Kattalin Barcena
Bi ahotsetara

Guztiona den kantua

2026ko urriaren 4a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Famatua izatea eta popularra izatea ez da gauza bera. Famatua masen artean ezaguna egiten da, edo egiten dute. Popularra, berriz, masak bere egiten du. Agian horregatik urteetan ez nuen jakin Mercedes Sosak abesten zuen kantu hura, bizitzari egindako kanturik zintzo eta ederrenetako bat, zurea zenik ere, Violeta Parra.

Gaur 108 urte pasatu dira jaio zinenetik. 1917ko urrian jaio zinen (nahiko klixe zure partetik), hamar anai-arrebetatik seigarrena zinen. Ama nekazaria eta aita irakaslea. Gazte-gaztetatik egin zinen musikaria, artista eta komunista. Alde batetik bestera zeharkatu zenituen Txileko bazterrak, Atacamako desertutik Chiloera, ahozko transmisioan oinarritzen zen tradizio musikal popularra ikasiz, erregistratzeko eta ondoren zabaltzeko. Latinoamerikako kantugintza konprometituaren erreferente izan zinen. Eta hori gutxi balitz bezala, Parisko Louvrera eraman zenituen 1964an zure arpillera eta margoak, eta bertan erakusketa bat egiten zuen lehen artista plastiko latinoamerikarra bihurtu zinen.

Zure décima famatu batek zioen ez zenuela zure buruarengatik protestatzen, ezer gutxi baitzinen, pobrearen aldarria zaborretara doalako baizik. La carta-n kontatzen zenuen zera esan zizula goiz batean postaz heldutako gutun batek: zure aberrian ez zegoela justiziarik. Gosedunek ogia eskatzen zutela, eta miliziak, berriz, beruna haientzat. Eta zuk, «por suerte tengo guitarra para cantar mi dolor». Fusilaz jantzitako artea aukeratu zenuen. Eta munduan zehar zabaldu. Pentsa gaur egun Larrabetzuko neska gazte batek zure letren artean bilatzen dituela esateko moduak.

Maputxearen borroka, nekazariaren lurra, langilearen gosea, etorkizuneko desirak eta beldurrak, maitasunaren pena eta zoriona. Zer da, ba, kantugintza popularra bizipen kolektiboei doinua jartzea ez bada? Asmo handiak izan ditzakeen jendeaz eta bizitza arruntaz abestea.

Mende baten ostean oraindik sentitzen zaitugu berri, eta dena zor diogu historiari. Horregatik, batzuk oraindik ere gauza antzekoei buruz abestu nahian gabiltza. Zuk esaten zenuen bezala, «a la dicha y al quebranto, los dos materiales que forman mi canto, y el canto de ustedes que es el mismo canto, y el canto de todos que es mi propio canto». Eskerrik asko, Violeta. Zure distirak argitzen gaitu oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA