Gorka Urbizuk entzungai jarri ditu Abbey Roaden grabatutako bi kantuak

‘Diamantea’ eta ‘Zilarra’ kanten bideoak jadanik ikusgai daude BERRIAn. Musikariak ‘Bakan II’ izeneko disko laburrean jaso ditu bi kantak.

'Diamantea' abestiaren bideoklipa. ARRIGURI
Inigo Astiz
2025eko urriaren 22a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abbey Road. Londresko kalearen izena esan, eta ia automatikoki datoz The Beatles taldearen doinuak ahora. Baina Pink Floyd, Stevie Wonder, Oasis eta Amy Winehouse ere pasatutakoak dira hango estudiotik. Eta nolabait ere oihartzun horien bila jo zuen Gorka Urbizu musikariak ere hara. Bi abesti grabatu zituen udan han emandako bi egunetan, eta gaur plazaratu ditu. Diamantea eta Zilarra deitzen dira abestiak, eta Arriguri ekoizpen etxeak sortu ditu haientzako bideoak. BERRIAn ikusgai daude jadanik.

Zilarra abestiaren bideoklipa. ARRIGURI

Londresko estudioko bigarren gelan grabatu zituen bi kantak, zehazki. Musikariak aitortu izan duenez, gaur egun ia museo bat bezalakoa da lekua, eta, horregatik, neketsuak suertatu ziren grabatzera joan ahal izateko egin beharreko hartu-emanak. Bertara sartu zenean, ordea, emozioak gaina egin ziola kontatu izan du Urbizuk. Beldur ere bazela aitortu zion BERRIAri emandako elkarrizketa batean. «Abbey Road oso turistikoa da, eta beldurra ere banuen, ez ote zen plastikozko zerbait izango. Baina ezta inondik ere: goi mailako estudio bat da, eta ikaragarria da han duten mikrofonia».

 

Ez zuen aukera galdu, eta, esate baterako, Paul McCartneyk Ob-La-Di Ob-La-Da kantan erabilitako piano bera entzun daiteke, horregatik, Diamantea abestian.

Bira eta kolaborazioak

Berri Txarrak taldearen ibilbidea amaitu ostean, 2024an kaleratu zuen bakarkako lehen diskoa Urbizuk: Hasiera bat. Urte hartako otsailean hasi zuen bira ere, Donostian. Eta, hain justu, biraren amaieraren hasierarekin egin du bat kaleratu berri duen disko laburrak. Izan ere, 21 hilabetez kontzertuak jotzen ibili ostean, azken emanaldiak baino ez zaizkio falta Hasiera bat izeneko tourrari. Egunotan Bilbon izango da, esaterako, Santana 27 aretoan. Urriaren 31n eta azaroaren 1ean izango dira saio horiek, eta amaitzeko puntu-puntuan dira sarrerak. Ondoren, Iruñeko Baluarten emango ditu kontzertuak, azaroaren 7an eta 8an, eta bira amaitzeko, lau emanaldi eskainiko ditu, azaroaren 13tik 16ra, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Disko luzea kaleratu ostean, bi kantako beste disko labur bat ere kaleratu zuen urte hasieran. Bakan deitu zuen bi kantuko lehen bilduma hura, eta formatu horretako kanta gehiago kaleratzeko asmoa ere iragarri zuen. Herri txiki eta Leihotikan taldearekin batera sortutako Etorkizuna ginenean abestiaren moldaketa jasotzen zituen lehen bilduma labur hark, eta orain heldu da bigarrena, Abbey Roaden grabatutako beste bi kantekin.

Azken hilabeteetan hainbat artistarekin egindako kolaborazioetan ere entzun ahal izan da Urbizuren ahotsa. Tesla bat sutan abestia grabatu du Merina Gris taldearekin, eta Quique Gonzalez musikari espainiarrarekin ere aritu da kantuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.