Urdaibaiko asmo arranditsuaren azken dantza

Prozedura administratibo konplexu eta beteezinak bezainbeste, proiektuaren aurka altxatu den mugimendu soziala nagusitu da azken urteetan Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuan.

Muruetako ontziolaren inguruan eraiki nahi izan dute Urdaibaiko Guggenheim museoa. BERRIA
Muruetako ontziolaren inguruan eraiki nahi izan dute Urdaibaiko Guggenheim museoa. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko abenduaren 16a
19:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzeko asmoak batez ere azken lau urteotan eman du zeresana, baina ia hogei urte daramatza dantzan. Esan daiteke 2008an sortu zela proiektua, urte hartan jarri baitzuten lehendabizikoz mahai gainean: Bizkaiko orduko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok ekarri zuen hizpidera, Busturialdea indarberritzeko plan gisa. Museoaren egoitza eraikitzeko, Sukarrietako orubea jo zuten begiz. Planak, halere, herren egin zuen hastapenean, ezinbestekoa izango zen bazkideak, Eusko Jaurlaritzak, ez baitzion segidarik eman Bilbaoren proposamenari. Orduko lehendakari Patxi Lopez sozialistak ekologiari erreparatu zion ekonomiari edo turismoari baino gehiago, eta adierazi halako proiektu bat gauzatzeak Urdaibaiko biosfera «hipotekatuko» lukeela. Hurrengo urteetan, aurrekontu murrizketak tarteko, bigarren mailan gelditu zen proiektua, eta epe motzeko asmo izateari utzi zion.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak piztu zuen berriro Bilbaoren asmoa, 2021ean, eta museoa «kosta ahala kosta» egingo zela agindu. Artea eta ingurumena kontzeptu berean saltzeko asmoz betiere, aldaketa batzuk egin zizkion proiektuari; besteak beste, kokagunea aldatu zuten. Hala, Sukarrietako lurrak alboratu, eta proposatu zuen Urdaibaiko Guggenheim museoak bi egoitza izan zitzan: batetik, Gernikako Dalia enpresaren orubea, eta bestetik, Muruetako ontziola. Proiektuak bidea urratuko zuela ziurtatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak berrogei milioi euro jarri zituen.

2008an ez bezala, Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektuak haizea alde izan du bazkide gisa behar dituen instituzioei dagokienez. Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru, atxikimendua adierazi zion planari, eta Espainiako Gobernuak ere keinu bat egin zion iaz, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren bidez berrogei milioi euro transferituta, urteetan pilatutako metal kutsadura garbitzeko.

Iritzi publikoa, ordea, ez du batere alde izan. Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua bideratzen laguntzeko pauso orori erantzun diote herritarrek, eta, 2023an Guggenheim Urdaibai Stop plataforma sortuz geroztik, gero eta handiagoa izan da egitasmoaren aurkako mugimendu soziala. Bi manifestazio jendetsu izan dira tartean, azkena 2024ko urrian, Gernikan. Ordu hartan plataformaren izenean irakurritako adierazpenetan, bereziki gaitzetsi zuten «fundazio pribatu baten gurariak asetzea» eta herritarrak «prekaritatera kondenatzea»: «Onartezina da diru publikoa gutxi batzuen probetxurako erabiltzea, eta onartezina da diru publikoa ingurumena suntsitzeko baliatzea».

Bestelako ekinaldirik ere antolatu du plataformak; esate baterako, sinadura bilketak. Duela hilabete eskas, kultur munduko mila lagunetik gora agertu ziren proiektuaren aurka, eta atxikimendua erakutsi zioten Ez gure izenean! manifestuari. Hartan adierazi zuten ezin zutela onartu «artearen eta kulturaren izenean naturari kalte egitea», gogora ekarrita Unescok Urdaibai biosfera erreserba izendatua duela. Naturagunea babestearen alde egiteaz gain, kulturari lotutako kezkak azaldu zituzten, eta Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari zera galdetu, proiektuaren epe ertaineko kostuei buruz: «Zer aurrekontutatik aterako dira kopuru horiek? Nola eragingo die beste kultur jarduera batzuei, bereziki euskaraz egindakoei?».

Murueta ontziolan ekintza Guggenheim museoaren aurka
Guggenheim museoaren aurkako ekintza bat, Murueta ontziolan. BERRIA

Auziak ere izan dira tartean, bereziki Kosta Legeak ezarritako babes eremua 100 metrotik 20ra murriztu zutenean, Murueta ontziolako orubea museoa eraikitzeko planetara egokitzearren. Greenpeacek auzitara jo zuen horregatik, Espainiako Auzitegi Nazionalera.

Aurtengo otsailean entzuketa prozesu bat jarri zuten abian Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta horrek ere hautsak harrotu zituen. Azterketa «neutroa», «zorrotza» eta «gardena» izango zela ziurtatzearren, Agirre Lehendakaria Centerri eta Columbiako Unibertsitateari (AEB) eskatu zieten prozesua gida zezaten. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak adierazi zuen galdeketa «berandu» eta «bermerik gabe» antolatu zela, eta eztabaidarako oinarriak ezarri behar zirela: «Azpimarratu nahi dugu gaur egun argitara atera ez den proiektu bati buruzko iritzia eskatu nahi dela, proiektuaren ingurumen inpaktuaren txostenaren berri izan barik».

Nolanahi dela ere, Urdaibaiko Guggenheim Muruetako ontziolan jartzearen kontrako iritziak gailendu ziren entzuketan. Bostehun elkarrizketa egin ostean, galdekatutako gehienek kezka adierazi zuten bai museoa Muruetan eraikitzeko asmoagatik eta bai horrek erakarriko lukeen turismo ereduagatik ere.

2023ko abenduan, Bilbao Guggenheim patronatuak bi urteko epea ezarri zuen aztertzeko Urdaibaiko museoa zenbateraino zen bideragarria. Hain zuzen ere, 2024ko urtarrilaren 22an egindako agerraldi batean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak azaldu zuten «hausnarketa fase bat» abiarazi zutela horretarako. Konplexutasun administratiboari aurre egin ezinak bezainbeste herritarren errefusak eta galgak zapuztuta heldu da proiektua epe horren amaierara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.