Azkenaldian sarritan etsipena sentitzera eramaten nau euskal mainstream-a bihurtzen ari den gelako elefantea-k. Kritikatu ezin omen den, eta geroz eta garbiago kultura globalizatuaren isla bilakatzen ari den aparrik gabeko olatuak. Irratia piztu eta estilo ezberdinak, soinu ezberdinak, baina kantuak egiteko formula homogeneizatzaile berbera entzuten nabilela iruditzen zait. Beste nonbaiteko beste artista mainstream batzuen arrakastak kopiatzeko formula. Industria oso bat funtzionatzen duena-ren bila.
Badira, ordea, anbizioa beste era batean ulertzen duten artistak. Norberaren eskuek egin dezaketenaren mugen barruan doinu bat ahalik eta urrunen eramateko bidea hartzen dutenak. Errazkeriaren kontra, haien obsesio eta pasioei forma emateko bilaketaren hautua egiten dutenak. Erresistentzia bat. Hori sentitu dut nik Ibil Bediren Badaezpada albuma entzutean. Baita Ke Leporen Amua edo Saguxarren Airea aldatu egin da lan berriekin. Euskal eszenaren barruan proposamen berritzaile, zintzo eta zinez baliotsuak iruditzen zaizkit. Formularen barruan kabitzen ez direnak.
Dinamika komertzialaren parametroetatik kanpo, edo kontra, beste zerbait proposatzeak arriskatzea dakar. Abestien gehiegizko iraupenak, egitura bizarroegiak edota letren zorroztasunaren ondorioak... pistola bat bezala mehatxatzen. Gaur egitekoak abestia lehen aldiz entzun nuenean pentsatu nuen «qué cabrones», berdin zaie guztiz inprobisatua ematen duen eta hamazazpi zati ezberdin dituen kantu hau argitaratzea besterik gabe. Jakinda mass media-k determinatutako gehiengoaren gustu eta ohituretan ez kabitzea aukera (oso posible) bat dela. Baina gustuak, ohiturak bezala, aldatu daitezke.
Bestaldean ate joka izaten ditugu plataforma digitaletako presentziak, distribuzio eta booking enpresekiko harremanak, enpresa eta bankuek monopolizatutako zirkuituetako eszenatokietan jotzeko aukerak eta beste hainbeste erabaki. «Badakit, zaila da hutsetik abiatzea, dirdiraren lilurari konbikzioz ixkin egitea», diote Ibil Beditarrek ZZE (Zuk Zeuk Egizu) abestian, eta egia da. Baldintzak gure kontra ditugu, eta, gainera, inork ez digu hau egiteko eskatu. Hala ere, egiteko grina sentitzen dugu, modu desinteresatuan. Eta, zalantzarik gabe, askoz ederragoa da emaitza.