Hezurretara itsatsita darama iragana Nathalie Mba Bikoro artistak (Bitam, Gabon, 1985). Lau urte zituela medikuek leuzemia diagnostikatu, eta osabarekin egin zuen Gabongo etxetik Herbehereetako eta Frantziako ospitaleetarainoko bidea. Han deskubritu zuen bere burua beltz; beltz eta eri. Klaseko kideen jipoiak, irakasleen bazterketa eta eskola katolikoko mojen irainak: «Zu ez zara duina Jainkoaren ume izateko». Urteak eman zituen Europan sendatzen, eta nagusituta itzuli zen sorterrira, han bere burua zuri igartzeko. Etxekoenaz bestelakoa zen bere hizkera, bestelakoa bere janzkera, eta bestelakoa bere pentsaera. Eta, hain zuzen ere, bi munduren arteko tarte horretan kokatzen du bere jardun artistikoa Mba Bikorok. Migrazio eta identitate narratiba handien zirrikituetan. Eta gorputza erabiltzen du maiz horretarako: «Ikasi egin behar dugu gure gorputza erabiltzen». Performanceak egiten ditu nagusiki, baina baita bideo, argazki eta margolanak ere. Haren litografiak biltzen dituen erakusketa zabaldu du orain Bilbon Kalao galeriak. Uztailaren 12ra arte izango da zabalik, eta han elkarrizketatu du BERRIAk. Bere oraina hezurretatik zintzilik: magalean du lau hilabeteko semea. Lo.
Gorputzarekin oso lotuta daude zure performanceak, eta zure kasuan gaixotasunarekin eta biolentziarekin oso lotuta dago gorputza. Nola erantzuten diozu horri arteaz?
Komunikaziorako dudan lehen modua da, askapenerakoa. Umetan minbiziagatik kimioterapia egin zidatenean, ezin izaten nuen hitzik egin, eta ezin gehiegi mugitu ere. Eta gorputz terapiarekin hasi nintzen. Orain, askapen mota bat da niretzat artea. Zaila izan daiteke ulertzea performanceetan zer gertatzen den, abstraktua delako, baina, era berean, nire ustez, hori da zentzu motarik gardenena. Zenbait gauza gertatu zaizkizunean, gero ezinezko egiten zaizu haiek jokatzea. Nik ez dut biolentziaren irudikapenean sinesten. Gainera, nire lana ez da biografikoa soilik, beste jendeaz ere ari naiz. Hizkuntza bat bilatzen dut hori adierazteko. Artea da horretarako dudan modurik zintzoena. Arnastea bezalakoa da. Heriotza espiritual batera helduko nintzateke sortu ezean.
Baina ez da terapia soila ere, ezta?
Oso lan politikoa ere bada. Arriskutsua da hitz hori, jendeak estereotipoak sortzeko erabiltzen baitu kategoria hori. Ahaztu egiten dugu maiz hitzaren jatorria, baina grezieratik dator, eta gorputzari dagokionari egiten dio erreferentzia. Irudiarekin lotuta dago politika niretzat, gorputzarekin. Ez soilik gorputzaren alde fisikoarekin, baizik eta baita pentsamendu askatasunarekin ere. Ezin zara bizi hori gabe. Ez duzu artista izan beharrik horretarako, baina artista izateak badakar besteekiko eta komunitatearekiko ardura bat. Ez da kontua gauzak egun batetik bestera aldatzea, baizik eta belaunaldiz belaunaldi aldaketa sortzea.
Zure biografia irakurtzean esaldi bat izan dut buruan: kontua ez da zer egiten dizuten, baizik eta zer egiten duzun egiten dizutenarekin.
Oso arriskutsua da. Oso oso kontuz ibili naiz denbora luzez nire biografia kontatzearekin. Gorde egin dut. Beldur nintzen ez ote zion horrek nire lanari gaina hartuko. Baina hainbat komunitatetan aritu naiz lanean munduko txoko batean eta bestean artearekin, eta ohartu naiz kontatu beharra nuela, ez naizelako ari neure buruaz soilik, ari naiz besteez ere. Sortzea da daukagun bakarra. Adornok Auschwitz ondoren artea egiterik ba ote zegoen galdetu zuen, eta erantzuna da egin beharra dugula. Hori da bide bakarra. Goseak zaudenean, fisikoki edo espiritualki, ezer geratzen ez zaizunean, gorputza da gelditzen zaizun azkena. Gorputza da azken erresistentzia gunea. Protesta da hori. Eta hori ere ikusten da historia kolonialean.
Narrazio koloniala zartatzen saiatzen zara zure artearen bidez.
Afrikar artea zer den zalantzan jarri behar litzateke, baina afrikar artistatzat jotzen direnak beti beren herriaz ari direla iruditzen zaigu, beren kulturaz, prozesu kolonialaz... Baina ez dugu ulertzen koloniei buruz hitz egitea historiari buruz hitz egitea dela. Kolonialismoa ekonomia eredu bat ere bazen, botere kontu bat, eta ez soilik zuriei eta beltzei buruzko kontu bat. Baina, zer egin hainbeste biolentziarekin? Niretzat, maitasunari buruzkoak dira nire lan guztiak. Nik ez ditut eraso berdinak errepikatu nahi, komunikatu egingo ditut, opari gisa eman. Zoriontsu naiz horretarako gai naizelako. Bai, maitasuna da nire lanen funtsa. [Umea esnatu, eta hari adi gelditu da une batez].
Azaldua duzunez, Europan afrikar budutzat hartzen dituzte maiz zure lanak, eta Afrikan, zurien budutzat.
Liluragarria da. Begiak zabaltzen lagundu dit. Oraindik ere estereotipotan antolatuta dago mundua. Arrazakeria handia dago oraindik, baita Afrikan ere. Bestelako arrazakeria bat da, baina arrazakeria da, halere. Topagunea oso urrun dugu. Arbaso afrikarrei buruzko malenkonia ikaragarria dago, esaterako, Hego Amerikako diasporan. Asko interesatzen zaizkie errituak. Fetitxizazio bat dago hor. Baina Afrikan ez ditugu erritu horiek egiten. Haientzat bizirik irauteko giltza izan ziren erritu horiek, baina Afrikan gelditutakoek ez dute halakoen beharrik. Kolpea izaten da horregatik diasporakoentzat, itzuli, eta jendea sakelakotik hizketan eta Jay Z entzuten ikustea. Ez dute sinetsi nahi izaten. Emakumezko artista izatea ez dute ongi ikusten Gabonen. Sorgintzat hartzen zaituzte. Gizonena baino ez den lanbidea da artistarena. Emakumea gaztea bazara, arazo bat da. Erraza da haientzat zure gainetik jartzea. Performanceak egiten ari nintzela edo ikastaroak ematen, behin baino gehiagotan atxilotu naute, adibidez. Espetxean edukitzen zaituzte, ilea moztuko dizutela egiten dizute mehatxu, isun handiak ordaindu behar izaten dituzu... Jendeak esaten dit etxera itzuli beharra dagoela, baina ez dago halakorik. Zure sorterriak, eskutan duzun pasaporteak ez zaitu zarena egiten. Maite zaituen jendeak bihurtzen zaitu zarena. Nik neuk, adibidez, beste inon egonik soilik jakin dut nor naizen eta zein den nire familia.
Nathalie Mba Bikoro. Artista
«Gorputza da azken erresistentzia gunea»
Minbizia sendatzeko Europan egindako urteetan jakin zuen Nathalie Mba Bikorok beltza zela, baina sorterrira itzuli, eta zuri ikusi zuten. Eta maiz talka hori du abiapuntu bere sorkuntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu