bat dena: zergatik ez ditugu gauza batzuk gogoratu nahi?»GORKA BEREZIARTUA Idazlea

Itxi gabeko kontuak eta behar bezala hitz egin gabekoak sumatzen zizkion Bereziartuak 2010eko hamarkadari: «Egoera berri horri, beharbada, erantzun diskurtsibo bat eman nahi izan zioten, eta, horregatik, azpian gelditu ziren istorio eta bizipen asko, diskurtso horrek estalita». Hain justu, azpian gelditzen diren istorio horiei buruz idatzi du Bereziartuak, «narratiba historikoan» kontatzen ez diren horiei buruz. Eta, beraz, garai jakin batean oinarritu den arren, idazteko orduan ez du memoria historikoa egin edo baliatu; bai, ordea, memoria bera, norberarena. «Ez da gertakariak berreraiki asmo duen nobela bat», kontatu du. «Memoria mekanismo gisa ulertu nahi izan dut: zergatik gogoratzen ditugu gauza batzuk eta ez beste batzuk? Eta nobelaren gakoetako bat dena: zergatik ez ditugu gauza batzuk gogoratu nahi?». Hala, inondik inora ere «gatazkaren errelato» bat egin nahi izan gabe, bizipen pertsonalak eta harremanak izan ditu kontuan, eta pertsonaia zaurgarriak sortu ditu: «Sinesgarriak izan zitezen, pertsonaien alderdi hauskorra erakutsi nahi nuen, eta ez dut pertsonaietako bat ere epaitu».

«Keinu, omenaldi eta erreferentzia literarioz» betea dago nobela; idazleak azaldu duenez, beste fikziozko lanekin elkarrizketan dabilen fikziozko nobela bat delako. Laudorioz bete du Galarragak, eta ohar batzuk eman dizkio irakurleari: «Ez espero gauza linealik, hasi eta buka eramango zaituenik kulunka gozo batean; ez espero gauza manikeorik ere, ona eta txarra bereizten dituenik; ez espero gauza errazik edo errazkerian erortzen denik. Baina batez ere, ez espero eskolako erredakzio lanik, katiximarik edo entzefalograma planorik. Gauza on guztiek bezala, Gorka Bereziartuaren lehen eleberri honek geruza ugari ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA