Literatura

Gurasotasunetik abiatutako lan bana kaleratu dute Nerea Arrienek eta Jon Gerediagak

Kutxa Fundazioa literatura sariaren 58. aldiko irabazleak dira biak ala biak. Arrienek 'Gorputzen aldiriak' nobela plazaratu du, eta Gerediagak, berriz, 'Kontuz, Ikaro!' antzerki lana.

Jon Gerediaga eta Nerea Arrien, gaur Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Gerediaga eta Nerea Arrien, gaur Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko urriaren 8a
15:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi urtetik behin antolatzen dituzte Kutxa Fundazioa literatura sariak. Aldiro antzerki testuak eta kontakizunak saritzen dituzte, bai euskaraz, baita gaztelaniaz ere. Martxoan jakinarazi zituzten 58. aldiko sarituak: Nerea Arrien kontakizunaren alorrean, eta Jon Gerediaga antzerkian. Bakoitzak 15.000 euroko ordainsaria jaso du, eta, gainera, euren lanak Elkar argitaletxearekin plazaratzeko aukera izan dute. Jada eskuragarri daude bi liburuak. Arrienek Gorputzen aldiriak kaleratu du; Gerediagak, Kontuz, Ikaro!.

Guraso batzuk dira Gorputzen aldiriak liburuko protagonistak. Haurrak eskolatik irtendakoan, Masatxutxes izeneko tabernan elkartzen dira egunero, umeak jolasean ari diren bitartean. Kapitulu bakoitza pertsonaia baten ingurukoa da, eta, nahiz eta hasieran kapituluek euren artean zerikusirik ez izan, istorioak elkar txirikordatzen joango dira pixkanaka. «Giza harremanen egitura plastiko bat sortzen da, eta horrek narrazioen arteko ehun hibrido bat sortzen du», azaldu du Arrienek. 

«Liburu hau bazterrekoa den hori besarkatzen duen liburua da»

NEREA ARRIEN Idazlea

Aldiriko auzo batean girotuta dago istorioa, eta, geografikoki ez ezik, pertsonaien emozioetan ere bilatu ditu aldiriak egileak. «Liburu hau bazterrekoa den hori besarkatzen duen liburua da», gaineratu du. Eta pertsonaiak mugan daudela gaineratu du Itzea Urkizu editoreak. Sexu grina, pobrezia, depresioa, tratu txarrak, alkoholismoa... bakoitzak bere motxila du, eta, Arrienen hitzetan, «tentsio» horretan mugitzen dira. Era berean, editorearen ustez, pertsonaia bakoitzak zerbait dauka ezkutatzeko, eta isiltasun moduko bat ondu du idazleak; «isiltasun horrek ahots propioa dauka».

Urkizuk puzzle baten gisan definitu du Gorputzen aldiriak: «Pertsonaia bakoitzaren begiradatik zerbait berria deskubrituko du irakurleak, eta puzzlea osatuz joango da». Arrien pertsonaia horien inguruko ipuin laburrak idazten hasi zen proiektua abiatu zuenean, eta, pixkanaka, narrazioen arteko kohesioa lortuta ondu zuen nobela. Idazketa bera ere periferikoa izan dela kontatu du egileak; hizkuntzarengatik, adibidez, ahozkotasuna gailentzen baita istorioan.

Mitotik tiraka

Ikaroren mitotik tiraka sortu du Gerediagak Kontuz, Ikaro! antzerki testua. Ikaroren aitak hego batzuk egin zizkion semeari, hark hegan egin zezan, baina abisu bat ere eman zion: «Ez egin hegan altuegi». Egilearen ustez, gai mitologiko unibertsala lantzen da mito horretan: «Behinola gertatu zena baino gehiago, behin eta berriz gerta daitekeen hori azaltzen du». Mitoa abiapuntutzat hartuta, pertsona baten haurtzarotik helduarorako antzezlan bat ondu du. «Irakurtzeko erraza izatea nahi nuen, eta, aldi berean, trinkoa eta geruza askotakoa». Aktoreek eta panpinek osatutako lan bat da.

«Irakurtzeko erraza izatea nahi nuen, eta, aldi berean, trinkoa eta geruza askotakoa»

JON GEREDIAGA Idazlea

Antzerki testuak eta poesia kaleratu izan ditu Gerediagak, eta, Xabier Mendiguren editorearen ustetan, bi arlo horiek uztartu ditu egileak orain: «Bi horien arteko erdigune bat izan daiteke».

Bi alaba ditu Gerediagak, eta bere burua mitoarekin alderatu du. «Ikaroren aitak bezala, hegoak eman nahi izan dizkiegu, hegan libre egiteko. Baina, guraso gehienek bezala, kontuz ibiltzeko ere esan diegu». Baina ez soilik etxekoei, hegan egin nahi duen edonori ere zabaldu dio mezua egileak: «Egizu hegan, baina kontuz ibili, eta, batez ere, gozatu bidaiaz, merezi du eta».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA