Donostiako 70. Zinemaldia

Gure Zinema sortu dute, sektorea biltzeko plataforma

Euskal ikus-entzunezkoen sektorea sustatu nahi du egitasmoak. Ikusleak erakartzeko asmoz, promozio bereziak eskainiko dituzte

Gure Zinema plataformaren aurkezpena, atzo, Donostiako Kursaalean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Gure lanak ez dira besteenak baino hobeak, ezta txarragoak ere, baina guk ondoen ulertzen ditugunak dira, gure lagunak bezala; ez dira ez hobeak, ez okerragoak, baina hoberen ulertzen gaituztenak dira. Halaxe gertatzen da gure zinemarekin ere». Umore tonuz aurkeztu zuten, atzo, Sara Cozar eta Joseba Usabiaga aktoreek Gure Zinema plataforma berria. Donostiako 70. Zinemaldiaren testuinguruan, euskal ikus-entzunezkoen sektorearen parte handi bat bildu zuten horretarako, eta ospakizun jarrerarekin aurreratu egitasmo berriaren nondik norakoak.

Funtsean, bi helburu nagusiri erantzun nahian jarri dute martxan Gure Zinema: Euskal Herrian egindako zinema pantaila handian ikustera bultzatu nahi dituzte zaleak, batetik; eta euskal zinemaren ekoizpenean eta eragileen arteko aliantzan eragin nahi dute, bestetik. Cozar: «Euskadin sortutako eta garatutako zinemaren kate guztia indartu nahi duen marka bat da, eta esan dezakegu bertako sektoreari loturiko elkarte eta erakunde guztiak batu direla proiektura». Besteak beste, Apika, EPE-APV, Ibaia ekoizleen elkarteak; Euskadiko Zine Aretoen Elkartea, EITB, Donostiako Zinemaldia, Zineuskadi, Euskal Gidoigileen Elkartea, Aktoreen Batasuna, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zine klubak aipatu zituzten. «Hots, sektore guztia, produktoreetatik zuzendarietara, aktoreetara, aurkezleetara... film bat egitea ahalbidetzen dutenetatik, zinema aretoetan ikusterainoko bidea posible egiten dutenenganaino».

Euskal zinemaren «kalitatea» nazioarteko zinema jaialdietan aitortu dutela ekarri zuten gogora, eta jostari aritu ziren kanpoko sarien itxura antzezten, asmatzen zuenari sarrera bi emango ziotela aginduz. Usabiagak besoak gurutzatu eta bekozko iluna jarri zuen, esaterako, eta berehala asmatu zuen publikoak. «Goya!». «Horixe. Nikparte hartu nuen film batek hamar eraman zituen; nik neuk bakar bat ere ez. Baina, tira, horregatik da gure zinema».

Sariez harago, zinemak ekartzen duena hainbat zabalagoa dela erantsi zuen Cozarrek: «Emozioak, gogoetak eta gure kulturaren ikur bihurtzen diren istorioak ematen dizkigu».

Webgunea abian

Plataforma berria hilabeteetako lanaren ondotik aurkeztu dute,eta «sinergia» horretan sakontzeko borondatea azpimarratu zuten atzo, «zabalkunde prozesuak hobetzeko» nahia agertzearekin batera. Animazioa eta film laburrak bilduko dituztela ere aipatu zuten zehazki, eta euskara egitasmoaren «oinarrian» egongo dela adierazi.

Ikusleak aretoetara joateko, berriz, promozioko materiala sortuko dute. Oraingoz, halaber, abian jarri berri duten webgunean erregistratzeko aukera zabaldu diete (Gurezinema.eus); hala egiten dutenek aurrestreinaldien, sustapenen eta bestelako eskaintza berezien berri jasoko dute. Usabiaga: «Gure Zinemak epe luzeko proiektu bizia izan nahi du, proiektu bizi bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.